Iritsi zaigu Apirileko azken ostirala eta eman diogu amaiera gorabeheraz beterik izan dugun urteko laugarren hilabeteari. Beste hilabete batez horrenbeste urtetan horrenbeste sufrimendu eragin zuen gatazkak utzitako ondorioekin amaitu eta konponbideari, bakeari eta elkarbizitzari ateak zabaltzeko unea dela erakutsi nahi dugu.

Aurrera goaz etxeratze prozesuan eta bistakoa da zifrei begiratzen badiogu. EPPK-ko 100 presoko langa gainditzea lortu dugu eta datozen egun eta asteetan aurrera urratsak ematen jarraitzea espero dugu. Hala ere, ez dago sobera 97-ko zifra hori behar bezala ulertzea. 97 horietatik 60 dira egunerokotasunean kalea zapaltzen ari diren presoak, beraz, 37 dira oraindik erregimen itxian jarraitzen dutenak beraien zigorraren azken urteak etxean betetzeko baldintzak betetzen badituzte ere.

Azken egunotan egunerokotasun mediatikoa hartu duen Iparragirre eta Karasatorreren 100.2 artikuluaren aplikazioa ukatzea arduraz eta kezkaz hartzen dugu. Beste behin, argudiaketa juridikotik baino mendeku logikan oinarritzen den praktika juridikoa agerian geratu da. Konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren eraikuntzan jarraituko dugu nahiz eta, presioa egitera eta mendeku politikak gailentzen jarduten duten esparru judizial, politiko eta lobby mediatikoak izan aurrean.

Erbesteari begira jarrita, tamalez, iheslari bat gutxiago dagoela esan beharrean gaude. Tamalez diogu, joan zen astean etxetik urrun 45 urte igaro ondoren Olaztiko iheslari zen Hilario Urbizuk utzi bait gintuen Mexikon. Doakiela gure babes eta besarkadik beroena bere senide eta lagunei.

Zifrei errreparatuta sumatu dezakegu zein den bizi dugun momentua. Etxerako bideak daraman norabidea ikusita, zenbait hausnarketa egin ditugu azken hilabeteetan eta datozen bi hilabeteetan 27 batzar gauzatuko ditugu Euskal Herrian zehar hasunarketa horiek konpartitu eta etorkizunari begira jartzeko. Adi eskualdeetako deialdiei.

Amaitzeko, publiko egiten dugu gaurkoan Ekainaren 6an 11:30tan Arrasateko Monterron parkean egingo dugun agerraldi jendetsua. Aspaldian egin dugun agerraldirik garrantzitsuena izango dela aurreikusten dugu eta orain arteko moduan zuek guztiokin konpartitu nahi dugu garrantziazko agerraldia.

Aurrera goaz etorkizuna helmuga, jarrai dezagun konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren logikan lanean.