Gaur, Donostiatik dei egin nahi diegu Donostiar zein Gipuzkoarrei, Sare Herritarreko kideok eta Donostiako piratak elkarlanean antolatuko dugun Donostiako Aste Nagusiko mobilizaziora. Aurtengoan indarrak batzea erabaki dugu eta elkarlanean antolatzea enkartelada edo manifestazioa. Herri honetan jasandako sufrimenduaren zein egun oraindik indarrean jarraitzen duten sufrimenduen konponbidea, gehiegi luzatu da eta arduratik eta beharretik, konponbide integrala ahalik eta lasterren eskuratzearen ezinbestekotasuna adierazi nahi dugu.
Urte luzez dihardugu lanean, Donostiako piratetan Xibaroak zein Sare Herritarreko kideok etxeratzea aldarrikatzen, sufrimenduarekin amaitu beharra eskatzen eta biktimen erabilera politikoa salatu eta oraindik aitortu eta errekonozitu gabe dauden biktimen aitortza eta errekonozimenduak eskatzen. Lan guzti honi epe muga bat jarri nahi diogu: datorren urteko Donostiako Aste Nagusian horrelako mobilizaziorik egin beharrik ez izatea nahi dugu. Horrek erakutsiko lukeelako justuki, dagoeneko gehiegi luzatu den auzi bati konponbide bat eskaini izana. Helmuga eskuratu izana.
Beraz, dei egiten diegu Donostiar eta Gipuzkoarrei, Abuztuaren 14an 19:30tan Kaitik hasita gauzatuko dugun mobilizazioan parte hartzera. Guztion ardura da konponbideari trabak baino ekarpenak egitea, eta Abuztuaren 14an Donostiatik gure aletxoa eskainiko diogu. Inoiz baino beharrezkoagoa delako sufrimenduarekin amaitzea, inoiz baino beharrezkoagoa delako euskal preso, iheslari eta deportatuen auziaren konponbidea eskuratzea, HELMUGA ESKURATZEA.
EUSKAL PRESO, IHESLARI ETA DEPORTATUAK ETXERA!
ABUZTUAREN 14AN DONOSTIARA!




