LIZARRALDEA | ELKARBIZITZA ETA BAKEAREN BIDEAN…LIZARRALDEAK PRESOAK ETXERA

LIZARRALDEA | ELKARBIZITZA ETA BAKEAREN BIDEAN…LIZARRALDEAK PRESOAK ETXERA

Jarraian idazki hau sinatzen dugun pertsonok, elkarbizitzaren zein normalizazio politikoaren bidean gure aportazio txikia egin nahi dugu. Lizarraldean sorturiko iniziatiba honek, beste hamaika herrietan ematen diren helburu berdineko iniziatibekin batera, gure jendartearen gehiengoaren sentimenduarekin bat egiten duela uste dugu.

Jendarte honek, aurrerapausoak ematen jarraitzen duela uste dugu oinarrizko printzipio demokratikoen garapenean zein oinarrizko giza eskubideen errespetuan ere. Hala ere, egungo espetxe politikari dagokion legedian, interpretazio zein aplikazio aldaketak eman behar direla ikusten dugu, beti ere elkarbizitza zein normalizazio politikorako aurrerapausoak suposatuko dituztenak. Zehazki, iraganari dagokion salbuespen
neurrien bukaera beharrezkoa da; sufrimendu zein min izugarrien adierazpenen desagerpena biziki zailtzen duelako.

Dispertsioan oinarritutako espetxe politikak ondorio latzak ekartzen ditu giza zein gizarte alorrean. Batez ere, preso diren pertsonen zein haien famili eta adiskideengan, pertsonengan.

Erauzte sozial eta familiarra, isolamenduak sortzen dituen osasun ondorioak, distantziak eragiten dituen desplazamenduek dakarten arriskua, bai zein dispertsioak familiei suposatzen dizkien koste ekonomikoak ez datoz bat zuzenbide estatu batek bermatu behar dituen giza eskubideen babesarekin, gutxiago ere egungo jendartean bizi dugun errealitatearekin, ezberdina dena politika hauek ezarri ziren garaiekin alderatuta.

Horrela, bi estatuetako instituzio zein arduradun politikoak interpelatu nahi ditugu, ahalik eta azkarren, hurrengo neurriak har ditzaten:
1. Isolamendu, urruntze eta dispertsioari bukaera ematea, preso diren pertsonekiko zein haien familiarrekiko oinarrizko eskubideen urraketa suposatzen dielako.
2. Salbuespen neurriekin bukatzea, ulertzen dugulako preso diren pertsonek haien ibilbide legal propioa egiteko oztopo nagusia direla.
3. Egungo legediaren aplikazioan, baldintzapeko askatasuna ezartzea gaixotasun larriak dituzten pertsona preso guztiei.
4. Baldintzapeko askatasuna aplikatzea haien zigorren hiru laurdenak bete dituzten pertsona preso guztiei.
5. Europar zuzenbide penalaren ildo orokorrarekin bat eginez, izkutuko bizi osoko zigorrekin bukatzea.

Bukatzeko, aurretik aipatzen diren aldarrikapenak publikoki defendatzeko konpromezua hartzen dugu, bai zein urtarrilaren 9an Estella-Lizarran eta Lodosan ospatuko diren mobilizazio ezberdinetan parte-hartzeko asmoa, “Elkarbizitza eta bakearen bidean…Lizarraldeak, presoak etxera” lelopean.