Iñigo Gutierrez euskal presoaren espetxeratzea salatzeko elkarretaratzeAK ALGORTA ETA IRUÑEAN
Gaur Algortan eta Iruñean mobilizatu gara, Iñigo Gutierrez euskal presoaren espetxeratzea salatzeko. Izan ere, kartzelako tratamendu-batzordeak hirugarren gradua emateko erabakia hartu ondoren, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak erabakia atzera bota du. Ondorioz, Iñigok espetxera itzuli behar izan du, hirugarren graduan izateko baldintza legal guztiak betetzen dituen arren. Erabaki honek bizikidetzarako bidea oztopatzen du, salbuespenezko espetxe politika indarrean mantentzea dakarrelako.
Iñigona ez da kasu bakarra. Duela egun gutxi Jon Krespori edo lehenago Unai Fanori ere egoera bera bizitzea tokatu zitzaien. Errepikatu beharrean gaude: espetxeetako tratamendu-batzordeek gradu-progresioak edo espetxeko baimenak onartzen dituztenean, irizpide profesionalen arabera hartzen dute erabaki hori. Legea arrunta aplikatuz, irizpide horiek dira baimenak lortzeko kontuan izan beharrekoak, baina Fiskaltzak eta Audientzia Nazionalak, legeari eta espetxeetako tratamendu-batzordeei muzin eginez, eta presoak duen espetxe-bilakaeraren berri izan gabe, bere irizpide propioak ezartzen ditu.
Hori gutxi balitz, Iñigoren kasua are gogorragoa da, IZADI, duela hilabete exkax hiru urte bete zituen umeak, bere gurasoekin kartzelan 24 orduz egotetik urtean 24 ordu egotera pasa zelako, eta ama kartzelan mantentzea gogorra balitz, orain aita ere kartzelara bueltatu behar izan da. IZADI aitonamonen zaintzapean geratu behar izan da, bere familia eta gurasoekin egoteko eskubidea guztiz urratuta, eta egoera hau berehalakoan aldatzea eskatu nahi dugu.
Salbuespeneko espetxe politika atzean utzi eta legedi arruntaren aplikaziorantz doan aldaketa oztopatzeko jarrera argiaren aurrean gaude. Jarrera horren oinarrian irizpide ideologikoak eta politikoak baino ez daude, eta, argi eta garbi, iraganera garamatzate. Herri honek, behin eta berriro adierazi du aurrera egiteko eta elkarbizitzaren alde urratsak emateko duen desira eta konpromisoa. Halako jarrerak, nahi hori kolpatzen dute zuzen-zuzenean. ETA desagertu zela 10 urte igaro eta, alde batetik zein bestetik arduraz eta enpatiaz betetako urratsak ematen ari diren garai honetan, ulergaitza da oraindik ere, mendekua, samina eta eskubideen urraketan oinarritutako erabakiak hartzea.
Gaur, hemendik Basauriko espetxeko tratamendu-batzordeari eskari zehatz hau helarazi nahi diogu: Iñigo Gutierrezek hirugarren graduan egoteko eskubidea eta baldintzak betetzen dituenez, berriro ere hirugarren gradurako progresioa aztertu eta berretsi dezala.