SARE 7/2014 Lege Organikoaren aldaketaren aurrean egiten duen balorazio juridikoa eta etorkizunerako aukerak
1. SARE Herritarretik, 7/2014 Lege Organikoaren aldaketari buruz dugun balorazioa helarazi nahi dugu. Balorazio juridikoa eta etorkizunerako perspektiba.
2. Abiapuntu gisa, esan liteke 7/2014 Lege Organikoaren aldaketa honen onarpenarekin, normaltasunera itzuliko garela, edo, zehatzago esanda, normaltasun juridiko batean kokatuko garela, duela 10 urte eragotzi zena, besterik gabe borondate politiko jakin batek eragin zuelako legearen idazketa ez egokitzea Europako Zuzentarauak eskatzen zuen horri: EBko gainerako herrialdeetako ebazpen judizialak ondorio guztietarako homologagarritzat jotzea herrialde bakoitzaren ebazpenei dagokienean, uste baita horien guztien sistema judizialak, herritarren oinarrizko eskubide eta prozesuko bermeei dagokienean, nazioarteko araudiak ezarritako gutxieneko estandarrei erantzuten dietela.
3. Ebazpen judizial guztien homologazio horren ondorioetako bat zen homologazio hori kondenak betearazteko faseari ere eragiten ziola, eta ondorioz, estatu bakoitzean indarrean dagoen kondenak eta zigorrak metatzeko sistemak kontuan hartu behar zuela metaketa posible hori, zehatzago esanda, espetxeratua egoteko ezarritako gehieneko denbora-mugak beste estatu batzuetan betetako kondenak kontuan hartu behar zituela.
4. Baina preso jakin batzuei beste estatu batzuetan betetako espetxeratze-denbora barne hartzen duten benetako espetxeratze-mugak aplikatu ahal izatea saihesteko, bi atal erantsi ziren, azken egunotan publikoki aitortu den bezala. LOren 14.1 artikulua eta bertako Xedapen Gehigarria. Eta nahita txertatu ziren; bi estatutan, Espainian eta beste batean, kondenatutako pertsonen profil zehatza kontuan hartuta. Hau da, ez da orain arau bat ematen ari direla preso horien irteera errazteko, baizik eta 2014an egin zutena zuzentzeko. Izan ere, orduan argi eta garbi Europako esparru judizial bakarra eraikitzera bideratua zegoen 2008ko Europako Zuzentarauaren izpirituaren aurka, azken orduan, Senatuaren izapidean, eta forceps bidez, irizpide bikoitza txertatu zuten, arauak pertsona jakin batzuk kanpoan utz zitzan.
5. Dagoeneko zalantzarik gabe orain, legearen izpirituaren aurka egin zela diogu, gaur egun legelari batek ere ez baitu hori zalantzan jartzen. 2014an legea baldintza horietan onartzen lagundu zutenek ere gaur egun onartzen dute naturaren aurkakoa izan zela egin zena, ez guztiz zuzena, baita Europako agintari batzuen ohartarazpenen bat jaso zela ere -ondorio errealik gabe. Espainiar estatuak fede onez jokatu izan balu, lehenik eta behin argitu egingo zukeen ea 7/2014 Lege Organikoa, Europako zuzentarauaren edukia barne-zuzenbidera ekartzeko helburua zuena, Europako zuzentarauarekin bat zetorren ala ez. Berez, ezinbesteko pausua dena, derrigorrezkoa, dena den. Horretarako, nahikoa zen lege hori aplikatu behar zuen auzitegiren batek, ebazpena eman aurretik, Luxenburgoko EBJAra bideratzea auziaren aurreko galdera hori. Eta, hain zuzen ere, hori gertatzear egon zen. Izan ere, Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Salako Hirugarren Sekzioko hiru magistratu (kondenatutako pertsonekiko kidetasun susmagarririk batere ez zutenak) kontsulta hori bideratzen saiatu ziren, hain zuzen ere, orain lege berriaren onurak jasoko dituzten pertsonetako baten zigorrak metatu behar zituzten unean. Ahalegin hori ANko Zigor Arloko Aretoko Lehendakaritzak errotik geldiarazi zuen, Europari galdetu behar zitzaion ala ez erabakitzea osoko bilkurari zegokiola esanez. Horren ondorioz, Zigor Arloko Salako 20 magistratuek erabaki zuten gaia eta gehiengo batek Europari galdetzea ez zela bidezkoa erabaki zuen. Baina Osoko Bilkuraren zati handi bat aurka agertu zen. Izan ere, bost magistratuk idatzitako boto partikularra eman zen eta beste hiruk boto partikular horrekin bat egin zuten. Berriro diogu, guztiak ANeko magistratuak. EBJAk araua zuzenduko zuela uste zen, eta aukera hori itxi nahi izan zen. Eta antzeko egoera errepikatu zen Auzitegi Gorenean. Beraz, 7/2014 Lege Organikoaren zuzenketa tekniko eta juridikoari buruzko zalantzak hasiera-hasieratik zeuden.
6. Hori ez da kasualitatea; izan ere, ezin da esan gabe utzi, lehenago ere ANk berak zigorrak metatzeko prozedura, atzerrian betetako zigorrak kontuan harturik, erabilia zuela gutxienez 2000. urteaz geroztik. Hori zen gauzak egiteko modua. Espainiako kondenak eta atzerriko kondenak metatzeko eskaera horiek ez zuten beti ekartzen atzerriko kondena kontuan hartua onartzea, beste faktore batzuek ere eragiten bait zuten horretan, besteak beste, Espainiaren eta beste estatuaren artean araudi espezifikoak egoteak edo ez (aldebiko tratatuak, adibidez).
7. Baina, egia esan, kasu zehatzera hurbilduz, 2010eko hamarkadatik aurrera, ANk Frantzian emandako kondena eta Auzitegi Nazionaleko Zigor-arloko Aretoko sekzioek terrorismo-delituen esparruan ematen zituzten kondenak metatu egin zituen. Orain preso batzuk aipatzen dira eta esaten da legearen aldaketaz baliatuko direla baina dagoeneko 2013an eta 2014an haien kondenak metatuak izan ziren. Guztiak. Ez. Kasu horietan metaketa eginda zegoen, eginda dago. Datuetako akatsetik harago, azken orduan zuzenduta, argi dago ebazpen horiek jarduteko modu natural baten ondorio zirela, araua okertu gabe. Eta ANren ebazpen horiek Auzitegi Gorenak berak berretsi zituen hurrengo urteetan, batzuetan ñabardurekin. Metaketak 1983ko Estrasburgoko Hitzarmenean ezarritakoaren babesean egin ziren. Hain zuzen ere, gauzak normaltasunez eginez gero, pertsona horiek – bereziki Frantzian eta Espainian terrorismo-delituengatik kondenatutako pertsonak –, norbanako, alderdi politiko edo komunikabide jakin batzuen iritzi subjektiboan, zegozkienak baino zigor txikiagoak beteko zituztela egiaztatze horrek eragin zuen 7/2014 Lege Organikoa idatzi zen moduan idaztea.
8. Beraz, legearen aldaketa alderdi politiko baten edo besteren utzikeria, arduragabekeria edo borondatearen ondorioz gertatu ote den eztabaidatik haratago, garrantzitsuena da normaltasunera itzuli dela, eta, une honetan, Espainiako Estatuak transposizio-araudi zuzena duela, Europako arauen filosofiara egokitua. Eta horrek gogobetetzeko arrazoi izan beharko luke sentsibilitate demokratikoa duen herritar ororentzat. Horrek pertsona batzuei egoera hobea ekartzen badie, lege zuzen baten ondorio hutsa da.
9. Azken finean, asteartetik, Gorte Nagusiek prozesua amaitu eta euren zeregina bete dute. Berandu, baina arbitrariotasunari amaiera eman zaio.
10. Eta horrek norbaiti mina edo ezinegona eragingo balio, eta bistan dago eragiten diola; esan behar dugu hau guztia ekidin zitekeen eta ekidin behar zen zerbait dela. Zeren eta pertsona hauei pentsarazi zaie eskatzen zutena justua eta Zuzenbidearen argitara onargarria zela. Pentsarazi zaie 2014ko arauaren eragina denbora mugagabean luzatuko zela; afera honetan parte hartu duten eragile guztiak -araua egin zutenak, egikaritu egin behar izan dutenak eta beronen egokitasunaren defentsa publikoa egiten dutenak- jakin ba zekitenean goiz ala berandu auzi hau ber bideratu beharko zela.
11. Baina atsekabe hau, edota traizionatua izanaren sentipen hau mingarria suertatzen bada, ukaezina dena, zer esan genezake 10 urte hauetan arau honek sortu izan dituen kalteen larritasunaz jabeturik, egoera aldatzeko ezer egin ez duten pertsona zein eragiletaz? Pertsona asko urteak egon dira preso modu bidegabean. Eragindako kalte honen kontaketa zehatza egitea zaila bada ere; legearen idazketa egoki batekin pertsona asko momentu hartan bertan espetxetik atera ahal izango ziren; edo preso egon diren denbora benetan izan dena baina nabarmen murritzagoa izan ahal zen. Zehatz mehatz, 15 dira gaur egun aske egonik ere, askatasuna lehenago berreskuratu behar izan zuten pertsonak. Ez dago formula juridikorik galdu duten askatasun galera horregatik erreparatzeko.
12. Une honetara etorriz, gure kalkuluen arabera 52 pertsona izango dira arau berriaren onurez baliatzeko aukera izanen dutenak; zigor lege onuragarrienen abantailen atzerakotasuna eztabaidatik kanpo dagoen printzipioa baita; bai zuzenbidearen egitura osoan zein jurisprudentzian. Pertsona hauen kokapen geografikoa gaur egun honokoa da:
• Frantziako estatuko espetxeetan: 4
• Euskal Herrian kokatuak dauden espetxeetan: 48
-Martutenen 12
-Zaballan 29
-Basaurin 5
-Iruñan 2
13. Arau berria egikaritzearen ondorioen eragin zehatza ezin da kalkulatu; azken 10 urte hauetan era guztietako gorabeherak bizi izan direlako, arauaren egikaritzearen ondorioak baldintzatzen dutenak. Adibide gisa, arrazoizko zuhurtziarekin jokatuz halere, kalkula genezake 7 direla zigorren metaketaren kalkulua egiten denean zigorren metaketa berriarekin zigorra osorik beteta dutela ikusiko dutenak. Horietako batzuk 2021tik, 2022tik…..zigorra beteta dutela ikusiko dute. Azken 10 urte hauetan aske geratu direnekin gertatu bezala, pertsona hauei egin zaien kalteak ez du konponbiderik. Egon behar zuten denbora baino gehiago egon dira espetxean, eta horrek ez du jada erremediorik. Kaltea egina dago. Beste batzuk, urte honetan beteko dute zigor osoa.
14. Lege berriaren onuretara bildu daitezkeen gainontzeko pertsonak zigorra osorik betetzeko data aurreratzen dela ikusiko dute. Norbaitek izan dezake tentaldia pentsatzeko pertsona hauei, behin legean zegoen akatsa zuzenduta, ez zaiela kalterik eragin. Ez da egia, zeren eta beraiei zegokien espetxealdiaren denbora egokitu gabe izan duten bitartean, beraien zigorraren betetzearen “kalkulo orrian” ez ziren iristen zigorra betetzeko egoera hobeagoetara igarotzeko baldintzak betetzera (zigorraren ¼ betetzea kalera irteteko baimenak eskuratzeko, ½ hirugarren gradura pasatzeko, 3/4ak baldintzapeko askatasuna eskuratu ahal izateko…). Bere espetxe ibilbidean aurrera egiteko oztopo bidegabea jasan dute. Kalte hau ere konpon ezina da. Preso dauden pertsona hauek beraien familia bizitza lokutoriotan eta aurrez aurreko geletan eraiki behar izan dute seme-alabekin; erregimen irekiaren baitan kalera ateratzeko eskubidearen jabe zirenean; edota pertsona hauei beraien gurasoen ondoan egotea eragotzi zaien berauen bizitzako azken momentuetan, behin heriotza suertatu ondoren beilatokira eskuburdinez loturik joateko aukera besterik izan ez dutelarik. Edo beraien osasuna espetxean okertzen ikusi dutenak, kalean modu egokiagoan artaturik izateko aukera galarazi zaienean.
15. Finean, 7/2014 LO-koaren egokitzapenaren ondorioz, pertsona batzuen kaleratze datak aurreratzen dira data hauek lehenago modu bidegabean atzeratu zirelako. Berriro diogu, Zuzenbidearen irizpideak urratuz. Beraz, ez dago inolako murrizketarik.
16. 13. atalean esaten genuen ildotik, ezinbestekoa da legea egikaritzeko prozedura azkartzea; ez dadila jukutriarik egin legearen inplementazioa oztopatzeko. Adibidez, procès-ari begira onartu den Amnistiaren Legearekin gertatzen ari denaren gisara: legea bete nahi ez duten epaileak, legearen edukia bihurrikeriaz interpretatuz beronen egikaritzea ekidin edo atzeratzea nahi dutenak. Denon hoberako. 7/2014 Lege Organikoa izan zen, behin eta berriro errepikatu dugun bezala, salbuespeneko lege bat, Zuzenbidearen Printzipioetatik urrundu zena, ad hominen diseinatu zena berariaz soilik pertsona batzuei eragin ziezaion. Gainera, justifika ezina zen ere terrorismoaren aurkako borrokaren ikuspegitik, ETAren jarduera 2011. urtetik etena zegoelako; denontzat gauza jakina baitzen ETAren jarduera betirako desagertua zela. Orain argi eta garbi ikusten dugunez, lege harren helburu bakarra pertsona batzuen espetxe zigorrak modu bidegabean luzatzea izan zen.
17. Egun hauetan gertatzen ari denak ondorioak izanen ditu etorkizunari begira. Beste une batean gaude. Posizioak argitzen doaz, bestelako itxaropenak ditugu, naiz eta kezka eragiten digun zeinbat jarrera aldatzen ez direla ikusteak. Eskuin politikoaren ordezkari batzuk Espainiako Kongresuan izan duten jarrera lotsa emangarriak; inolako ahalkerik gabe biktima ezberdinen argazkiak erakustearekin, agerian uzten dute nolako arinkeria ta arduragabekeriarekin tratatzen duten pertsona hauen sufrimendua. Eskuin politikoak ETAren biktimekiko duen sentiberatasunak goraka edo beheraka egiten du unean uneko errentagarritasun politikoaren arabera. Garaia da ETAren euskarria edozein gauzetarako erabiltzeari uzteko. ETA desagertu zen, eta denon ardura da orain elkarbizitzaren bidean aurrera egitea.
18. Iritsia da ere Euskal Espetxe Administrazioaren unea. Norabide honetan, eta 7/2014 LO-aren egokitzapenaren egikaritzearekin, preso batzuk hirugarren gradura igarotzeko baldintzetan egonen dira; eta honen ondorioz, baita baldintzapeko askatasuna eskuratzeko baldintzetan ere. Euskal Administrazioari eskatzen diogu luzapenetan ez ibiltzea euskal espetxeetako teknikari zein profesionalek egiten dituzten proposamenak ebazterakoan, profesional hauek baitira presoen bilakaera hobekien ezagutzen dutenak, beraiek egiten dituzten proposamenak irizpide tekniko soiletan oinarrituta daude eta. Garrantzitsua da Euskal Espetxe Politikaren ereduaren garapenari jarraipena ematea; zeinaren helburu behineneko bat den espetxe zigorrak betetzeko beste formula batzuei ateak irekitzea.
19. Guri dagokigunez, egoera berri honek ematen digun indarraz baliatuta, aurrera urratsak egiten jarraitzea da gure erronka. 7/2014 LO-rekin gertatu denak erakusten digulako beste behin ere jendartearen mobilizazioak eta eragile politiko aurrerakoien jarduerak gauzak aldatzeko gaitasuna dutela, egoera bidegabeei amaiera emateko gaitasuna alegia. Gogoratu behar dugu duela hamar urte sortu zenetik, SAREren helburu nagusia salbuespeneko egoerari amaiera ematea izan dela. Eta orain gertatu denak baieztatzen du SAREk aldarrikatzen duena ez dela inorentzat pribilegiozko tratamendurik baizik eta zuzenbidearen aplikazioa, ez gehiago ez gutxiago. Abuztuaren 20an eskaini genuen prentsa agerraldian esan genuen harri salbuespen egoerarik ez dagoela erantzunez mintzatu zirenak hausnarketarako aukera ezin hobea dute orain.
20. Gauzak horrela, 7/2003 LO da indargabetu behar den beste lege bat; besteak beste bizitza osorako espetxe zigorra betetzera eramaten dituelako presoak, 40 urteko espetxealdia egiaztatzeko baldintza tarteko. Asko dira medikuntzan aritzen diren profesionalak baieztatu dutenak 20 urtetik gora luzatzen diren espetxealdiak kalte fisiko eta psikologiko sendaezinak eragiten dituela pertsonengan. Hau dela eta, Lege horren egokitzapena edo indargabetzea izango da gure helburu nagusietako bat.
21. Bukatzeko, azpimarratu nahi dugu euskal presoen egoerari irtenbidea ematearen alde egiteak, gainontzeko biktimekiko aitortza eta elkartasunetik, benetako elkarbizitza osasuntsu batera hurbiltzen gaituela.