Select Page

Preso, iheslari eta deportatuak etxera itzul daitezela aldarrikatzeko kalejira sanferminen bezperatan

Preso, iheslari eta deportatuak etxera itzul daitezela aldarrikatzeko kalejira sanferminen bezperatan

Sanferminen ezaugarririk behinena parte-hartzea da, jendearen protagonismoa alegia. Programa ofizialen, errituen eta ohitura errotu eta ez hain errotuen gainetik, jendeak egiten du festa, bere bizipenekin, “momentikoz momentiko”, hasierako txupinazotik bukaerako “gaixoa ni” ekitaldira arte. Eta horrela, jendeari iritzia emateaz gain erabakitzeko aukera ere ematen zaionean, behin eta berriz azaleratzen da Iruñeko bizilagunen esentziarik onena. Iruñea alai eta matxinoa, Martin Villak eta bere jarraitzaileek zentzarazi nahi izan zutena 1978ko uztailaren 8 tragiko hartan, eta, berrogeita zazpi urte geroago, hemen jarraitzen duena, konponbidea eskatuz oraindik injustizia, salbuespen neurriak eta sufrimendu dagoen urtetako gatazkaren ondorioei dagokionean.

Sarrera horrekin testuinguruan jarri nahi dugu motibazio politikoengatik preso segitzen dutenak une historiko honetan Iruñeko bizitza sozialera itzultzeak duen esanahia. Ez diogu utziko esateari, behin eta berriz, pertsona horiek etxean beharko luketela indarreko espetxe legeria ponderazioz eta zuzentasunez aplikatuz gero. Urte luzeak eman dituzte kartzelan eta aspalditik betetzen dituzte legearen arabera zigorrak erregimen irekian (100.2 artikulua, hirugarren gradua, baldintzapeko askatasuna…) bete ahal izateko baldintzak. Preso jarraitzeko azalpen bakarra da salbuespen politikari eusteko obsesioa, aldeei jadanik sufrimendu nahikoa eta gehiago eragin dien arazo politiko bat kroniko bihurtzeko eta betikotzeko gogo bizia.

Oraindik preso zein erbestean dauden pertsona horiek etxera itzultzea aurrerapauso erraldoia litzateke gure gizartearen normalizazio politikoan. Ez dago sobran gogora ekartzea zezen-plazan “Amnistia” zioen pankarta agertu zen unea aukeratu zuela poliziak Iruñea zigortzeko operazioa martxan jartzeko, ehunka zauritu eta Germán Rodriguezen heriotza ekarri zituena. Berrogeita zazpi urte geroago, hainbat herritar motibazio politikoengatik preso jarraitzea gure hiriko bizitza sozialaren normaltasuna eta elkarbizitza baldintzatzen dituen faktore bat da, familia askorentzat bidegabeko sufrimendua eragiteaz gainera.

Horregatik guztiagatik, dei egiten diegu Iruñeko herritarrei sanferminetan ere mobilizatzera, preso, erbesteratu eta deportatuak itzul daitezen ETXERA!