Prentsa-deialdi honen helburua da urtarrilaren 10ean Bilbon egingo den manifestazioaren alderdi teknikoak helaraztea, eta egindako bideari eta oraindik egiteko dugunari buruzko gogoeta batzuk egitea.

Horrelako adierazpen baten aurrean beti egin izan dugun bezala, euskal presoei aplikatzen zaien eskubideen urraketaren amaieraren aldeko aldarrikapen demokratikoa eta lortutako aurrera pausoekiko gogobetetzea uztartzen saiatuko gara. Eta hau, musika, festa eta aldarrikapen egun batean egingo dugu.

Jai giroa Bilboren zati handienera zabalduko da goizean zehar eta manifestazioaren hasierara arte, nahiz eta jarduera gehienak Alde Zaharrean izango diren.

• 11:30 Porrotx eta Zapotxin Bilbiko plazan.
• 12:30 NAIZ IRRATIAREN emanaldi musikatua Bilbiko Plazan.
• 12:30 Kalejirak Alde Zaharrean. Ondalan eta Usansoloko erraldoi eta buruhandiak Santiago plazatik, trikitilariak Barrenkaletik eta txistulariak Jardines Kaletik.
• 13:00 Bertsolari emanaldia balkoitik balkoira Txakur kalean (Kalderapeko eta Harrobi artean).
• 13:00 Orkresta elektrotxaranga Zamudioko atetik.
• 14:30 Kantu jira Berakatz taldearekin, Barrenkaletik abiatuta.


MANIFESTAZIOA.
La Casillan hasiko da, 17:00etan, eta Bilboko Udalean amaituko da.

Aurten ere, milaka pertsona bertaratzea espero dugu, politika, sindikatu eta gizarte arloko ordezkariekin batera. Beste urte batzuetan bezala, beste nazionalitate batzuetako ordezkari politiko eta sozialak izango ditugu gurekin.

Manifestazioari hasiera emango dion pankarta gizarte eta kirol arloetako pertsona erreferenteek eramango dute, baita euskal presoen senitartekoek eta gure herrian jasandako indarkeriek eragindakoek ere. Bertan izango dira, zehazki:

Arantxi Padilla (kazetaria), Olatz Iglesias (psikologoa eta senidea), Amaiur Iragi (senidea); Rosa Rodero (ETAren biktima), Eva Ferreira (Harrera Elkarteko Lehendakaria), Ixone Fernandez (Estatuaren biktima), Fouad Baker (legelari palestinarra), Garazi Hanch Embarek (aktibista sahararra), Xabier Amuriza, Xabat Illarregi eta Aitor Etxeberriazarraga (bertsolariak), Francis Diez (abeslaria), Hur Gorostiaga (Seaskako zuzendaria).

BUKAERAKO EKITALDIA. Udaletxean
Xabat Illarregi (Nafarroako txapelduna) eta Aitor Etxeberriazarraga (Bizkaiko txapelduna) bertsolariek emango diote hasiera ekitaldiari.
• Ondoren, SAREk (Joseba Azkarraga eta Bego Atxak) manifestazio honetarako prestatu duen manifestua irakurriko da.
• Bukatzeko PANTXOA CARRERE ETA OLAIA INZIARTE ABESLARIEK kantu bat abestuko dute.

LELOA: EZIN DA GEHIAGO LUZATU – EZIN DA GEHIAGO ITXARON.
Ezin da gehiago itxaron, egunak joan egunak etorri jarraitzen dugulako sufrimendua eta eskubide-urraketak pilatzen.

Ia hiru urte igaro dira hainbeste sufrimendu eragin duen urruntze-politikari amaiera eman zitzaionetik; hiru urte, halaber, espetxeko zigorrak lehen graduan edo isolamendu-ziegetan betetzeari utzi zitzaionetik.

Horregatik, etorkizun hurbilari baikor begiratu behar diogu.

Litekeena da 2026. urte hau bide luze baten azken txanpa izatea eta itxaropenezko etorkizuna ikusten hastea.

Horregatik, aurten ere euskal gizarteari dei egin diogu manifestazio honetan parte har dezan.

Ez dugu nahi gure atxikipen ideologiko askotarikoak eta legitimoak oztopo izatea elkarbizitzaren alde denok batera egiteko. Izan ere, Zuzenbideaz ez ezik, giza eskubideez ere ari gara, eta horrek izan behar du batzen gaituen helburua: giza eskubideen defentsa.

SAREn, amaierako konponbide-esparru baten alde lan egiten jarraituko dugu, non, espetxe-politika arrunta aplikatuz, euskal preso guztiek askatasuna berreskuratuko duten eta, libre direla, bizitza berri bat hasteko aukera izango duten.

Benetan demokratikoa izan nahi duen gizarte batek ezin die bizkarra eman beren bizitzak berregin nahi dituzten eta gaur egun preso, deportatuta edo ihesean jarraitzen duten pertsonen eskubideei, egoera horiek salbuespeneko lege eta praktika penalak eta espetxeetakoak aplikatzearen ondorioz gertatzen ari baitira. Horregatik, salbuespeneko espetxe-politikak amaitzea eskatzen dugu.

Izan ere, salbuespena mantendu egiten da, legegintzaren arloan ez ezik arlo judizialean eta espetxeetan ere.

Legegintzaren arloan, “adhoc” onartu ziren lege batzuk mantentzen dira, 40 urtera arteko zigorrak osorik betetzekoa, adibidez. Lege horiek euskal presoen eskubideak urratzera bideratuta ezarri ziren, euskal gizarteak gaur egun bizi duenaz oso bestelakoak ziren garaietan. Arbuiagarriak ziren orduan, eta are arbuiagarriagoak gaur egun, egoera oso desberdina delarik.

Arlo judizialean, aurrera egin den arren, oraindik ere errekurritzen dira espetxeetako profesionalek onartzen dituzten hirugarren gradurako progresioak, eta hori guztia gertatzen da Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentrala salbuespeneko auzitegi baten mende dagoelako, hau da, Auzitegi Nazionalaren mende.
Eta espetxeei dagokienez, euskal presoen erdiek baino gehiagok askatasun-erregimenean egon beharko lukete betea duten zigor denboragatik; horietako askok, ordea, lau hormaren artean itxita jarraitzen dute, batzuek 25 urte baino gehiago egin badute ere preso.

Haien eskubideak errespetatzea, gizartera itzultzeko eskubidea, berriz sozializatzeko eskubidea eta, beraiek egindakoagatik sufritu zuten eta oraindik sufritzen duten pertsonekiko errespetuzko jarrera batetik, beren bizitzak normalizatzeko eskubidea barne, batzen gaituzten balioak indartzeko modu bat ere bada: Justizia eta Gizatasuna.

Baina hizpide dugun amaierako konponbide-esparru hori ez da osoa izango indarkeria guzti-guztien biktimen eskubideak kontuan hartzen ez badira.

Inor ez da behartu behar bizi izan duena ahaztera. Biktimen minak errespetua eta aitortza merezi ditu, anbiguotasunik gabe.

Haien sufrimendua ezin da politikoki erlatibizatu edo erabili interes faltsuengatik, eta haien memoriak etika publiko partekatuaren funtsezko zati bat izan behar du.

Eta aitortza hori, berriz diogu, gure Herrian jasandako indarkeria guztien biktimengana zabaldu behar da, torturak, jazarpen bidegabeak edo oinarrizko giza eskubideak urratu zituzten legez kanpoko jarduketak jasan zituztenak horien artean direla.

Horrela bakarrik begiratu ahal izango diogu itxaropenez etorkizunari, indarkeria guztien biktimekiko errespetua izanik eta motibazio politikoko presorik gabe.

Izan ere, zauri guztien oinarrian, desberdinak badira ere izaeraz eta testuinguruaz, arrazoia bera dago: giza duintasunaren urraketa.

Horregatik guztiagatik, urtarrilaren 10ean, larunbatean, Bilbo aldarrikapen demokratikoaren eredu izango da, eta etorkizun partekatu baten aldeko apustua egingo da bertan, Euskal Herriak urtetan jasan duen iraganaz bestelakoa izan dadin.
Hori da modu bakarra datozen belaunaldiei guk gure aurrekoengandik jaso genuena baino gizarte hobea uzteko.

EZIN DA GEHIAGO LUZATU
PRESO, IHESLARI ETA DEPORTATUAK, ETXERA