350 kilometro. 350.000 pausu inguru. 60 herri baino gehiago. Nafarroa, goitik behera.
350 kilometro.
350.000 pausu inguru.
40 herri baino gehiago.
Nafarroa, goitik behera.
Ibilian-Ibilian gatoz, gau eta egun, Lesakatik Berriozarreraino, Ezkabaren oinetara, etxerako bidea eginez. Euskal preso, iheslari eta deportatuen etxerako bidea. Asteazkenean abiatutako martxa helmugara iritsi da. Eta zuoi esker izan da hori. Hemen zaudetenoi eta ekimenarekin bat eginez egun hauetan gurekin tipi-tapa aritu zareten guztioi esker. Mila esker. Eta mila esker, berriro ere, ez egun hauetan egindakoagatik, honaino iristen bidelagun izan zaretelako baizik. Urte hauetan, guztion artean, han eta hemen, emandako urrats horiengatik, erakutsitako ardura eta konpromisoagatik izan ez balitz, gaur ez ginatekeelako etxerako bidean urratsak ematen ariko.
Etxerako bidean baikaude, eta ez da gutxi, nahiz eta ez izan nahikoa. Urte luzeetako murru itxietan arrakalak sortzen hasiak dira. Eguzki izpien goxoa eta ipar haizearen freskura nabari dira zirrikituen beste aldetik. Murrizten hasiak dira distantziak eta banan-banaka bestelako espetxe politika bati ateak zabaltzen hasi garela ere esan genezake. Ez da gutxi…
Baina ez da nahikoa. Badakigu. Bidearen hasiera baino ez da, baina martxan gaude, eta inork ez gaitu geldiaraziko. Oraindik ere preso nafarrak ditugu Iruñatik kanpo; duela urtebete baino hurbilago badaude ere, orain dauden espetxe horietan egotea ez da legeak berak jasotzen duena: presoak bere etxebizitzatik hurbilen dagoen espetxean bete behar du zigorra. Senideek jasan beharreko zama txikitu egin da, eta horrek poztu egiten gaitu. Orain, bidea egiten jarraitu behar dugu, legea osorik bete dadin. Bai urruntze-politikari dagokionez, bai euskal presoei aplikatzen zaizkien gainerako salbuespen-neurriei dagokienez. Horretan ari gara. Eta gaur esan dezakegu gure esfortzua, orain arte egindako lana, gizartearen konpromisoa eta aktibazioa emaitzak ematen hasiak direla, eta erantzunak ikusten ari garela.
Iraganeko zauriak ixteko eta etorkizuneko bideak jorratzeko garai historikoa iritsi da. Jakitun gaude desafio historiko baten aurrean gaudela, eta horrek gu guztioi eskatzen digu eskuzabaltasun handiz eta asmo are handiagoz jokatzea. Sufrimenduak ertz asko ditu eta guztiak kontuan izan eta erreparatu behar dira, baina, era berean, guztioi enpatia ariketa sendoa egitea ere badagokigu. Arduraz jokatzeko unea da, baldin eta herri hau elkarbizitzara bidean eta bakerako bidean ere kokatzea nahi badugu.
Horretarako eta askoz gehiagorako ere gai gara. Lau egun hauetan egindakoa horren adibide da. Eta prest gaude. Horixe da garrantzitsuena. Prest gaude aurrera egiteko, gau eta egun ibilian aritzeko. Hasitako bidea muturreraino gauzatzeko. Etenik gabe. Hori da gure bermea; Nafarroako jendartearen nahia kalean izatea eta Nafarroako bideak aldarriz eta urratsez betetzea.
Une historiko batean gaude, eta erantzukizunez eta abileziaz jokatu behar dugu. Bide berri bat zabaltzeko aukera dugu, beste etorkizun bat eraikitzeko. Aprobetxa dezagun. Bide honek ez daukalako misterio handirik: elkarrekin bidea egiten jarraitzea; gure artean, ezberdinen artean, bidexkak elkartzea, eztabaidaren bidez, akordioen bidez, batzuk besteena entzunda… Askotan esan dugu eta ez dugu horretan etsiko: bidea egiten jarraitzen badugu, ibilian jarraitzen badugu, lortuko dugu. Beti izan ditugun erantzukizuna, enpatia eta konpromisoa baliatuta, lortuko dugu.
Dudarik gabe, Lesaka eta Berriozar arteko ibilaldia mugarri bat izango da etorkizunerako. Bejondeigula! Eta mila, mila esker. Jarrai dezagun etxerako bidean urratsak ematen. Jarrai dezagun elkarrekin ibilian, elkarrekin bizitzen. Urratsez urrats, bakerako bidean, Konplizitateak ehuntzea da, adostasunak eraikitzea, hitz egitea, entzutea, eztabaidatzea, erabakitzea… denon artean eta denontzat. Lortuko dugu.
ARGAZKI GALERIA: https://photos.app.goo.gl/BHT63mRFawfFDEaA9