EZIN DA GEHIAGO LUZATU
Ezin da egoera hau luzatu, konponbidea behar du, orain. Giza eskubideen urraketaz ari gara; bidegabekeriei eta salbuespen legeei bukaera emateaz; eta elkarbizitza josteaz, gure pluraltasuna onartuta.
Mila esker Euskal Herriko gehiengo politiko, sindikal eta sozialari, hemen daudenei eta ez daudenei, helburu horiekin bat egiten dutelako.
2023az geroztik, atzean uzten joan gara euskal presoen urruntzea eta sakabanaketa, bai eta zigorrak espetxeko lehen graduan betetzeko politikak ere.
Iaz esan genuen gure aurpegiak alaiago zeudela aurreko urtean baino, eta hurrengo urtea hobea izango zela. Eta bai, hala da, hobea da.
Azken txanpan gaude. Lortzen ari gara 2014an jarri genituen helburuak: euskal presoen eskubideen urraketa bukatzea eta espetxe legeria arrunta aplikatzea, aukera izan dezaten etxera itzultzeko eta haien bizitzak berregiteko.
Prozesua ez da bukatu ordea. Giza eskubideak denon artean erreibindikatzea da hamarkadetan izan dugun konfrontazioa eta sufrimendua bukatzeko bide bakarra. Euskal gizartearen konpromisoak posible egingo ditu KONPONBIDEA, BAKEA eta ELKARBIZITZA.
Bidegabeko egoerak ezin dira gehiago luzatu. Konfrontazio eta sufrimendu urteen ondorioz, gure herriko elkarbizitzan haustura gertatu da.
Garaia da elkarrekin elkarbizitza demokratiko eta normalizatua eraikitzeko, bestearekiko eta pertsonen eskubideekiko aitortzan eta errespetuan oinarritua.
Lan egin dezagun gizarte justuagoa, libreagoa eta humanoagoa eraikitzeko. Helburu horretan ez dago inor sobran. Edo beharbada bai.
Sobran daude tematzen direnak biktimen mina eta sufrimendua interes alderdikoien alde erabiltzen, eta tematzen direnak biktimen artean kategoriak daudela defendatzen. Errespetuak eta aitortzak denentzat berdina behar dute izan.
Inork ez du legitimitaterik biktima baten minaren intentsitatea minaren eragilearen arabera neurtzeko.
Sobran daude espetxeko eskubideen urraketa mantentzen tematzen direnak.
Sobran daude besteei autokritika eskatu bai, baina beren buruaren autokritika egiteari uko egiten diotenak, egindako tortura sistematikoengatik, Estatuko terrorismoagatik, lege bereziengatik, agintekeriagatik edo horiek onartu, babestu edo justifikatzeagatik.
Sobran daude beren estrategia mendekuan eta gorrotoan oinarritzen dutenak.
Benetan demokratikoa izan nahi duen gizarte batek ezin du ukatu euskal presoek eskubidea dutela beren bizitzak normalizatzeko, ziegetatik ateratzeko, zigorrak erregimen irekian betetzeko edo, besterik gabe, etxera itzultzeko.
Horregatik, exijitzen dugu salbuespenak bukatzea, legeen arloan, arlo judizialean eta arlo politikoan oraindik aplikatzen zaizkienak.
Bai, Presoak Etxera… Bai, Presoak Etxera.
Preso hauei ezin zaie exijitu lege arruntek preso dagoen edozeini eskatzen diotena baino gehiago.
Eta gaur, beste behin ere, errepikatuko dugu duela urte bat hemen bertan esan genuena.
2011. urtetik hona, euskal presoek urrats gehiago egin dituzte bakearen eta elkarbizitzaren alde Espainiako eskuin politikoak eta judizialak biek batera baino.
Presoen eskubideak eskatzen jarraituko dugu azken presoa etxera itzuli arte.
Izan ere, guztion ahaleginarekin baizik ez dugu lortuko ziegen ateak irekitzea eta etxera itzultzea. Posible da espetxe politika arrunta aplikatzen bada.
Bai, Presoak Etxera… Bai, Presoak Etxera
Eskatzen segituko dugu gure leloak, gure erreibindikazioak eta gure banderolak erakutsiz, batzuei molestatu arren, lelo eta banderola horiek oroigarri bat ere badirelako; mendekuzko espetxe politikaren biktima guztien oroigarria; alegia, presoak bisitatzera zihoazela errepidean hildako 16 senideak eta kartzelan hildako 35 presoak.
Euskal Herrian, elkarbizitza ez da ahanzturaren bidez etorriko, egiaren eta aurrera egiteko borondate partekatuaren bidez baizik.
Hormak zeuden tokian zubiak eraikiz.
Korapiloak zeuden tokian horiek askatuz.
Eta bestea onartuz, norbera izateari utzi gabe.
Gure herrian gertatu diren eskubide urraketa guztien memoria kolektiboa eraikitzeko, gogoeta kolektiboa egin beharra dago. Indarkeriarik gabeko bakeak ez du ezertarako balio bidegabekeriak eta memoria falta dauden bitartean.
Inor ez da behartu behar bizi izan duena ahaztera. Biktimen minak begirunea eta aitortza behar ditu, anbiguetaterik gabe.
Haien sufrimendua ezin da gutxietsi edo interes alderdikoiengatik erabili. Haien memoriak etika publiko partekatuaren funtsezko elementua izan behar du.
Hori dela eta, aitortza bera exijitzen dugu torturatuentzat, milaka baitira; segurtasun indarrek eraildakoentzat; indarkeria guztien biktimentzat; eta bai, halaber, euskal presoen eta haien senideen gorputzak eta arimak puskatzeko diseinatu zen espetxe politikaren biktimentzat.
Horrelako biktimak ere badira. Eta horietako asko hemen zaudete gaur, ikusezin bihurtu nahi bazaituztete ere.
Eskubide urraketa horiek azaleratu behar dira, eta horien egileak oraindik babesten dituen inpunitatea bukatu beharra dago.
EZIN DA GEHIAGO LUZATU
Bai, gure herriak bizi izan duen gatazkaren ondorio guztiak ixteko eta bukatzeko garaia da.
Eskubidea eta zilegitasuna dugu sufrimenduaren bukaera erreibindikatzeko eta apustu irmoa egiteko entzutearen, elkarbizitzaren, elkartasunaren eta konponbidearen alde.
Prozesu luze eta neketsu baten azken txanpan gaude.
Eta uneren batean sentitzen badugu nekatzen garela, ikas dezagun atseden hartzen, baina sekula ez etsitzen. Iraganeko belaunaldiei zor diegu, baina, batez ere, etorkizuneko belaunaldiei, guk jaso genuena baino gizarte hobea izan dezaten.
Aukera bat daukagu elkarbizitzan oinarritutako gizarte bat eraikitzeko, heldua eta elkarrizketarako irekiagoa.



