Aspaldiko, Helmuga. Zer moduz?

Aspaldi da zuri idazten hasi ginela, zuri buruz hitz egiten hasi ginela. Hasieran, oso urrun sentitzen zintugun, Puerto edo Herrera de la Mancha dauden bezain urrun. Apurka-apurka, ordea, gerturatzen joan gara elkarrengana.

Ez da bide erraza izan, are gehiago, luzea eta aldapatsua izan da. Bide lokaztuan ibiltzen ikasi dugu urte askoan eta baita horretara ohitu ere. Noizbait gugana iritsiko zinenaren esperantzak mantendu gaitu bizirik ordea; irribarrez, batuta, baikor.

Helmuga. Bi hitz dauzkazu hitz bakarrean. Heltzearen muga zara, gu zara eta zu gara. Heltzea mugatu izan zaigu sarri baina mugei heldu beharrean bideari heldu genion. Duda-mudan ibili beharrean gugan muga bat jarri genuen: Bakea.

Erantzun ez dizkiguzun gutun asko bidali dizkizugu. Ez dakit iritsi ote zaizkizun inoiz, agian, bidean galduko ziren, edo galdu arazi egingo zituzten. Guk, irakurriko zenituenaren ilusioarekin idatzi dizkizugu beti. Ehundaka familia eta milaka pertsona gaude noiz iritsiko zain. Zu imajinatzetik zu irudikatzera igaro ginen lehenik. Gaur egun, zu irudikatzetik zu ikustera igarotzen ari gara. Hor zaude, bagoaz, bazatoz, laster elkartuko gara.


Hamaika abestitan aipatu zaitugu, hamaika bertsotan aldarrikatu zaitugu eta hamaika kaletan oihukatu zaitugu.

Lantsua eta astuna izan da itxaronaldia, baina herri bat elkartuta ikustea ere ederra izan da. Txarrenari onena ateratzen erakutsi digu bideak, haserreari irri egiten eta entzungor egiten duenari abesten.

Jende asko ezagutu dugu, bidean joan direnak ahaztu gabe. Belaunaldiz belaunaldi mina transmititu beharrean auzolana eta konpromisoa transmititu ditugu.

Hor zaude, bagoaz, bazatoz, laster elkartuko gara. Zu ezagutzeko gogo izugarria daukagu, baita zu besarkatzekoa ere.

Gutun honek ez du beste asmorik azkena izatea baino. Egindako bidea ahaztu gabe zelai berriak ireki nahi ditugu, hesirik gabeko zelaiak.

Bagatoz, bazatoz, laster elkartuko gara.

 

 

Xabat Illarregi Marzol