ekainaren 18an, Iruñean “Etxera bidea gertu” leloarekin egingo den manifestazioan parte hartzera deitzen dugu nafar jendartea
Mobilizazio berri bat aurkezteko elkartu gara gaur hemen. Ekainaren 18an arratsaldeko 18:00etan Iruñean eginen dugun “Etxera bidea gertu” manifestazioak euskal presoei oraindik ezartzen zaien salbuespen neurrien salaketa egin eta elkarbizitza eta bakearen alde bat egiten duten herritarrak bildu nahi ditu.
Azken bi urteak garrantzitsuak izaten ari dira euskal presoen egoerari eta salbuespeneko espetxe politikari dagokionean. Urte luzeetan ezarritako urruntze politikaren amaieraren atarian gaudela esan genezake, eta, honekin batera, salbuespen legedia atzean utzi eta legedi arruntera salto egiteko unea dela. Aldaketa honek, ordea, kontrako jarrerak ere hauspotu ditu, eta badira oraindik ere etxerako bidean oztopo izaten ari diren gertaerak. Aldaketa hau egia bihurtzeko, beraz, orain arte bezala, euskal presoen etxeratze bidean ezarritako oztopo bakoitza salatu eta kalera atera behar dugu.
Oztopoz beterik dagoelako etxerako bidea. Euskal presoei ezartzen zaien salbuespenezko espetxe politikak, hau da, urrunketak, zigorren luzapena edota ia bizi osoko zigor luzeen ezarpenek eta hirugarren gradura igarotzeko edota baimenak lortzeko oztopoek, herri honetan elkarbizitzaren eta bakearen alde ematen ari diren aurrerako urratsak oztopatzeko asmo garbia dute.
Orain gutxi Etxeratek salatu bezala, ez gara onurez ari; euskal presoek onurak lortu dituztela diotenak gezurretan ari dira. Gezurra esaten dute salbuespen neurririk inoiz ez zaiela aplikatu eta orain ez zaiela aplikatzen ziurtatzen dutenek. Espetxeetako Legeak eta Araudiak jasotzen dituen eskubideez ari gara, modu interesatuan eta mendekuz euskal presoei ukatzen zaizkien eskubideez.
Denbora luzean blokeatua egon den egoera latz hau aldatzeko aukera zabaldu da. Kontrako jarrera eta oztopoen aurrean, herri honek aurrera egiteko eta elkarrekin bizitzeko nahia duela erakutsi behar dugu. Guztion ardura da salbuespenezko egoera hau atzean utzi eta etxeratze prozesua ahalbidetzea. Izan gaitezen aktibo, beraz, elkarbizitzarako, bakerako eta etxerako bidean.
Hasieran aipatu bezala, ekainaren 18an, arratsaldeko 18:00etan, Antoniutti-tik abiatuko den “Etxera bidea gertu” manifestazioan parte hartzera deitzen dugu nafar jendartea. Honen inguruan bi ohar:
• Batetik, ekainaren 18 horretan, arratsaldeko 17:00etan Iruñeko 4 puntu kardinaletatik zutabeak antolatuko direla Antoniuttiraino. Eskualde eta herri ezberdinetako jendea deituko dugu zutabe horietara.
• Ipar-bidea: Decathlon-Antoniuti
• Hego-bidea: Cordovilla poligonoa-Antoniuti
• Eki-bidea: Atarrabia-Antoniuti
• Mendebal-bidea: Etxabakoitz (Asmovil)-Antoniuti
• Bestetik, ekainaren 18ko mobilizazioari oihartzuna eman asmoz, ekainaren 4an Iruñeko espetxetik Gaztelu Plazaraino antolatu dugun 5 kilometroko Herri Lasterketan parte hartzera ere deitu nahi ditugu herritarrak.
Elkarbizitzarako, bakerako, etxerako bidea elkarrekin egin dezagun.