Honako ohar honen bidez, Sare Herritarrak eta Etxeratek datozen egunetan eta bereziki abenduaren 26an, Azken Ostiralarekin, Euskal Herriko hainbat hiri, herri zein eskualdetan antolatutako konzentrazioen berri eman nahi genuke.

Gatazkaren ondorioen konponbiderako geratzen zaigun azken zati hau beharrik gabe gehiegi luza ez dadin, euskal gizarte osoari dei egin nahi diogu parte hartzeko, beraz. Egin dezagun bide hori elkarrekin, atxikipen ideologikoak alde batera utzita. Egin dezagun apustu konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren alde. Egoera hau ezin delako gehiago luzatu.

Izan ere, aldarri eta mezu hori nabarmenduko dira elkarretaratze guzti hauetan. Ezin da gehiago luzatu diogunean, gatazkak utzitako ondorioek ezin dutela gehiago luzatu diogu, dagoeneko, gehiegi luzatu delako.

Herrialde guztietan eginen dira elkarretaratzeak eta urtarrilaren 10ean Bilbon ospatuko den manifestaldi nazionala hauspotu eta berotzeko balioko du. Urtarrilaren 10ean milaka herritarrek beteko ditugulako Bilboko kaleak, beste behin preso, iheslari eta deportatuak etxeratzearen aldarria egiteko eta Herri honentzat konponbidea, bakea eta elkarbizitza eskatzeko.