“Elkarbizitzarako. Bakera. Etxerako BIDEAN” lelopean Bilboko kalean berriro ere milaka pertsonen aldarriaz bete asmo ditu Sarek datorren urtarrilaren 8an
Aurten, milaka eta milaka pertsona biltzea espero dugu “Elkarbizitzarako. Bakerako. Etxerako BIDEAN” lemapean. Lelo honekin adierazi nahi duguna zera da; bizikidetzarako eta bakerako bidea egiten ari garela, etxerako bidea egiten ari garela.
Hala egiten ari garela uste dugulako. Argi dugulako orain arte eman ditugun urrats guztiak beste pausu bat direla bide horretan. Bizikidetza ezinezkoa delako euskal presoei aplikatzen zaien salbuespen-legeriak eragindako eskubide-urraketa desagertzen ez bada. Eta, etxerako bidea egiteko, espetxe-politikan hain beharrezkoa den erabateko aldaketa sustatzeko, funtsezkoa delako bizikidetzaren eta bakearen bidean aurrera egitea. Biak ala biak, elkarlotuta doaz.
Elkarrekin gaude bide horretan aurrera egin nahi dugun guztiak, sufrimendua desagerrarazi nahi dugun guztiak, eskubideen urraketa behin betiko amaitzea nahi dugun guztiak, eta konfrontazioaren aroa atzean utzi nahi dugun guztiak. Elkarrekin egiten ez badugu, bakoitzak bere aletxoa jarrita, erantzukizunez eta errespetuz, eta, batez ere, aurrera egiteko gogoa argi adierazita, ezinezkoa izango baita.
Saretik behin baino gehiagotan esan dugu positiboki baloratzen dituela azken urte honetan egin diren aurrera urratsak. Izan diren, presoen hurbilketak, dudarik gabe, senideen zama arintzea ekarri du presoak bisitatzeko distantzia luzeak murriztean, baina ez dezagun ahaztu gaur egun 104 preso daudela oraindik ere EHtik urrun, eta honela haien eta haien familien eskubideak urratzen dituztela. Ez dezagun ahaztu, ezta ere, % 94k bigarren graduan jarraitzen duela, eta 10 baino ez direla hirugarren graduan dauden presoak, egoera horretan 70 preso egon beharko liratekeenean, eta horietatik 52k eskubidea dute jada baldintzapeko askatasunean egoteko. Preso horien % 90ek espetxe-baimenak izateko aukera izan beharko luke, horretarako zigorraren dagokien zatia beteta dutelako. Guzti horri, justiziaren jarrera politikoa eta ideologizatua batzen zaio. Espetxeetako Juntatik gradu-progresioren bat edo espetxe-baimenen bat lortzen dutenean, ANk errekurritu, blokeatu eta geldiarazi egiten ditu erabaki horiek. Atzeraeraginezko kasuak ere gertatzen hasiak dira: hirugarren gradura igarotako presoak, horri esker kalean baldintzekin direnak, espetxera eta bigarren gradura itzultzera behartuaz. Hauek adibide batzuk baino ez dira. Horregatik, dei egiten diogu herritar orori urtarrilaren 8an, 17: 00etan, la Casillatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera. Mobilizazio hori alderdi politikoekin, sindikatuekin, elkarteekin eta erakundeekin batera egin nahi dugu. Denok batera, elkartuta egin ezean ez dugulako lortuko. Jarrai dezagun bidean. Orain da unea. Urtarrilaren 8a baino lehen, Sarek hainbat topaketa antolatuko ditu arlo juridikoko eta akademikoko adituekin, guzti honi buruz eztabaidatu ahal izateko. Eta urtarrilaren 8an, goizetik, Euskalduna Jauregian, gure herriko ordezkaritza politiko, sindikal eta sozialarekin elkartuko gara berriro. Horiekin guztiekin, Sarek gure herriaren etorkizunari buruz egiten duen hausnarketa partekatuko du, bizikidetzan eta errespetuan oinarrituta.