Gabonak ate joka ditugularik eta urtero egin ohi dugun moduan, aurtengoan ere, Euskal langilegoaren gehiengoa ordezkatzen dugun sindikatuok bat egiten dugu konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren aldeko aldarriarekin. Urteak daramatzagu norabide horretan lanean eta oraingoan ere, biolentzia ezberdinen biktimen egia eta aitortza eta euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea ardatz mobilizatu gara hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.

Ailegatzeko bi aste eskas falta zaizkion 2026ak, urte berriarekin batera zenbait urtemuga esanguratsu ekarriko dizkigu agendara. Besteak beste, ETAk bere jarduera eten zuenaren 15. urteurrena. 15 urte beteko dira biolentzia eten zenetik eta datak duen garrantzia aintzat hartuta, atzera begirako ariketa zintzoa egitea dagokie euskal gizarteari, instituzio, arduradun politiko eta alderdiei, baina baita ere noski sindikatuoi.

Indarkeria amaitu eta ondorengo 15 urte hauetan zenbait aurrerapen ikusi ditugu konponbidearen eta bakearen logikan, baita biolentzia ezberdinen biktimen aitortzan eta zer esanik ez euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzean. Baina behin betiko konponbidea gehiegi luzatzen ari denaren eta beraz, dagoeneko gehiegi luzatu denaren adierazle garbiak dira 15 urte hauek. Mundu mailan gertaturiko beste zenbait gatazketan ez bezela, 15 urte ondoren, gurean, indarrean jarraitzen du sufrimenduak eta indarrean jarraitzen du salbuespenak.

Salbuespen lege eta politikarekin behin betiko amaitu behar dugula aldarrikatzeko eta gatazkak utzitako ondorioek behin betiko konponbidea ezinbestekotzat dutela eskatzeko batuko gara Euskal langilegoaren gehiengoa ordezkatzen dugun sindikatuok Sare Herritarrak Urtarrilaren 10an “Ezin da gehiago luzatu” lelopean deitu duen manifestaziora. Beste urte batez, bertan izango gara gu ere. Beste urte batez, langileok konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren alde mobilizatuko gara Bilbon.

 

EUSKAL PRESO, IHESLARI ETA DEPORTATUAK LANTOKIETARA

ELA · LAB · ESK · STEILAS · CGT/LKN · CNT · HIRU · EHNE · ETXALDE