Jose Mari Novoa presoari 3. gradua eten diote eta espetxera itzulia da
José María Novoa Zigoitian jaioa eta Gasteizko bizilaguna den presoa Zaballako espetxera itzuli zen atzo gauean. Joan zen astean hirugarren graduan sailkatzeko Justizia Sailak hartutako erabakiaren aurka, hirugarren gradua eteteko eskatu du fiskaltzak errekurtsoa jarriz eta, Auzitegi Gorenaren doktrina jarraituta, preso zigoitiarra espetxera itzuli behar izan da, Espetxe Zaintzako Epaitegiak errekurtsoa ebatzi arte.
José María Novoa Arroniz 53 urte ditu eta 23 urte eta erdi daramatza espetxean. Bere zigorraren hiru laurdenak 2022an bete zituen.
Sarek mantentzen duen bezala, legeak ez du inola ere esaten zigorrak espetxeko hormen artean bete behar direnik azken egunera arte, araubide irekian betetzeko aukerarik izan gabe, gizartearekin harreman estuagoan bizitzeko aukera ukatuz. Eusko Jaurlaritzak eskumena bere gain hartu zuenetik, 43 presori onartu zaie hirugarren gradurako progresioa, baina 43 horietatik 30ren kasuan erabakiaren kontrako errekurtsoa jarri du fiskaltzak eta hamalau espetxean sartu ditu Auzitegi Nazionalak, bigarren graduko erregimenean.
Gure haserrea adierazi nahi dugu, berriro ere, oztopoak baino ez dituztelako jartzen presoek aspaldi hasitako espetxe ibilbidea moztu nahian. Etxera etortzea eskakizun demokratiko bat da, eta salbuespeneko auzitegiek ez lukete behin eta berriz boikotatu beharko.
Horregatik, Zigoitiko eta Gasteizko deialdietan parte hartzeko deia egiten dugu, egoera hori salatzeko.