SARE HERRITARRAK Irailaren 29-tik Urriaren 2-ra, gau eta egun atsedenik gabe, Nafarroa Osoa zeharkatuko duen Martxa ibiltaria (350 Km) aurkeztu du
Ibilian-ibilian egin dugu Iruñeko Zitadela inguratzen duen harresiaren bidea. Iruñeko Zitadela hori eraikitzea agindu zuen Felipe II errege espainolak hamaseigarren mendean. Bost puntadun izarraren itxura zuen plantak. Punta bakoitzak norabide guztietatik etor zitezkeen erasoak kontrolatzeko aukera ematen zuen. Eraikin militarraren helburua: hiria zigortzea, herritarrak kontrolatzea, Joanes Albretekoari zioten atxikimendua apalaraztea.
Presoak zigortzea, kontrolatzea, Euskal Herriarekiko atxikimendua apalaraztea zuen helburu mila bederatziehun eta laurogeita zortzian abian jarri zuten dispertsio politikak. Hogeita hamabost preso hil dira espetxean, azkena Igor González. Urruneko gotorlekutan atxikita, zigor erantsia ezarri zieten senideei ere bai: kilometro asko egin behar errepidean, neke fisiko eta mentala, diru xahuketa eta heriotza. Natividad Junco da, gaur arte, hamasei izeneko zerrenda luzearen azkena.
Legea erabili zuten eskubideak ukatzeko, legearen interpretazio ankerrena egin zuten espetxe politika gizagabea abian jarri eta bideratzeko.
Ibilian-ibilian eta pixkanaka bada ere presoen egoera aldatzen ari da. Hiru hamarkada baino gehiago behar izan ditugu. Egoera berria pertsona askoren esfortzuei esker lortu da: Euskal Herriko hiritar, alderdi politiko, sindikatu, hainbat eta hainbat herri eragile, instituzio eta noski, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideei eta hainbat biktimen esfortzuari esker.
Hala ere ez dugu lortu oraindik presoen korapiloa erabat askatzea. Atzean utzi nahi ditugu legea eskubideak urratzeko erabiltzen ziren garaiak. Atzean utzi aurrera egin nahi dugulako, aurrera egin ahal izateko, baina noraino? Presoak etxean izateraino. Eta horretarako, denak behingoz, etxerako bidean jarri behar ditugu.
Ibilian-ibilian egin behar dugu hemendik aurrerako bidea ere. Argi izanda oraindik bide luzea dugula egiteko. Jakin badakigu eginahala zaila dena, baina beste urrats bat egiteko asmo irmoa dugu. Behin betiko urratsa: etxera ekartzeko bidea hastea. Orain ETXERAKO BIDEAN jartzeko unea da.
Nafarroan indartsu ekin nahi diogu bigarren fase honi eta ekimen esanguratsu bat aurkezten ari gara gaur hemen. Irailaren 29tik urriaren 2ra, Lesakatik Berriozarrera, gau eta egun, herrialde osoa zeharkatuko duen martxa ibiltaria izanen da geure buruei jarri diogun erronka berria. 350km-tako martxa ibiltaria. Herriz-herri, auzoz-auzo zabaldu nahi dugun erronka eta gaurtik hasita oihartzuna eman nahi diogun ekimena.
Gotorleku eta harresi politiketatik, salbuespenetik, gizatasuna eta bizikidetzaren espetxe politikarako bidea ibilita, presoak etxerako bidean jarri behar ditugu. Eta bide hori guztion artean egin behar dugu, Ibilian-ibilian, egin dezagun elkarrekin, preso, iheslari eta deportatuen etxerako bidea!
IRAILAREN 29tik URRIAREN 2ra, NAFARROAKO ITZULIA, LESAKATIK – IRUÑERA