Musika munduan hain ezaguna den AZKEN GUDA DANTZA baten itxura hartzen du honek, ezta? Bai, munduko kultura askotan gudara joateko prestatzen ari diren borrokalariak DANTZA egiten dute indarra hartzeko. Ama Lurraren gainean erritmo jakin batean jauzi egin barren barrenean gordetako energia askatu eta beronetaz jabetzeko. Guk ez dugu gudara joan nahi. Aitzitik, gehiegi iraun duen guda bati behin betiko amaiera duin eta justo bat eman nahi diogu. Baina, egia bada bi lagun ez direla borrokatzen batek nahi ez badu; egia da ere oso zaila dela gatazka bati amaiera ematea lehian dauden aldeetako batek gudan jarraitzea nahiago badu. Eta horrela gabiltza gure Euskal Herri maite honetan. Euskal Herriaren gehiengo oso zabal batek konponbidearen aldeko hautua aspaldi egina badu ere, Madrilen bereziki eta baita Parisen ere oraindik orain indar haundia dute gatazka eta sufrimenduaren suharra bizirik mantendu nahi duten eragileak.

BAKEZALEAK GARA, BAKEA NAHI DUGU, dio oso ezaguna den abesti batek. Bakea nahi dugu eta Bakea behar dugu Herri gisa aurrera egiteko. Horregatik inoiz ez dugu etsiko Bakea eraikitzeko esku artean daukagun erronka erraldoi honetan. Ez dugu ukatuko urte guzi hauetan HATORTXUn lanean ibili garenok amets egin dugula HATORTXU zoragarri horrekin, zeinean ospatuko genuen Euskal Herrian ez zegoela gehiago preso, iheslari eta deportatu politikorik.

Egia da, ez dugu amets hori betea ikusi, baina horrek esan nahi duen gauza bakarra da amets hori bizirik dagoela, eta amets hori ahalik eta azkarren egi bihurtzeko lanean segituko dugula. Zuekin guztiekin batera. Euskal Herri osoarekin batera. Zeren HATORTXU Euskal Herriaren bihotzetik sortutako proiektua izan da, eta ziur gaude HATORTXUk ereindako elkartasun eta maitasun haziak azkar ernatuko direla berriro, Euskal Herriaren luze zabalean loratuz, fruitu berri eta distiratsuak emateko. HATORTXU badoa ideia eta egitasmo berriei lekua egiteko. HATORTXU badoa aldaketak azkartzeko borrokatzen ari denak sormenaren gurpila etengabe astindu behar duelako. Ur geldoak ez baitu errotarria mugitzeko indarrik. Eta bai, ez izan zalantzarik, HATORTXUREN enborretik sortuko dira kimu berriak, elkartasun taupadak biziberritzeko, espetxe eta erbesteko ilunak maitasun izpiekin argiztatzeko. Kateak apurtuz askatasunari ateak parez pare irekitzeko.

HATORTXU egin dugunontzat ohorea da Agur esateko aukera izatea hemen, Lakuntzan, Sakanako bihotz bihotzean dagoen herri maitagarri honetan, Euskal Herriaren erdigune geografikotik oso gertu. Nork ez ditu sentitzen hemen egonda gure Ama Lurraren bihotz taupadak? Eskerrik asko Sakana, Eskerrik asko Euskal Herria. Maite zaituztegu!! Eta ez ahaztu…..bihar, etzi, HATORTXUREN azken akordearen ohiartzuna haizearen itsasoan zabaltzen denean……Txantxangorrien belaunaldi berri batek arnastuko du akorde hori eta inoiz entzun dugun doinu ederrena bilakatuta itzuliko digu, denon gozamenerako. AGUR!!