Entzutegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Fiskaltzak Jon Olarra Guridi euskal presoari 3.gradua errekurritzeko hartu duen erabakiaren aurrean, Sare Herritarrak bere desadostasuna adierazi nahi du.

Lehenik eta behin, erabaki honek agerian uzten du justiziarekin zerikusi gutxi duen jarrera, eta esparru judizial, politiko eta lobby mediatikoetatik sustatutako mendekuarekin lotura handiagoa duena.
Espetxeetako tratamendu-batzordeak osatzen dituzten profesionalek egoera gertutik aztertu eta ezagutu ondoren graduz progresatzeko erabakiari, 400 kilometrora dagoen salbuespenezko epaitegi batek, Auzitegi nazionalak hain zuzen, profesionalen erabakia errekurritu eta baliogabetzea oso larria dela deritzogu.

Horrenbestez, salaketa publikoa egiten dugu egoera honen erabilera politikoaz, biktimen mina erabiliz mota honetako erabakiak justifikatzeko. Errebantxak ez du inongo biktimaren sufrimendua arintzen. Biktimek beren mina aitortzea eta haren erabilera politikorik ez egitea aldarrikatzen dute. Utz ditzagun biktimak bakean.

Euskal gizarteari eskatzen diogu bakearen eta bizikidetzaren aldeko urratsak ematen jarrai dezala; guztiona da zentzu horretan lanean jarduteko ardura eta hori espetxe-politika humanista baten bidez baino ezin da lortu, mendekutik urrun eta indarkeria guztien biktimei tratamendu duina emanez.

Euskal gizarte osoak partekatutako etorkizun baten eraikuntzan lanean jarraituko dugu, bakearen, konponbidearen eta bizikidetzaren aldeko apustu irmoarekin.