Gazte agerraldia gaur Bilbon urtarrilaren 11an Bilboko kaleak betetzera dei egiteko #GazteokBilbora
Euskal herrian gertatu den gatazka bizitu ez dugun belaunaldia gara. ETAk bere jarduera utzi zuenean haurra zen gazte belaunaldia gara. Euskal gatazkaren errelatoaren transmisioa ahoz aho, antzezlanetan, literaturan, filmeetan edo serietan jaso duen gazte belaunaldia gara. Gatazkaren ondorioak bizitzera behartu duten gazte belaunaldia gara.
Gure artean bada espetxean jaio denik, bada motxiladun haur izan denik ere. Baita biolentzia ezberdinen biktima zuzena izatea tokatu zaionik ere. Bada gatazka gertu bizitzea tokatu zaionik baina batez ere, gure belaunaldia zerbait bada euskal herriko gatazkaren ondorioak bizitzea tokatu zaion gazte belaunaldia da.
Auzoetan, herrietan, hirietan hazi eta hezi gara, euskal preso, iheslari edo deportatuak dituzten auzo, herri eta hirietan. Jaiotzez tokatu zaigu errealitate hori ikusi eta bizitzea, gure egunerokotasunean, bizi ez genuen errealitate baten ondorioak bizitzea tokatu zaigu. Gure aurreko belaunaldiek sorturiko korapiloa askatzeko betebeharra egokitu zaigu.
Gazte belaunaldi honek konpromezu handiz bizi du gatazkaren konponbideak utzi dituen ondorioak, eta are ardura handiagoaz korapilo hauek askatzeko konpromezua. Gure belaunaldiak izan behar du ondorio hauek pairatu behar dituen azken belaunaldia.
Horregatik Sare Herritarrak Urtarrilaren 11an Bilbon deitu duen manifestazioan izango gara, konponbide prozesu integral bat aldarrikatuz, gatazkaren ondorioak gehiago luza ez daitezen aldarrikatuz, BEHIN BETIKO bakea, konponbidea eta elkarbizitza aldarrikatuz, BEHIN BETIKO etxera oihukatuz. Gazteok konponbidean.