Gasteiz | 2026ko urtarrileko manifestazioaren aurkezpen-prentsaurrekoa
Eskubideez ari garelako. Zuzenbide estatu batean eskubideak, definizioz, ezin dira urratu eta, urratzen badira, salaketa egin eta babestu behar dira. Eskubideak defendatzea betebehar zibikoa da.
Eta egoera hau mantentzea ez delako ona inorentzat.
Horregatik, dei egin dizuegu gaur hona, iragartzeko milaka eta milaka pertsonak Bilboko kaleak beteko ditugula berriz, oraingoan urtarrilaren 10ean, preso daudenen eskubideak defendatzeko eta, batez ere, Euskal Herrian konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren aldeko apustua egiteko.
Gaurko deialdia baliatuko dugu, halaber, ibilitako bidearen balantzea egiteko eta, are garrantzitsuagoa dena, egiteko dugun bide zatia gogoratzeko.
34 urte behar izan dira urruntze politika ankerra bertan behera uzteko, 2023ko martxoan, zehazki.
Beste hainbeste urte behar izan dira ia preso guztiak espetxeko lehen gradutik, hau da, erregimen itxitik, ateratzeko. Espetxeko erregimen horrek salbuespena izan beharko luke, kontuan harturik presoen eskubideak nola mugatzen dituen.
2023. urteaz geroztik, hortaz, aurrerapauso nabarmenak egin direla onartu beharra dago.
Sareren iritziz, orain, gehiegi luzatu den eta sufrimendu handia eragin duen prozesuaren azken txanpari ekin behar diogu.
Eta bidearen azken zati hau beharrik gabe gehiegi luza ez dadin, euskal gizarte osoari dei egiten diogu. Egin dezagun bide hori elkarrekin, atxikipen ideologikoak alde batera utzita. Egin dezagun apustu konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren alde.
Duela egun batzuk gogora ekarri genuen Euskal Herriko kartzeletan 123 preso daudela, eta beste 3 Frantziako espetxeetan.
Gogora ekarri genuen, halaber, preso horietatik 63 espetxeko bigarren graduan daudela oraindik, zigorraren erdia bete badute ere, legearen arabera hirugarren gradura pasatzeko behar den zigor zatia, alegia.
Eta gogora ekarri genuen preso horietatik %25ek baino gehiagok (32) zigorraren zati handi bat bete duten arren ez dutela orain arte irteera programaturik edo espetxe baimenik izan, espetxe arloko araudian ezarrita badago ere posible dela neurri horiek ezartzea zigorraren laurden bat beteta izanez gero.
Zaila da ulertzen irizpide arbitrario eta diskrezionalen aplikazioa izatea Euskal Espetxe Eredua deitutakoaren oinarria. Preso guztien gradu-progresioa ez da berdina izan behar, baina denei irizpide berberak aplikatu behar zaizkie. Eta EAEko espetxe agintari nagusiek argi jokatu behar dute gai honetan.
Arrazoi asko daude urtarrilaren 10ean berriz eska dezagun salbuespenik gabeko espetxe politika arrunta aplika dezatela.
Izan ere, salbuespenak mantentzen dira eremu politikoan eta legeen arloan, non eskubideak murrizten dituzten legeak baitaude indarrean, beste garai batzuetan preso hauentzat propio onartu zirenak. Orduan ere gaitzesteko modukoak ziren lege horiek, eskubideen urraketa eragiten zutelako, eta are gaitzesgarriagoak dira orain, ETA desagertu zenetik 15 urte baino gehiago iragan direla.
Salbuespenak ez dira desagertu eremu judizialean, non espetxe zuzenbide arruntetik urrun dauden jarrerak baitaude, salbuespeneko irizpideekin eta legeak hitzez hitz dioenaz haragoko exigentziekin. Zorionez, jarrera horiek ez dute lausotzen fiskal eta epaile batzuek indarrean den legeriaz egiten duten interpretazioan erakutsi duten aldaketa positiboa, alde batera utzi baitute lehenagoko blokeo jarrera hura.
Espetxeko tratamenduan ere salbuespenak daude oraindik.
Gehiago sakondu behar da azken urteotan orokorrean egin den aurrerabidean: inertziak hautsi, klitxeak eta aurriritziak baztertu, eta espetxe eredu aurreratu bati dagozkion irizpideak aplikatu behar zaizkie preso horiei; iraganari lotutako jarrerak, hondarrekoak badira ere, gainditu behar dira, gizartera itzultzeko prozesuak oztopatu edo atzeratzen dituztelako.
Berandu gabiltza, urte asko iragan direlako salbuespenek bukatuta behar zutenetik. Ezin dugu utzi hala gertatzen jarraitzea.
Egoera hau ezin da gehiago luzatu.
Horregatik, EZIN DA GEHIAGO LUZATU goiburuarekin, urtarrilaren 10ean berriz eskatuko dugu espetxe politika arrunta presoentzat, bai eta iheslarien eta deportatuen itzulera ere.
Errepikatu nahi dugu preso hauen eskubideen defentsak ondoan behar duela haien indarkeriaren edo beste indarkeria batzuen ondorioak jasan zituztenen eskubideen eta sentimenduen aitortza. Beti defendatu dugu urte haietako indarkeria guztiak sufritu zituztenek merezi dutela euskal gizartea ahalegintzea aitortza ematen eta minaren erreparazioa egiten.
Mintzaldi hau ideia batekin hasi dugu eta ideia horrekin berarekin bukatuko dugu: egoera hau ez da ona inorentzat. Salbuespen politiken amaierak, ezinbestez, jarrerak hurbilduko ditu, enpatia berriak sortuko ditu, zauriak sendatuko ditu. Mina sortzen segitzea inongo premiarik gabe, edonor dela ere jasaten duena, iraganaren ondorioetarako behin betiko konponbidearen kontra daudenen erantzukizuna da, ez beste inorena.
Garaia da aurrera egiteko eta lehenbiziko pausoetako bat da, nahitaez, legeak salbuespenik gabe aplikatzea; hau da, konponbide legal eta progresibo bat ematea oraindik espetxean daudenei.
Lehenbailehen egin beharra dago, berandu gabiltzalako.






