Izadi eta preso dauden bere gurasoen eskubideak errespeta ditzatela eskatu dugu Bilbon SINDIKATUEKIN BATERA
Izadi, hori da zerrenda luze baten azken izena. Izadi da, orain arte, Espainiako kartzelan dagoen azken
umea, eta urtarrilaren 23an, 3 urte beteta, gurasoengandik banatuko dutena. Espainiako kartzela
ezberdinetan egon ondoren, azkenean EHra etortzeko garaia du Izadik ere.
Egindako lanaren ondoren eta gizarte zibilaren zein eragile politiko, sindikal eta sozialen bultzadari esker,
Izadik jada ez ditu ehunka kilometro egin beharko gurasoak ikusteko. Pozez hartu genuen gurasoak EHra
ekartzeko erabakia, eta pozez ere aitarekin egoteko izango duen aukera. Baina, dena ez da nahiko
genukeen bezalakoa, eta, tamalez, amarekin egoteko oraindik denbora itxaron beharko du.
Izadi, orain, beste 80 haurren kasuan bezala, beren gurasoei ezartzen zaizkien salbuespenezko neurriak
jasan beharko ditu. Espero dugu datozen hilabeteetan salbuespen-neurri horiek aldatzen joatea eta
eragiten duten sufrikario guzti horrekin amaitzea.
Espero dugu lehen bai lehen Izadik Algortan gurasoak besarkatu ahal izatea, eta legeak dioen bidea
oztoporik gabe ibili ahal izatea.
100 egun pasa dira Jaurlaritzak espetxe-eskumenak dituenetik. Sarek espero du hartuko dituzten
erabakiek etorkizun hobe baterako bide ematea, eta, horretarako, salbuespen-neurriak atzean uztea eta
preso guztiei lege arrunta aplikatzea. Eta kasu honetan ere, umeen eskubideak kontuan hartzea, Euskal
Herrian familia-moduluen arloan dagoen gabeziari aurre egiteko bideak zabalduta. Finean, haurren
eskubideez eta preso diren pertsonek guraso izateko eta familian bizitzeko duten eskubideaz ari baikara.