2023ko urtarrilaren 27, Azken Ostirala

2023ko urtarrilaren 27, Azken Ostirala

Urtarrilaren 7an Bilbon egindako manifestazioak eman digun bultzada aprobetxatuz ekin diogu gaur urtarrilaren azken ostiraleko mobilizazioari. Kalean milaka lagunek manifestatzeko deiari emandako erantzuna izan zen Bilbokoa eta horrek argi erakusten du preso, erbesteratu eta deportatuen etxerako bidea zeharkatzeko unea iritsi dela eta herri mobilizazioa, berriro ere, ezinbestekoa izango dela.

Gaur, izan ere, Euskal Herriko herri eta plaza bakoitzean, euskal gizartea zoriondu nahi dugu zuei esker urtarrilaren 7ko mobilizazioa arrakastatsua suertatu zelako. Manifestazioak babesa eman dio urte luzez aldarrikatzen ari garenari, alegia, salbuespenen neurrien amaiera; eta indarkeriaren biktima guztiekiko errespetua eta tratamendu bera, biktima guztientzat.

#Etxerabideagertu geziek markatzen duten bidea da, ibilibide juridikoa egiten aspaldi hasi ziren euskal presoen eskubideen bidea, legezkotasun arrunta aplikatu arte.

Ez dira onurak, ez gara zigorgabetasunaz ari. Presoen eskubideak defendatzen ditugu. Lautik ia hiruk bete dute hirugarren gradura proposatzeko legediak eskatzen duen espetxealdia. 17 presoek gaixotasun larri edo sendaezinak pairatzen dituzte. 70 presoek 20 urte baino gehiago daramatzate espetxean, horietako batzuk 30 urte baino gehiago.

Azken urteotan bezala Euskal Herritik lanean jarraitu behar dugu aro honetan ere, etxerako bidea legeak dioenaren arabera gauza dadin. Eta aro berri honetan ez dugu maparik behar. Geziek erakutsi diguten bideari jarraikiz, Etxera Bidea Gertu mezua egia bihurtzen hasteko unea da.

Gaur eskuetan dugun ikur berria bazter orotara hel dadin nahi dugu, denok barnera dezagula aro berri honetarako banderola delako, denok batera lanean aritzeko etxerako bidea oztopatzen duten salbuespen-neurriei amaiera emanik.

Etxera bidea gertu!

Etxera!