ARETXABALETA | ELKARBIZITZA, KONPONBIDEA, BAKEA

ARETXABALETA | ELKARBIZITZA, KONPONBIDEA, BAKEA

TESTU HAU EAJ, PSE, HB, ARALAR, EZKER BATUA, EUSKAL HERRITARROK, EA, PODEMOS EDO EH BILDUKO HAUTETSI DIREN EDO IZAN DIRENEK BABESTU DUTE.

“GAUR, ABENDUAK 10, GIZA ESKUBIDEEN NAZIOARTEKO EGUNEAN, ARETXABALETAKO UDALEAN ORDEZKARI PUBLIKO IZAN GARENOK EDO EGUN GARENOK, GURE EZBERDITASUN IDEOLOGIKOAK ALDE BATERA UTZITA, ERA PERTSONALEAN ETA PERTSONA GUZTIEN GIZA ESKUBIDEEN DEFENTSAN, HONAKO HAU ADIERAZI NAHI DUGU:”

ELKARBIZITZA, KONPONBIDEA, BAKEA.
Hemen bildu garenok, legegintzaldi ezberdinetan Aretxabaletako Udaleko ordezkari publikoak izandakoak eta izaten jarraitzen dugun pertsonak gara. Maila pertsonalean, ideologia ezberdinak alde batera utzita konponbide eta elkarbizitzari gure ekarpena egiteko elkartu gara gaur.

Azkeneko urteetan, elkarbizitzan aurrera egiteko pauso ezberdinak eman dira, instituzioak zein gizarteak bultzatutakoak eta gure ustez beharrezkoa da bide horretan sakontzea. Horretarako iraganetik datozen oinaze eta min guztiak sendatzea ezinbestekoa da. Bide honetan izan diren eta diren biktima guztiek merezi duten egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatzen dugu.

Euskal gizarteak behin eta berriz eskatu du gaur egungo espetxe politikan aldaketa bat ematea, sortzen duen sufrimenduarekin amaitzeko. Horren adibide nagusiak, instituzio ezberdinetan lortutako akordio zabalak, gehiengo sindikalaren aldeko jarrera eta herriz herri antolatu diren ekimen jendetsu eta anitzak.

Gure herrikidea den Garikoitz Garciak 11 urte darama espetxean. Pasa den azaroan Zaballako espetxera hurbilduta izan zen, bere senide eta lagunek pairatzen zuten zigor gehigarriarekin amaituz. Baina ETAko presoei ezartzen zaien salbuespenezko espetxe politika oraindik indarrean dagoenez, presoak hamaika zailtasun eta oztopo dauzkate legeak ahalbidetzen duen bidea egiteko.

Legedia arruntari jarraiki, gradu progresioen bidean aurrera egitea aldarrikatzen dugu, neurri eta baimen berrietan aurrera egitea, baimen bereziak, lan egitekoak, bigarren edo hirugarren gradua lortu ahal izateko eta zer esanik ez baldintzapeko askatasuna eskuratzeko.

Espetxe politika hau iraganean kateatuta dago eta ez‐ohiko lege batean oinarritzen da. Etorkizunari begira jartzeko garaia dela uste dugu eta horregatik ezinbestekoa ikusten dugu gizartearen inplikazioa eta konpromisoa, argi baitaukagu bide horretan aurrera eginez lortuko dugula benetako bakea, bizikidetza eta konponbidea.