Select Page

Atristain eta Inziarteren 3. Graduak etetea salatu Dute Donostian eta Oreretan

Atristain eta Inziarteren 3. Graduak etetea salatu Dute Donostian eta Oreretan

Aste honetan jakin dugu Juan Manuel Inziarte eta Xabier Atristain euskal presoak Martuteneko espetxera itzuli behar izan direla martxoaren 2an hirugarren graduan sailkatzeko Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak hartutako erabakiaren aurka fiskaltzak jarritako errekurtsoa dela eta.

Oraingoan, bi kasuetan, lehen aldiz aplikatu da Auzitegi Gorenaren doktrina. Epai horren arabera, presoa espetxera itzuli behar da, Espetxe Zaintzako Epaitegiak fiskalaren hirugarren gradua eteteko eskaera onartzen duenean eta errekurtsoa ebatzi arte.
Atristainen kasuan, eskatutako baldintzak betetzen dituela argudiatuta, Justizia Sailak hirugarren gradua eman zion joan zen 2022ko uztailean. Baina hiru hilabete geroago, Espainiako salbuespenezko auzitegiaren erabakiaren ondorioz, bigarren gradura itzuli zen Donostiako presoa, eta espetxeratu zuten berriro. Duela hamabost egun inguru, hirugarren graduan sailkatu zuen, berriro ere, Atristain Eusko Jaurkaritzako Justizia Sailak, baina espetxeari eta Gasteizko Gabernuari jaramonik egin gabe Espainiako justiziak espetxeratu du berriz euskal presoa.

Atristainek 12 ia urte ta erdi bete ditu preso. Samingarria da bere kasua, izan ere, duela urte bat Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi zuen Espainiak prozesu justu eta ekitatezkoa izatea egotzi zioala Atristaini, ez baitzion utzi inkomunikazio aldian konfiantzazko abokatu bat aukeratzen. Espainiako Auzitegi Gorenak preso donostiarraren zigorra ez errebisatzea erabaki zuen.

Juan Manuel Inziartek 68 urte ditu eta 14 urte daramatza preso. Datorren urtean bere zigorraren hiru laurdenak beteko ditu. Duela hamabost egun Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak hirugarren graduan sailkatu zuen, espetxearen proposamenari kasu eginez.
Salatu behar dugu baita ere, egunotan publiko egin denez, duela gutxi iktus bat pairatu zuela Inziartek, eta eriondo dago une honetan. Ohartarazi nahi dugu espetxera itzultzeak ez diola inolako mesederik egingo bere berreskuratze-prozesuari.

Jakin badakigu Atris eta Juanmarenak ez dira kasu bakarrak. Auzitegi Nazionalak modu sistematikoan bueltatzen ditu euskal presoak bigarren gradura. Aurretik, Ainhoa Barabarinekin gertatu zen, eta lehenago Asier Karreraren kasuaren berri izan genuen, eta hilabete batzuk lehenago salaketa ezberdinak egin behar izan ditugu Mikel San Argimiro, Aitor Esnaolaren, Joseba Arregi edota Asier Rodrigezen egoera berbera salatzeko. Eta horretan jarraitu behar dugu, bai kalean eta baita instituzioetan ere. Donostia, Legorreta, Oñati, Santurtzi, Azkoiti, Etxarri edota Urretxuko udalak egoera salatzeko deklarazio instituzionala onartu zuten, orain Errenteriako udalak onartu du, egoeraren kezka argi utziz eta horrelako jokaerak atzean uzteko eskatuz.

Espetxe politikaren baitan aldaketak eman eta urruntze politikarekin ia amaituta dagoen honetan, Fiskaltzak, Audientzia Nazionalaren laguntzaz, legedia arruntaren ezarpenaren aurrean eta etxeratze prozesuaren aurrean oztopoak jartzen jarraitzen du, elkarbizitza zangotrabatuz eta euskal presoek aspaldi hasitako espetxe ibilbidea moztuz.

Guk argi dugu beraz, orain legeak dioen ibilbidearen baitan, presoen etxeratze prozesuan eragin behar dugula, presoek dituzten oztopoak bidetik kendu eta lege arrunta aplikatzeko eskatu behar dugu.

Gaur hemen batu gara egoera hau eta Fiskaltzaren eta Auzitegi Nazionalaren jarrera salatzeko. Baita, Juanma etxean behar lukeela argi adierazteko. Legeak ezarritako bideari oztopoak jartzeko jarrera hau, iraganeko egoerara itzultzeko nahiarekin baino ezin dugu lotu, halakorik ezin baita bestelakoan ulertu. Izugarria da 2023. urtean oraindik mendekuan eta gorrotoan oinarritutako jarrerekin jarraitzea.

Baina guk argi dugu, guk elkarbizitza eraiki nahi dugu, eta hori guztion artean egin behar dugu. Salbuespenezko espetxe politika behin betikoz amaitzea nahi dugunok elkarlanean aritu behar dugu, hori delako erantzunik eraginkorrena. Etxerako bidea bukatu bitartean, lanean eta kalean jarraituko dugu.