U11 BILBO HITZARTZEA | BEHIN BETIKO konponbidea, elkarbizitza, bakea
Mila esker denoi, berriz ere Bilboko kaleak ilusioz eta esperantzaz betetzeagatik beste behin ere euskal presoen eskubideak erreibindikatzeko.
Eskerrik asko herri honetako emakume eta gizonei, argi eta ozen esateagatik presoen egoera konpondu ezean ez dagoela normaltasunik.
Izan ere, KONPONBIDEA da elkarbizitzaren oinarria, justiziazko bakera hurbiltzeko bide bakarra delako.
Eskerrik asko Euskal Herriko alderdi politikoei, sindikatuei eta elkarteei, hemen daudenei eta ez daudenei, erreibindikazio honekin bat egiteagatik.
Moltes grácies , als nostres amics i amigues de Catalumya e Illes Balears per ser-hi. Gracies, una vegada més: OMNIUN, ANC, ERC, JUNTS, CUP, MÈS PER MALLORCA y la COORDINADORA DE L´ADVPCACIA DE CATALUNYA, per la vostra solidaritat.
Moitas grazas, BLOQUE NACIONALISTA GALEGO.
Pdte. Quim Torra, Moltes gracies, per apoiar-nos una vegada mes.
Mila esker, Ines Osinaga, Gorka Knorr eta Lluis Llach
Gure aldarrikapena babesten dute gaur Bilboko kaleak betetzen ari diren milaka pertsonaren adorezko oihuek, ez baitute utziko beren izenean eskubideak urratzen eta konfrontazioa eta krispazioa areagotzen segitzea.
Denon artean lortuko dugu presoen eskubideak urratzen dituzten politikak baliogabetzea.
Denon artean ekarriko ditugu etxera, erbesteratuekin eta deportatuekin batera.
Aurrera goaz. Etapak betetzen goaz. Dudarik gabe nahi genukeen baino motelago, baina ongi goaz: aspaldi utzi genituen atzean urruntze politikak eta haiek eragiten zituzten eskubide urraketak; bakartze ziegak; lehen graduan mantentzea zigorrak bete arte; eta berriki, gainera, garaipen bat lortu dugu blokeoari eta krispazioari eusten tematzen direnen kontra: bukatu da betetako zigorrak aintzat ez hartzea. Bukatu da presoek jasan behar izan duten zentzugabekeria juridiko nagusietako bat.
Gure aurpegietan iaz baino poz handiagoa ikusten da aurten. Eta hurrengo urtea are hobea izango da. Baina hobekuntza hori guztion lanaren araberakoa izanen da.
Gure zeregina da bultzatzen jarraitzea, baina, horretarako, batera ibili behar dugu, bat egin behar dugu bidean jarri ahal dizkiguten oztopo guztiei aurre egiteko. Batasunetik eta zuzenbidearen eta giza eskubideen aldeko konpromiso militantetik baizik ez diogu bukaera emango konfrontazioz eta sufrimenduz beteriko garaiari.
Nolanahi ere, salbuespen batzuk indarrean daude oraindik. Batetik, duela 20 urte baino gehiago, euskal gizarteak egun bizi duenaz guztiz bestelako garaietan onartu ziren legeek eragiten dituzten salbuespen neurriak, eta, bestetik, espetxeetako gestioan egunero aplikatzen direnak.
Esan beharra dago ezen, gradu progresioei, espetxe baimenei eta zigorrak betetzeko beste eredu batzuei dagokienez, motibazio politikoko presoei aplikatzen zaien tratamendua diskriminatzailea dela beste preso batzuek jasotzen dutenarekin alderatuta.
Ez dugu inolako pribilejiorik eskatzen, espetxe politika arruntaren aplikazioa baizik, salbuespenik gabe, diskriminaziorik gabe, abagune politikoaren menpe egon gabe. Gainerako presoei ezartzen zaizkien tratu eta irizpide berberak eskatzen ditugu.
Eskatzen dugu ez daitezela geldiarazi hirugarren gradurako progresioak eta espetxe baimenak, ez eta zigorrak kartzelatik kanpo betetzeko beste edozein eredu ere.
Ezarritako zigorrek ezin dituzte presoen eskubideak ezabatu. Ezin diete askatasunerako eskubidea galarazi.
Zenbait talde politiko eta judizial eta zenbait komunikabide motibazio politikoko presoen kontzientzien aztertzaile bihurtu dira, eta hori bukatu behar da.
Nor dira haiek kartzelan urteak eta urteak eman dituzten pertsona batzuek banaka-banaka adierazi duten borondatearen egiazkotasuna, zintzotasuna eta sakontasuna zalantzan jartzeko?
Espetxe zuzenbidearen eta zigor zuzenbidearen helburua ez da pertsonen arimaren konbertsioa. Zuzenbide horren xedea elkarbizitza bermatzea da.
Irmo adierazi behar dugu euskal presoek, 2011z geroztik, bakearen eta elkarbizitzaren aldeko urrats gehiago egin dituztela Espainiako eskuin politiko eta judizialak baino.
Beraz, ez exijitu preso horiei kartzelan dagoen beste edozein presori lege arruntak exijitzen ez dion ezer. Eta lor dezagun behingoz ziegetako ateak irekitzea, etxera itzultzeko aukera izan dezaten. Espetxe politika arruntak horretarako aukera ematen du.
Berriz gogoratu behar dugu ETA ez dela jada existitzen, ETAk aspaldi hartu zituela bere erabakiak eta aurrera egiteko garaia dela. Hormak hautsi eta korapiloak askatzeko garaia dela, bakearen garaia. Indarkeriarik ez izatea baino askoz gehiago den bakearen garaia. Eskubideak ekartzen dituen bakearen garaia: herri honetan gertatu dena ez ahazteko eskubidea, baina, horrekin batera, elkarbizitza denon artean eraikitzeko eskubidea ere. Gorrotorik ez, errebantxarik ez. Are gutxiago gorroto hori biktimen minetik etekin politikoa lortu nahi dutenengandik etortzen bada.
Eraiki dezagun elkarbizitza autokritika kolektibotik abiatuta. Ezin dakieke autokritika eskatu soilik euskal presoei, giza eskubideak urratu dituzten guztiek ere gauza bera egiten ez badute; Estatua bera tartean.
Gure herrian gertatu diren eskubide urraketa guztien gaineko memoria kolektiboa eraikitzeko, nahitaezkoa da kontuan hartzea baita ere estatuko terrorismoak eragin dituen hilketak, torturak eta agintearen gehiegikeriak. Indarkeriarik gabeko bakeak ez digu balio baldin eta bake horrek berekin ekartzen baditu bidegabekeriak eta memoriaren ezabaketa.
Izan ere:
Bidegabekeria da euskal presoen kontrako salbuespen neurriei eustea.
Bidegabekeria da salbuespeneko legeak mantentzea, askatasunik gabe 40 urteko zigorra osorik betetzera behartuz, adibidez.
Bidegabekeria da blokeatzea gradu progresioak eta zigorrak betetzeko beste modu batzuk, kartzelaz bestelakoak.
Bidegabekeria da Guardia Zibilari omenaldiak egitea, egin dituzten torturen biktimak ahaztuta.
Bidegabekeria da, halaber, biktimak politikoki erabiltzea eta haien mina manipulatzea.
SAREn oso argi daukagu sendotu beharra dagoela indarkerien biktimentzako babesa eta sostengua. Indarkeria guztien biktimek merezi dute babes hori. Biktimak berdinak dira sufrimenduan, baina ez dira berdinak neurri politiko eta judizialak hartzeko orduan.
Aitortza berdina exijitzen dugu segurtasun indarrek, estatu terrorismoak edo faxistek torturatu eta eraildako milaka pertsonarentzat, baita boterearen edo Guardia Zibilaren gehiegikeriak jasan dituztenentzat ere, haiek ez baitute aitortzarik. Gehiegikeria horien egileek, ordea, anonimotasuna eta inpunitatea bermatuta dituzte. Biktima horiek existitzen dira, eta ezkutatu egiten dituzte.
Bide luzea dugu aurrean oraindik, baina indartsu gaude, arrazoia dugulako. Espetxeen arazorako eta biktima guztientzako justiziazko konponbide batek bakarrik hurbilduko gaitu bakerantz.
Behin betiko. Preso horiek justizia arruntaren bidetik etxera itzultzeko garaia da.
Mauletik Iruñera, Baionan, Donostian, Gernikan edo Biasterin barna, konpromisorako garaia da. Gure herrian sufritu dugun gatazkaren ondorio guztiak ixteko eta bukatzeko garaia da. Sufrimenduaren bukaera erreibindikatzeko eskubidea eta legitimitatea daukagu.
Iraganeko belaunaldiei zor diegu. Baina, batez ere, etorkizuneko belaunaldiei utzi behar diegu guk geure aurrekoengandik jaso genuena baino hobea izango den gizarte bat.
Horretarako, bide horretan bultza egiten jarrai dezazuela eskatzen dizuegu.
BEHIN BETIKO. Konponbidearen, justiziazko bakearen eta elkarbizitzaren unea da.
MILA ESKER!
SARTU BIZUMKADAN ETA EGIN ZURE EKARPENA: https://sare.eus/bizumkada/