Seleccionar página

Urtarrilaren 9ko Eukaldunako ekitaldia #BideaGara

Urtarrilaren 9ko Eukaldunako ekitaldia #BideaGara

Lehenik eta behin, gure agurrik beroena eta esker ona helarazi nahi dizuegu ekitaldi honetan gurekin egon nahi izan duzuenoi.

Hemen zaudete, SARE sortu zenetik, gurekin helburu gehienak partekatu dituzuen Euskal Herriko gehiengo politiko, sindikal eta soziala. Elkarrekin egindako ahalegin hori gabe, duela 30 urte, sakabanaketa- eta urruntze-politika ezarri zenean, zegoen egoeraren antzekoa edo txarragoa izango litzateke oraingo egoera. Nahiez eta asko izan oraindik ere espetxe-politika hori jasaten duten euskal presoak eta familiak, aurrerapausoak ematen ari gara. MILA ESKER.

Halaber, gure agurra helarazi nahi dizuegu beste leku batzuetatik, Kataluniatik adibidez, hemen egon nahi izan duzuenoi. MOLTES GRÀCIES.

Covid-19ak eragotzi egin digu gaur beste espetxe-politika bat nahi duten milaka eta milaka pertsona berriro Bilboko kaleetan elkartzea. Horregatik, gaur, elkarretaratzeak egingo ditugu Euskal Herriko luze-zabalean, ehunka herritan, guztiak ordu berean: 17:30ean.

Bizitzen ari garen egoera berezi honek aukera eman digu ere zuekin hemen, Euskaldunan, batzeko.

Garai itxaropentsuak ditugu aurrean. Zerbait mugitzen ari da espetxe-politikan, bultzada bateratuari eta Estatuan dauden gehiengo politiko berriei esker.

Euskal preso batzuk hurbildu dituzte haien familiengandik hurbilago dauden espetxeetara. Bai, egia da, eta lasaigarria da, senide batzuentzat laburtu egin baitira urteetan egin behar izan dituzten bidaiak, 16 hildako eta 400 istripu baino gehiago eragin dituzten bidaia horiek.

Baina ez dugu normaltzat jo nahi onartezina den egoera bat.

Gradu-progresioen aplikazioa oraindik oso mugatua da, eta, ondorioz, euskal presoen % 65 lehen espetxe-graduan dago, nahiz eta gehienek ia 30 urte bete dituzten askatasunik gabe.

Horrekin batera, 7/2003 Lege Organikoak biziarteko kondena ezkutuak ezarri dizkie 67 presori, biziarteko kondena ezkutua baita 40 urtez askatasunaz gabetzeko zigorra.

Espetxeen arloan ematen ari diren mugimenduek itxaropentsuak izan arren, egoera ez da lasai egoteko modukoa.

Ezin dugu ahaztu oraindik 218 euskal preso daudela desagertutako ETA erakundearekin izan duten lotura zuzen edo zeharkakoaren ondorioz. Gehienak Espainiako 36 espetxetan sakabanatuta daude, eta hogeita hamar, berriz, Frantziako espetxeetan.

Asko beren etxeetatik ehunka kilometrora daude, eta, osasun-krisi hau baino lehen, “motxiladun umeak” deitzen ditugun 80 neska-mutiko inguruk ia bi mila kilometro egiten zituzten, joateko eta bueltatzeko bidaian, espetxeratutako aita, ama edo biak ikusi ahal izateko. Orain, bederatzi hilabete daramatzate aukera hori gabe.

Hirurogeita hamar urtetik gorako sei preso daude; 60 presok beteak dituzte kondenaren hiru laurdenak, eta beste 8 egoera horretan egongo dira aurten. Eta 17k gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzte.

Horrez gainera, osasun-krisiak areagotu egin du konfinamendua, eta isolatze-egoera krudelak utzi ditu.

SAREren ustez, urruntze-politikaren amaiera errealitatea izango da preso guztiak Euskal Herrian daudenean.

Arlo honetan normalizazio demokratikoa lortzeko ezinbestekoa da espetxe-politika hori desagertzea. Eta hori hala izango da preso guztiei aplikatzen zaienean gradu-progresioa, gizarteratzeko bideari ekin diezaioten, edo gaixotasun larriak dituzten presoei tratamendua espetxeko hormetatik kanpo jasotzeko aukera ematen zaienean.

Euskal preso gehienek gradu-progresioa aplikatzeko mekanismo legalak onartu ondoren, Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiak ez dauka aitzakiarik gizarteratzeko mekanismoak modu orokortuan ez aplikatzeko: erregimen irekiak, zigorra etxean betetzea, gradu-progresioak eta baldintzapeko askatasuna. Horiek osatzen dute bizitza sozialean modu sekuentzialean txertatzeko bidea, baita bizikidetzaren aldeko bidea ere.

Eta nabarmendu beharreko alderdi garrantzitsu bat dago. Preso horiek espetxetik ateratzen direnean, murgiltze soziala azkarra da eta ez dago delitua berriro egiteko arriskurik. Presoek eurek argi utzi dute. Inguruabar hori beste arrazoi bat da legez ezarritako mekanismoak aplikatzeko eta erakundeak presio-talde atzerakoien bahitu ez izateko.

Bide luzea dugu egiteko. Eta zuekin batera egiten jarraitu nahi dugu, aurrera egiteko modu bakarra baita. Premiazkoa da garai hau aprobetxatzea urrats sendoak emateko, atzera-bueltarik gabe.

Euskal presoen egoerak ez digu eragozten indarkeriak kalte konponezina eragin zien eta bizitza familiarrean eta pertsonalean aldaketa sakona ekarri zien pertsonen sufrimendua ulertzea eta pertsona horiei elkartasuna adieraztea. Begirunea zor diegu, eta haien mina ulertu behar dugu. Horregatik, alderdi batzuek min eta sufrimendu hori aurkari politikoaren aurka jaurtitzeko arma gisa erabiltzearen kontra gaude.

Sektore politiko eta judizial jakin batzuek osatutako bloke oso atzerakoiaren etengabeko presioaren aurrean, garrantzitsua da euskal gehiengo sozial, politiko eta sindikala defenditzen ari garen bake, bizikidetza eta konponbidearen aldeko helburuak sozietatean hedatzea.

Ezinbestekoa denez, luzamendutan ibili gabe, hurbilketaren aldeko borrokari eustea, presoei eta haien familiei urruntasunarekin erantsitako zigorra arintzeko, SAREk berehala bideratu beharrekoan jarri nahi du indarra: presoen eskubidea den gradu-progresioa azkartu behar da.

Estatuko gehiengo politiko berriak giza eskubideen eta gizarteratzearen lehentasun etikoa onartu beharko luke, baita indarkeria gaindituta dagoen estadiotik bakean, bizikidetzan eta konponbidean oinarritutako estadiorako bidean gaudela ere. Egoera horrek alderdi guztien inplikazioa eskatzen du, baita legeriaren aplikazio normalizatua ere.

Azken batean, gakoa da legezkotasunaren, gizatasunaren eta gizarteratzearen printzipioak gailentzea, eta arbitrariotasuna eta komenientzia alde batera uztea.

Gaur egun ez dauka zentzurik politika antiterrorista nostalgiko bat aplikatzea, erreparazioz mozorrotuta. Presoen eskubideak urratzea zuzenbidezko estatu baten legezkotasun-printzipioaren aurkakoa da, eta ez dauka zerikusirik biktimei dagokien justiziarako, aitorpenerako eta erreparaziorako eskubidearekin. Horrez gainera, ez dator bat EPPK-k emandako bermearekin, indarkeria berriro ez erabiltzeko, eta eragindako mina aitortu izanarekin.

Asko eta beharrik gabe sufritu duen gizarte bat gara. Horregatik, ezinbestekoa da presoen eskubideak errespetatzea, eta zuekin konpartitu nahi ditugu elkarrizketari ekiteko ikusten ditugu bost alderdi:

Urrunketa politikaren behin betiko amaiera; gaixotasun larriak dituzten presoen etxeratzea; gradu progresioa; espetxe baimenak; eta 7/2003 lege organikoaren kudeaketa.

Azken finean, itxaropena sortzen duen garai bat dugu aurrean, baina, errealitate izan dadin, ezinbestekoa da bide horretan bultza egitea, tinko eta guztiok elkarrekin. Horretara gonbidatu nahi zaituztegu.

Egin dezagun guztion artean.