📸 2024ko ekimena. Argazkia: Aitzol Zamalloa. 

 

 

Abenduaren 7an, 12:00etan, Landakon -Durangoko Azokaren kanpoaldean- II. Etxera Kantuz topaketa herrikoia antolatu dugu Ezin da gehiago luzatu dinamikaren baitan.

“Ezin da gehiago luzatu” dinamika, euskal preso, iheslari eta deportatuek pairatzen dituzten salbuespen egoerak salatu eta gatazkak eragin dituen ondorio guztiei aterabidea eskatzea du helburu. Halaber, bakea, elkarbizitza eta konponbidearen behin betiko agertokia aldarrikatzea.


Ekimena Landakon hasiko da, ekitaldi xume batekin. Bertan izango dugu Xiberoots taldearen emanaldia formatu akustikoan, Unai Iturriagak irakurriko du hainbat kulturgilek sinatutako adierazpena, eta azkenik, Bego Atxaren hitzartzea. Ondoren, Kantuz-ari ekingo diogu Landako gunetik abiatu eta alde zaharrerako bidean hainbat geldialdi eginez.

Bigarren urtez jarraian antolatu dugu Kantuz topaketa hau Durangoko Azokaren testuinguruan, uste baitugu kultur eremutik ere euskal preso, iheslari eta deportatuen etxerako bidean eta elkarbizitza agertokietara jauzi egiteko norabidean, urratsak eman daitezkeela.

Bukatzeko Kantuz talde, eta zale norbanakoei, deialdia luzatu nahi genieke topaketa honetara bertaratzeko, kantua eta aldarrikapena uztartuko dituen ekimen herritarrera.

Gonbidatuak zaudete!