
Bizkaiko gehiengo sindikala euskal presoen eskubideen alde mobilizatu da

Bizkaiko sindikatuek bat egin dute Gotzon Telleria Bilboko presoaren egoera salatzeko mobilizazio-kanpainarekin. Izan ere, Telleriak gaixotasun sendaezina du eta espetxean jarraitzen du.
Gaur, ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT-LKN, CNT, HIRU, EHNE eta ETXALDE sindikatuok Bilboko Plaza Biribilean bildu gara Gotzon SOS dinamikari babesa eta atxikimendua adierazteko.
Gotzon Telleria 68 urteko preso bilbotarra da, gaixotasun sendaezin bat jasaten duena.
Gotzon 2017. urtean sartu zen kartzelan eta 2019an gaixotasun genetiko honekin lotutako lehen sintomak detektatu zizkioten. Ordutik, bere osasun egoera okertu da. Jasaten duen gaixotasun genetikoak Dementzia Fronto Temporal edo ELA eragin dezake, biak degeneratiboak diren gaixotasunak.
Espetxe legediak zehazten duen bezala, Gotzon hirugarren graduan egon beharko litzateke, gaixotasun sendaezin bat duelako. Hala ere, bigarren graduan jarraitzen du.
Gaur hemen bilduta gauden sindikatuok 2019an Sarekin batera dinamika propio bat abiatu genuen salbuespen politikak salatzeko eta konponbide, bake eta elkarbizitzaren aldeko urratsak bultzatzeko.
Euskal langileok ere subjektu aktibo gara helburu hauek lortzeko bidean. Eta une hauetan, premiazkoa da azken hamarkadetan hainbeste mina eragin duten salbuespen politikekin amaitzea. Orain konponbidearen bidean pausoak ematen ari garen honetan, ezinbestekoa da gaixotasun larriak dituzten presoak kartzelatik irten ahal izatea, haien osasun egoera okertu ez dadin eta gaixotasunari baldintza egokietan aurre egin diezaioten. Berandu baino lehen, Gotzon etxera!