Uda betean gaude jada, eta Bilboko Aste Nagusia ate joka daukagu beste behin ere. Gure Bilbo zaharra, berriz ere, 9 eguneko festan murgilduko da. Parranda, musika eta dantza egunak izango dira, lagunekin topa egiteko egunak eta, baita, milaka une edo momentu berezi bizitzeko egunak ere. Elkartzeko eta elkar besarkatzeko egunak, baita ere. Eta Bilbo eta Euskal Herria mundura zabaltzeko egunak, noski. Baina festaren magian murgiltzeko gogoa badugu ere, ezin dugu ahaztu urteetako gatazkak ondorio larriak utzi dituela gure Herrian eta oraindik ere, ondorio hoiek sufritzen ari diren herritarrak dauzkagula Bilbon zein Euskal Herrian.

Esan genuen aurreko urtean: Mari Jaia ez dugu inoiz atzeraka ibiltzen ikusiko. Aurrera besterik ez du egiten eta auzotar eta herritar ezberdinekin elkartzea du bere jomuga nagusia. Geldirik eta leku isolatu baten egongo balitz, ez luke izango herritarrek esleitutako funtzioak betetzeko aukerarik izango, ez lituzke Bilboko txoko ezberdinak jaiez, alaitasunez eta berdintasunez asetuko eta gure aste nagusia ez litzateke jaia izango bere osotasunean, ez litzatekelako elkarbizitza guztiz bermatua egongo. Euskal preso iheslari eta deportatuek pairatzen duten salbuespenezko egoerarekin, berdina gertatzen da. Gure gizarteak, gatazkaren zauri mardulenak gainditu ditu; urteak darama elkarbizitza eta konponbide demokratikorako prozesuaren bidean murgilduta. Mari Jaiak Aste Nagusian egiten duen bezala, eskubide urraketarik gabe ideiak askatasun osoz eztabaidatuko diren Herri bat desiratzen dugu. Zentzu berean, presoen etxeratze prozesua oztopatzea helburu duten salbuespen legeak, gure Mari Jaiari bidea oztopatzeko asmoekin bide erdian paratzen direnak bezala aritzen dira. Eta guk ez dugu horrelako Bilbo edo Euskal Herririk nahi. Ez dugu oztopoz eta trabaz beteriko Bilbo edo Euskal Herririk nahi. Horregaitik, beste behin ere, salbuespen legeen kontra eta gatazkak utzitako ondorioak gainditzearen alde oihu egiteko bildu gara gaur hemen.

Hamarkadak daramatzagu presoen etxeratzea aldarrikatzen eta benetan uste dugu badela garaia “Etxera” aldarria erreibindikazio izatetik guztion lorpen izatera pasatzeko. Presoak eta euren senideak ez ezik, lorpen horrekin jendarte guztiak irabaziko lukeelako. Izan ere, lorpen horrek benetazko elkarbizitza agertokietara hurbilduko gintuen, horrek Herri honek behar duen benetazko bakea ere helburu gauzagarriagoa bihurtuko lukeelarik.

Bide horretan, abuztuaren 22an, “Bizkaiko Etxera Egunean” parte hartzera deitzen ditugu bilbotarrak, beste herrietatik etorriko diren norbanakoekin batera preso, iheslari eta deportatuen aldeko aldarria lau haizeetara ozen oihukatzeko. Lehenengo hitzordua 13:00etan izango da, plaza eliptikan hasi eta udaletxean amaituko den MANIFESTAZIO girotsuarekin. 15:00etan, Herri Bazkari bat egingo da txosnagunean eta amaitzeko 17:30etan, atzekalden, ekitaldi xume bat eta, ostean kontzertua egongo da Loita Amada talde galegoaren eskutik.


BILBO