Urtero egin ohi dugun moduan, aurten ere, Euskal Herriko hainbat hondartzetan elkartu gara euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen aldeko aldarriak bat egiteko. Etxerat eta Sarek bat egin dugu beste behin urte luzez sufrimendu izugarria eragin zuen eta oraindik gatazkak utzitako ondorioek eragiten duten sufrimenduek behin betiko amaitu behar dutela adierazteko.

Hego Euskal Herriko 11 hondartzetan “BEHIN BETIKO TXANPA ETXERA” deitu diogun mobilizazioak ari gara burutzen. Helburua bakarra da: behin betiko amaitzea sufrimenduarekin, behin betiko konponbidea lortzea, behin betiko bakea eskuratzea, eta noski, behin betiko elkarbizitza agertokietara jauzi egitea.

Azken txanpa izan ohi da amaierei erreferentzia egiteko erabili ohi dugun termino bat. Baina jakin badakigu amaiera izanagatik ere, azken txanpak benetan gogorrak eta luzeak izan daitezkela. Benetan gogorra ari da izaten ETAk bere jarduera eten zuela 15 urte beteko direnean datorren urtean, euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen azken fase hau. Olatua hartu dugu eta bistakoa da prozesu honetan eman ditugun pausoek ekarri dituzten fruituak.

56 dira egun beraien zigorrak erregimen irekian betetzen ari diren presoak eta hori olatua hartzen jakin dugunaren seinale argia da. Hamaika dira halere oraindik egia jakiteko, errekonozituak izateko eta erreparatuak izateko falta diren biolentzia ezberdinen biktimak. Zer esanik ez, urte luzetan erbestean egotera behartuak izan diren iheslari zein deportatuak.

Horregatik diogu behin betiko txanpa. Azken txanpak azken bultzada behar duelako ondorio guztiekin amaitu eta konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren izenean hurratsak emateko. Sufrimendua oraindik egon badagoelako, ezinbestekoa da euskal herritarren gehiengoaren babesa etxeratzearen alde mantentzea. Ezinbestekoa zaigu mobilizatzen jarraitzea, azken txanparekin amaitzea guztion artean lortuko dugu eta.


 


HURRENGO DEIALDIAK