URTARRILAREN 9KO MANIFESTAZIOA, AUKERA BAT

Horixe da gure helburua. Manifestazio honek aukera bat izan behar du elkarbizitzaren aldeko urratsak ematen jarraitzeko.

SAREtik askotan adierazi izan dugu gure lanaren baitan dagoen desira bat: SAREk beharrezkoa izateari utziko dion unea ahalik eta lasterren iristea, gure Herrian bizi izandako bortxazko konfrontazioaren ondorioak behin betiko konpondu direlako. Ondorio horiek, ordea, konpondu gabe daude oraindik.

Hamabi urte baino gehiago daramatza SAREk helburu horren alde lanean. Urte hauetan pertsona asko izan ditugu ondoan, beren ideien, ahaleginen eta lan solidarioaren ekarpena egin dutenak bakean biziko zen gizarte baten alde. Gaur, urtarrilaren 9ko manifestazio garrantzitsua egin baino hilabete batzuk lehenago, haiek ere gurekin egotea nahi izan dugu. Eskerrik asko, beraz, denagatik, hainbestegatik.

Hamabost urte igaro dira ETAren jarduera armatua amaitu zenetik. Denbora honetan aurrerapauso garrantzitsuak gertatu dira, nekez espero zitezkeenak gure ibilbidea hasi zenean.

Amaitu ziren urruntze politika, zigor ziegak, zigorrak espetxeko lehen graduan osorik bete beharra… Argi dago egindako urratsak norabide egokian joan direla.

Baina aurrerapauso horiek onartuta ere, adierazi behar dugu oraindik bidea dugula egiteko, motibazio politikoko iheslaririk, deportaturik eta presorik gabeko egoerara iritsi arte eta, horrekin batera, urte luzeetako konfrontazioak eragindako biktima guztiek duintasunezko tratamendua jaso arte ere.

Horregatik, urtarrilaren 9ko manifestazioa euskal gizartearen zati handi baten borondatearen isla izatea nahi dugu, konponbidean, bakean eta elkarbizitzan aurrera egin nahi duen gizartearena.

HAUEK DIRA DATUAK:
Iheslariak: 13

Deportatuak: 3

Presoak 112: (Gizonak: 97 / Emakumeak: 15)

• 3. graduan edo 2. graduan 100.2 artikulua aplikatuta: 73
• Kalera ezertara atera gabe (Erregimen itxian): 39
• EAEko espetxeetan: 107 (39 barne, kontrol telematikoa dutenak)
• Nafarroako espetxean: 3
• Frantsez estatuko espetxeetan : 2

 

Eusko Jaurlaritzak onartuko 3. graduak (2025eko abuztua / 2026ko abuztua): 19
• Fiskaltzak errekurrituta: 9

 

Eusko Jaurlaritzak onartutako 100.2 artikuluaren aplikazioak (2025eko abuztua / 2026ko abuztua): 23
• Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak onartuak: 3
• Onartu gabeak: 3
• Erabaki gabe daudenak: 17

 

SAREren jarduera hasi zenetik, gure ahaleginak bideratu dira, halaber, desberdinen arteko adostasunak lortzera, besteei entzutera eta akordioak bilatzera. Horregatik, datozen asteetan, topaketa sorta bat egingo dugu erakunde politikoekin, sindikatuekin eta elkarteekin. Gure helburuen berri helarazi nahi diegu, baita laguntza eskatu eta haien iritziak entzun ere.

ASKATU GABE DIRAUTEN KORAPILOAK

Aipatu ditugun preso horietako askok hirugarren graduan egon beharko lukete, bete duten zigor denboragatik. Hala eta guztiz ere, EAEko Administrazioak, tratamendu batzordeek proposatuta, 100.2 artikuluaren aplikazioa edo hirugarren gradurako progresioak onartzen dituenean, zenbaitetan Fiskaltzak errekurtsoak jartzen ditu eta, ondoren, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak onartzen ditu; irizpide juridikoak ez dira aldatzen, baina bai aplikaziorako irizpideak. Hori guztia eremu juridikoetatik, politikoetatik eta/edo mediatikoetatik egindako presio-mekanismoen emaitza da, errebantxarako grinari erantzunez, eta ez hainbeste justizia-irizpideetan oinarrituta.

Gogora ekar daiteke ETAren biktima batek berriki egindako gogoeta, presio horien aurrean honako hau adierazi baitzuen: “erreibindikatu behar dugu bergizarteratzea ez dela inpunitatea”.

Eta “korapiloak” deitzen ditugun horien barruan kokatzen dugu duela hamarkada batzuetako gertakariekin lotutako inputazio, zitazio eta prozedura judizial berriak bultzatzen direla ikustea.

Egoera horien aurrean, berriz ere esan behar dugu espetxe arloko euskal eredua, Eusko Legebiltzarrean gehiengo handiz onartu zena, oinarrizko tresna bat dela espetxe-politika humanista eta aurrerakoia aplikatzeko, zeinaren helburu nagusietako bat zigorrak erregimen irekian betetzea baita.

Egoera horiek kezkagarriak iruditzen zaizkigu. Berriz diogu urrats garrantzitsuak egin direla, bai, baina horrelako egoerek aurrerapausoak iluntzen dituzte eta egoera bidegabeak luzatzen dituzte.

BIDE LUZEA DAGO EGITEKO

Joan den ekainaren 6an, Arrasaten, aurrerantzean egin beharreko bidea markatu genuen. Gure ustez, eta gaur berriro diogu, prozesu luze eta zail baten amaieraren azken txanpan gaude.

Baina ez ditugu ukatzen oraindik ere aurrean ditugun zailtasunak.

Horregatik jarraitu behar dugu lanean, patxadaz, arduraz eta elkarrizketaren aldeko jarrerarekin, espetxe-legeria arruntaren aplikazioa defendatzen, bai eta espetxe arloko euskal eredua, pertsona guztien eskubideen errespetua eta elkarbizitza ere, memorian, biktimen aintzatespenean eta iraganeko zauriak behin betiko ixteko borondatearen gainean eraikitakoa.

Horregatik, Bilbon urtarrilaren 9an egingo dugun manifestazioak orain arte egindako guztiek baino garrantzi handiagoa du. Azken manifestazioa izatea nahiko genuke, horrek esan nahiko lukeelako presorik, iheslaririk eta deportaturik ez dagoela jada. Egoera hau asko luzatzen ari da eta, gure herrian, elkarbizitza lortuko badugu, konponbidera daramaten urratsak behar dira. Eta bide horretan, ezinbestekoa izango da guztion lana eta ahalegina.

HELMUGA DENAK ETXERA