Select Page

Euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea eskatu dute Hego Euskal Herriko 6 hondartzetan

Euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea eskatu dute Hego Euskal Herriko 6 hondartzetan

Gaur urtero egin ohi dugun gisan udako kanpainaren erdigunean kokatzen dugun hondartzetako mobilizazioak gauzatzen ari gara Kantauri itsasoko hainbat hondartzetan. Aurten ordea, urteetan zehar Etxeratek antolatu duen mobilizazioak badu berritasunik. Aurten Sare Herritarrarekin batera antolatu dugu urtero Hego Euskal Herriko hondartzak euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratze prozesuaren aldarriz betetzen dituen mobilizazioa. Indarrak batzea ezinbesteko zaigu fase berri honetan. Dispertsioari amaiera ematea lortu genuen bide beretik lortuko dugu etxeratze prozesua bukaeraraino gauzatzea.

Gaur Bakio, Laida, Lekeitio, Mutriku, Orio eta Donostiako hondartzetan, gazte zein heldu, herri honetan gertaturiko gatazkak utzi dituen ondorioen konponbidea beharrezkoa dela aldarrikatzeko elkartu gara. Aldarrikatzeko baina eskatzeko ere bai, euskal gizarteak aurrera egin behar duela eskatzeko: gatazkaren ondorioen konponbide prozesuari aterabidea ematea beharrezko dela eta elkarbizitzari ateak irekitzeko unea dela aldarrikatzeko.

Gatazkak utzitako hainbat ondoriok eragiten jarraitzen duen sufrimenduarekin eta injustiziarekin amaitu behar dugu. Azken hamarkada honetan euskal jendarteak argi utzi du gatazkaren ondorioei aterabide osoa emateko duen prestutasuna. Elkarbizitza sendoa eraikitzeko, sufrimendu guztiekin amaitu behar da: preso, iheslari eta deportatuen auziari behin betiko aterabidea eman, eta herri honetan bizitako biolentzia guztien biktimen mina aitortu. Zentzu horretan, egun indarrean dagoen eta zigorra/sufrimendua behar baino gehiago luzatzen duen salbuespen legedia indargabetzea behar bat da konponbiderako.

Beraz, jarrai dezagun herrietako jai zein oporraldietan gure aldarriak zabaltzen. Bakio, Laida, Lekeitio, Mutriku, Orio eta Donostiako hondartzetatik ETXERA aldarrikatu nahi dugu, Euskal Herri zabaletik ETXERA aldarrikatu nahi dugu, zinez pentsatzen dugulako badela garaia. Bada garaia “ETXERA” errebindikazio bat izatetik denon lorpen izatera pasatzeko. Aurrerapauso bat, denok pozik sentiaraziko gaituena, denok irabazle eginen gaituena. Bai, denok gara irabazle eskubideen urraketa bukatzen denean; denok gara irabazle salbuespen eta mendeku politikak bukatzen direnean; denok irabazten dugu ekuazio politikotik kanpo sufrimendua uzten dugunean, atea zabalik utzita elkarbizitzaren agertokietara, memoria inklusiboaren agertokietara, berriz elkartzeko agertokietara.

Hondartzetatik ere, EUSKAL PRESO, IHESLARI ETA DEPORTATUAK ETXERA