Datorren larunbateko manifestaziorako hiru egun falta diren honetan, manifestazioaren inguruko azken alderdi tekniko batzuk azaldu nahi ditugu, eta baita horren arrazoiak azpimarratu ere.

Ez gaude aldarrikapen politiko eta, beraz, alderdikoi baten aurrean. Manifestazio Nazional hau Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko aldarria da, haien eskubideak urratzen jarraitzen baitute.

Giza eskubideen aldeko aldarria da. Horrela bakarrik uler daiteke SARE bezalako elkarte batek, urtez urte, dozenaka mila pertsonak kaleak bete eta bidegabekeriarik gabeko bakea eskatzea.

Euskal presoen eskubideak berriz aldarrikatzea eta indarkeriaren biktima guztiei zor zaien errespetua eskatzea izango dira egun honetan bidelagun.

Mobilizazioari atxikimendua eman diote:
• Alderdiak: EH Bildu, Podemos Euskadi, Sortu, EA, Alternatiba, EH Bai, Junts, ERC, CUP, BNG, Més Per Mallorca.

• Sindikatuak: ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU, EHNE, CGT, CNT, ETXALDE.

• Eragile edo Elkarteak: Etxerat, Gure esku Dago, EHko Torturatuen sarea, Bilgune Feminista, Harrera, Ernai, Gazte Abertzaleak, Eraiki, Aske Jailadia, 40 Minutu Rock, Itsas Martxa, Eihera, ANC, Omnium Cultural, Kataluniako abokatutzaren Koordinadora.

• Politikarien, sindikatuen eta elkarteen ordezkaritza zabal horrekin batera, kultura, unibertsitate, kirol eta abarren arloko pertsona ugarik helarazi digute atxikimendua.

Beste gai bat ere helarazi nahi dizuegu, eta bide desberdinetatik euskal gizarteari ere helaraziko diogu.

SARE, erakundeen diru laguntza oso gutxirekin lan egiten duen elkartea da, eta sare kideen laguntzen eta antolatzen ditugun ekitaldi eta manifestazioetan egiten ditugun diru-eskeen bidez egiten du aurrera.

Argi dago baliabideak behar ditugula gure lana egiten jarraitu ahal izateko, eta horregatik aurten ere martxan jarri dugu BIZUMKADA NAZIONALA (https://sare.eus/bizumkada) ekimena, euskal gizarteari gure lana egiten jarraitu ahal izateko beharrezkoa den laguntza ekonomikoa eskatzeko.

Ekimen honekin edozein herritarrek lagundu ahal izango du, manifestazioan parte hartu edo ez, manifestazioa baino egun batzuk lehenago eta ondoren ere aukera irekita egongo baita.