Urtero egin ohi dugun moduan, lehengo urtean ere hemen bertan geunden euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen aldeko aldarrikapenak hirian zehar zabaltzeko asmoz. Urtebete igaro da eta egoerak ere aurrera egin du nabarmen urtebetean. Garako azalean azaltzen den zifratxoak 130 zion lehengo urtean manifestazioa egin genuenean, aurten 110 dio. Lehengo urtean 63 ziren oraindik beraien zigorrak erregimen itxian betetzen ari ziren euskal presoak. Gaurko egunez, 50 dira. Nabarmena da urtebetean aurrera egin dugula. Beste adibide bat, aurreko urteko Aste Nagusian oraindik ezezaguna zitzaigunn frantziako zigorren konputoan eragin duen lege aldaketa da.
Aurrera egin dugu, bai. Baina badugu zer aurreratua oraindik euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen aferari dagokionean. Orain aipatu berri dugun konputoaren lege aldaketak, ia urtebete badarama ere indarrean, oraindik 4 ebazpen besterik ez ditugu ezagutu. Badugu zer aurreratua. Gipuzkoarrak diren 43 presoetatik ere, 18 dira oraindik beraien zigorrak erregimen itxian betetzen ari direnak. Badugu zer aurreratua.
Aurrera egiteko ordea aurrean ditugun oztopoak gainditu behar ditugu, eta oztopo horiek, salatzen daramatzagun salbuespen lege eta politikak dira. Orain 20-25-30 urte sortutako legeak dira oraindik indarrean jarraitzen dutenak, orduan ere salbuespenezko lege zirenak, egun are salbuespenezkoago bihurtzen dira euskal herriak aurrera egin ahala lege hauek indarrean jarraitzen badute. Legeez gain, salbuespen politikekin amaitzea ere ezinbestekoa izango zaigu behin betiko konponbidean aurreatu nahi badugu. Beste edozein arrazoirengatik espetxean zigorra betetzen ari diren presoei aplikatzen zaizkien irizpideak aplikatuko balitzaizkie euskal presoei, %100a bere zigorraren azken urteak etxean betetzen legoke. Beraz, etorkizunera aurrera egin nahi badugu, ezinbestekoa zaigu biekin amaitzea, salbuespen lege eta politikekin.
Amaitzeko, azken aldian modu bortitzean ari gara sufritzen gure aldarriekiko zenbait arduradun politiko eta alderidiren aldetik iristen zaizkigun kriminalizazio kanpainak. Zilegi, legezko eta demokratikoak diren aldarriak kriminalizatzeko nahia somatzen da zenbait alderdi eta lobbyetatik. Guk gurean jarraituko dugu. Konponbidearen bidetik, elkarbizitza agertokietara jauzi egitea ahalbideratuko digun bakea lortzeko lanean jarraituko dugu aurrerantzean ere eta hori, batetik, biktimek horrenbeste behar eta merezi duten egiaren, aitortzaren eta erreparazioaren eskutik etorriko da. Baina bestetik, ezinbestekoa izango da elkarbizitza agertokietara jauzi egin nahi badugu konponbide osoa eskuratzea, ezinbestekoa izango da euskal preso, iheslari eta deportatu guztiak etxean izatea.
EUSKAL PRESO, IHESLARI ETA DEPORTATUAK ETXERA!






