Azken hilabeteetan buru belarri aritu gara konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren alde lanean. Zenbaitek arreta iraganean jartzen badute ere, eta zenbaiten mendeku gosea nabarmen ageri bada ere lobby mediatikoetan, elkarbizitza agertokietara jauzi egitea ahalbideratuko digun konponbidearen alde lanean gabiltzanok argi dugu: arduraz eta elkarren sufrimenduekiko enpatiaz, zubiak eraikitzen eta ezberdinen arteko kontsentsu eta gerturatzeak eraikitzen jarraitu nahi dugu.
Euskal gizartearen gehiengo zabalak argi erakutsi du urteetan zehar, bakearen eta elkarbizitzaren alde egitearen apustua eta nahi eta behar horien ordezkaritzan, euskal preso, iheslari eta deportatuen auziaren behin betiko konponbidea ezinbestekoa dela uste dugu bake iraunkor eta elkarbizitza justu baten eraikuntzan. Zentzu horretan, joan diren hilabeteak bezain erabakiorrak izatea espero dugu datozen hilabeteak ere.
Erabakiorrak izan daitezken heinean, hurrengo larunbatean, Ekainaren 6an Arrasaten egingo dugun agerraldi jendetsua ekarri nahi dugu gogora. Momentuak eskatzen duen zuhurtziarekin, euskal gizarte zabalari luzatu nahi diogu gonbita Arrasatera gerturatzeko eta elkarrekin, garrantzia handia ematen diogun albistea elkarrekin publiko egiteko.
Ekainaren 6an, urte luzez ondoan izan ditugun alderdi, sindikatu eta eragileekin konpartitu nahi dugu momentua, baina batez ere herritarrekin. Zurgin, irakasle, mediku, iturgin edo albaitari, urtarrileko manifestazioan, hondartzetako mobilizazioan edo herriz herri gauzatu ohi ditugun azken ostiraletako mobilizazioetan parte hartzen duzuen herritar guztiekin konpartitu nahi dugu momentua. Haur, gazte zein heldu, guztion presentzia ezinbestekoa izango da mugarri izan nahi duen agerraldian, guztion artean eman ditugu eszenatoki honetara ekarri gaituzten urratsak eta guztion artean eman nahi ditugu konponbide oso batera bidean emateko falta zaizkigun urratsak.
Beraz, Ekainaren 6an Arrasaten elkartuko gara, 11:30 Monterron parkean. Arrasaten, konponbidean sakondu eta bake eta elkarbizitza agertokietara jauzi egin nahi duen herri bat elkartu da.



