Konponbidea, bakea eta elkarbizitza. Ordena horretan, posible da euskal gizartearen zati handi batek, gure ustez, nahi dituen helburuak lortzea
📋 Konferentziaren dosierra: https://sare.eus/ii-konferentzia
🎟 Sarrera gonbidapenarekin, eskuratu zurea esteka honetan: https://labur.eus/II_Konferentzia
Konponbidea
Bakea eraikitzen ari gara. Motel goaz, benetako bake prozesu bat hasi izan balitz baino askoz ere motelago. ETAk bere jarduera bukatu eta operatiboa izateari uzteko erabakia
hartu ondoren hala egin balitz, bide horretan aurrera egiteko neurriek ez zuten alarmarik sortuko gizartean.
Jarraitu beharreko ereduak eragile sozial eta politikoek adostutako bake prozesu batena izan behar zuen. Izan ere, XX. mendeko azken hamarkadan, horrelako zenbait prozesu
garatu dira oinarri politikoa zuten bortxazko gatazkak egondako beste herrialde batzuetan, diktadura izaerako esparru politikoak izan nahiz estatu demokratiko gisa
homologatutako estatuak izan.
Helburu hori lortzeak, besteak beste, konponbide justua aurkitzea eskatzen digu, izaera arrunteko espetxe-politika baten bidez, oraindik espetxean dauden 126 presoentzat,
110 gizon eta 16 emakume, alegia: 123 EHko kartzeletan eta 3 Frantziako kartzeletan.
Preso horietako askok 20 urte baino gehiago daramatzate kondena beteta, eta hainbat dira 30 urtetik gorakoak. Preso horietatik 65 oraindik 2Gn daude, eta 42 3Gn.
65 horietatik, 35 presok erregimen irekian bete lezakete zigorra, legeak eskatzen duen zigorraren zatia betea dutelako, eta horiei beste 11 gehitu ahal zaizkie –guztira, 46–, egoera berean egongo liratekeenak Frantziako estatuan betetako zigorra kontuan hartuz gero. Beste hainbat baldintzapean aske egon litezke, zigorraren hiru laurdenak bete dituztelako. Baina horietako askori, ordea, kanpoko bizitzarekin harremanetan berriz jartzeko aukera errazenak ere ez zaizkie eman (irteera programatuak, baimenak…).
Estatu demokratikoetan, askatasuna kentzeko zigorren xedea zigortutakoak bergizarteratzea da, inolaz ere ez talioaren legea eta mendeku instituzionala.
Zigor Zuzenbidea bake soziala bermatzeko tresna bat da. Eta Espetxe Zuzenbidean, hau da, zigorrak nola betearazi ezartzen duten arauen multzoan, agintzen duen irizpidea da presoak eskubideen titularrak direla eta eskubide horiek ezin direla erlatibizatu. Eskubide horietako bat da gizartera itzultzeko modua aurkitzea, legeak ezartzen dituen baldintzekin.
Indarkeria bukatu denean, berriz ez egiteko eta eragindako kaltea onartzeko konpromisoa dagoenean, eskubide hori errespetatu eta babestu behar da, irmotasunez. Bateragarri egin behar dira espetxe politika humanista eta indarkeria guztien biktimen sufrimenduarekiko elkartasuna, beharrezkoa baita hori ere; biktima guztiei tratu berdina eman behar zaie, Estatuko botereen aldetik diskriminaziozko traturik jaso gabe. Biktima guztiek dute memoria, egia, aitortza eta erreparazioa eskatzeko eta exijitzeko eskubidea.
Espetxe politika arrunta aplika dadila eskatzeak ez dakar biktimen duintasuna kaltetzea. Presoen gizarteratzea zuzenbideko estatu ororen ideal bat da. Pertsona horiek lehenbailehen kartzelatik atera daitezela eskatzea garrantzitsua da, eta ukaezina da haien gizarteratze prozesua erraza izango dela eta ez dela gertatuko biktimen sentsibilitaterako mingarria den portaerarik.
Gizarte moduan, beste biktimengan ere jarri behar dugu arreta. ETArenaz gain beste indarkeria batzuk ere jasan ditugu, herritar partikularren eskutik ez, baizik eta Estatuarenetik beretik etorri direnak, dela legea gehiegikeriaz erabiliz, dela guztiz legez kanpoko jokabideekin.
Eskubide horiek guztiak, salbuespenik gabeko espetxe politika, eta biktima guztientzako duintasunezko tratua elkarren osagarri dira zuzenbide estatuaren printzipioek zuzentzen dituzten gizarte irekietan.
Konponbidearen arlo honetan, hainbat gogoeta helaraziko dizkigute izen handiko zenbait pertsonak, beraien herrialdeetan indarkeriaren ondorioen konponbidean lanean aritutakoek.
Michael Culbert. IRAko kide eta urte batzuetan preso izandakoa. Gaur egun 25.000 preso ohi errepublikano biltzen dituen erakunde bateko zuzendaria da. Erakunde horren
helburua laguntza eta adiskidetzea sustatzea da.
Roelf Meyer. Nelson Mandelaren gobernuko lehen ministro zuria izan zen eta Hegoafrikako apartheidaren bukaeran parte hartu zutenetako bat.
Bakea
Indarkerien ondorioak aztertzea eta tratatzea garrantzitsua da bakea sortu eta sendotzeko. Euskal Herrian, halere, bakea presoen eta biktimen inguruko problematikaz harago doa, jardunaldi hauetan landuko dugun gaia hori bada ere. Orain, ETAren indarkeria bukatuta dagoela, indarkeria guztiek utzitako ondorio txarren gaia ixteko, nahitaezkoa da zuzenbide estatuak berak erabilitako salbuespenak ere desagertzea (lege mailakoak, judizialak, espetxeetakoak), eta sakontze demokratikoa ekarriko duen jauzi bat egitea.
Aipatutako guztian sakontzeko, gure herrian gertatu diren eskubide urraketa guztiei heldu behar zaie, mugarik jarri gabe. Jakina, ETAk erabilitako indarkeriak eragin dituenak, baina Estatuaren erantzunak sortutakoak ere bai.
Urraketa horiei buruz ere hitz egingo dugu jardunaldi hauetan. Kontua ez da norberaren erantzukizunari iskin egitea arreta besteen erantzukizunean jarriz. Minaren, indarkerien, haien ondorioen arazoari heltzeak lagundu egingo digu, beti agerian ez dagoen errealitatea ukatu gabe, ezaguna izanik ere. Adibidez, ukatu gabe atxilotze zentroetan torturak gertatu direla, eta ohikoak izan direla urte luzetan.
Horri buruz gogoeta egiteko, gure artean honako hauek izango ditugu:
Olatz Iglesias. Presoen alaba eta garai batean “Motxilaren umeak” izeneko taldeko kide izandakoa.
Carlos Martin Beristain. Medikua eta psikologian doktorea, lan handia egin duena hainbat herrialdetan, batez ere Latinoamerikan, giza eskubideen urraketen biktima izandakoen tratamenduan.
Paco Etxeberria, euskal antropologo forentsea, Aranzadi elkartearen bitartez lan egin duena eta gaur egun ere lanean ari dena diktaduraren biktimen gorpuzkiak berreskuratzen.
Elkarbizitza
Elkarbizitzaz ere hitz egingo dugu.
Gorrotorik eta errebantxarik gabeko elkarbizitza, denoi exijituko diguna uler dezagun gure herria sentsibilitate guztietako jendeak osatu eta eraikitzen duela. Memoriak eta kontakizunak pluralean aintzat hartu beharko genituzke. Izan ere, horixe falta zaigu iraganari buruzko begirada komunetara hurbiltzen saiatzeko eta oso garrantzitsua den zerbait ehuntzeko, hots: puntu komun batzuk izatea.
Normaltasuna berrezartzea eta mina aitortzea aski lirateke memoria partekatu bat eraikitzen hasteko, eta horrekin elkarbizitzarako oinarria jartzeko.
Maiz aipatzen da barkamena, barkamena eskatu beharra dagoela, autokritika egin behar dela gertatutakoaz, bakoitzak bere iraganean egin zuenaz. Baina, beharbada, hasi beharko genuke modu akritikoan onartuz gertaera haiek mina eragin zutela, eta nork bere erantzukizuna bere gain hartu beharko luke. Alde horretatik, ukaezina da pausoak ematen ari direla azken hamarkadetako gatazkarekin lotutako indarkeria eragile batzuk, bai pertsonalak bai instituzionalak, bakoitzak egokitzat jotzen duen erritmoan edo mota guztietako egoeren arabera. Aitortzatik abiatuta baizik ez da posible izango aurrera egitea, konfiantza areagotzea, enpatia sortzea…
Sufritu ditugun indarkeriak eta haien ondorioak neurtzeko langa berdina izan behar da denontzat. Hamarkada hauetan gertatutako guztiaren ondorioak sufritu dituztenei eta oraindik sufritzen dituztenei tratu bera eman behar zaie bai aitortzaren mailan –gertatu zena onartzea– bai errestaurazioaren mailan.
SAREren iritziz, etorkizunerako norabide onean joateko, funtsezkoak dira errespetua, erreparazioa, egindako kaltea onartzea eta balio eta jarrera sozialak aldatzea.
Egia, justizia berdina denontzat eta errestaurazioa eta elkarbizitza xede dituzten erabaki politikoak eta ebazpen judizialak behar ditugu.
Gai honetaz Maria Jauregi (ETAren biktima) eta Joseba Azkarraga (SAREren bozeramailea) mintzatuko dira, agiri partekatu bat irakurriz. Horrekin bukatuko dira jardunaldiak.
PROGAMAZIOA ETA ORDUTEGIAK







