SAREk dena prest du larunbatean Bilbon egingo den manifestaziorako: Bakea, konponbidea eta elkarbizitza aldarrikatzeko mobilizazio jendetsua izango da.
Datorren larunbateko manifestaziorako lau egun falta diren honetan, manifestazioaren garapenaren alderdi tekniko batzuk azaldu nahi ditugu, eta baita horren arrazoiak azpimarratu ere.
Dagokien guzti horiei esan nahi diegu, datorren larunbatean Bilboko kaleak beteko dituzten dozenaka mila pertsonak hartu beharko lituzketela kontuan.
Ez gaude aldarrikapen politiko eta, beraz, alderdikoi baten aurrean. Mobilizazio hau presoen kolektibo baten eskubideen aldeko aldarria da, haien eskubideak urratzen jarraitzen baitute.
Giza eskubideen aldeko aldarria da. Horrela bakarrik uler daiteke SARE bezalako elkarte batek, urtez urte, dozenaka mila pertsonak kaleak bete eta bidegabekeriarik gabeko bakea eskatzea.
Euskal presoen eskubideak berriz aldarrikatzea eta indarkeriaren biktima guztiei zor zaien errespetua eskatzea izango dira egun honetan bidelagun.
BEHIN BETIKO.- Bai, ordua da. Konfrontazio eta sufrimenduaren hamarkadetako ondorio guztiak zigilatzeko garaia da, eta uste dugu euskal gizarteak zilegitasuna duela estamentu politiko eta judizialei lan horretan parte har dezaten eskatzeko. Bere erantzukizuna ere bada.
LARUNBATEKO MOBILIZAZIOAREN ALDERDI TEKNIKOAK
• 450 eta 500 boluntario artean mobilizatuko ditugu, manifestazioaren segurtasunaz, trafikoaz, diru-eskeaz eta halako ekitaldi jendetsu batek dakarren guztiaz arduratzeko.
• Goizetik eta, batez ere, Bilboko Alde Zaharrean, trikitilariak, dultzaineroak, erraldoiak eta buruhandiak izango dira. Azken batean, aldarrikapena eta festa uztartu nahi ditugu.
• Hainbat alderdi, elkarte eta esparru geografiko, profesional eta kulturaletako pertsona ugarik iragarri dute manifestazioan parte hartuko dutela. Manifestazioa 17:00etan hasiko da, La Casillan, eta, beste urte batzuetan bezala, Bilboko Udalean amaituko da.
• Manifestazioaren aurretik pankarta bat egongo da eta hauek izango dira pankarta eramango dutenak: Rosa Rodero (ETAren Biktima), Ane Muguruza (Estatu indarkeriaren biktima), Emilie Martin (Bakebidean), Martxelo Otamendi (Kazetaria), Garazi Hach Embarek (Eskubideen aldeko eusko-saharar ekintzailea), Arantza Aldezabal (EHUko Irakaslea), Amaia Izko (Abokatua), Eva Ferreira (Harrera), Patxi Biskert (Aktorea), Jose Luis Elkoro (Bergarako alkate ohia), Rafael Larretxea (Senidea), Bego Atxa eta Joseba Azkarraga (SARE).
• Parte-hartzaileen zerrenda:
• Alderdiak: EH Bildu, EH Bai, Junts, ERC, CUP, Més Per Mallorca.
• Sindikatuak: ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU, EHNE, CGT, CNT, ETXALDE.
• Elkarteak: Bakebidean, Egiari Zor, Gure esku Dago, Paz con Dignidad, Harrera, Etxerat, Ernai, ANC, Omnium Cultural, Kataluniako abokatutzaren Koordinadora.
• Politikarien, sindikatuen eta elkarteen ordezkaritza zabal horrekin batera, kultura, unibertsitate, kirol eta abarren arloko pertsona ugarik helarazi digute manifestazioari atxikimendua.
• Beste gai bat ere helarazi nahi dizuegu, eta bide desberdinetatik euskal gizarteari ere helaraziko diogu.
SARE, erakundeen diru laguntza oso gutxirekin lan egiten duen elkartea da, eta sare kideen laguntzen eta antolatzen ditugun ekitaldi eta manifestazioetan egiten ditugun diru-eskeen bidez egiten du aurrera.
Argi dago baliabideak behar ditugula gure lana egiten jarraitu ahal izateko, eta horregatik jartzen dugu martxan BIZUMKADA NAZIONALA (https://sare.eus/bizumkada) ekimena, euskal gizarteari gure lana egiten jarraitu ahal izateko beharrezkoa den laguntza ekonomikoa eskatzeko.
Ekimen honekin edozein herritarrek lagundu ahal izango du, manifestazioan parte hartu edo ez, manifestazioa baino egun batzuk lehenago eta ondoren ere aukera irekita egongo baita.