Bilbotarrok eta Bizkaitarrok urtez urte Aste Nagusian zehar erakutsi izan ohi duguna zera da: badakigula jaiari aldarrikapena txertatu eta gozamena eta erreibindikazioak uztartzen. Aurten ere bide berean ari gara lanean. Musikaz, dantzez eta jaiez gozatzen daramatzagun egun hauei euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen beharra gehitu diogu mobilizazio honekin.

Hasi ginen salto eta oihuka pregoilari eta txupinerarekin, aritu gara gargantuan, jan eta edan dugu txoznetan, egin dugu dantza kontzertuetan eta egin diogu Bilboko hamaika txokotan ongi etorria Marijaiari. Ezin dezakegu ahaztu ordean, datorren urtean ETAk bere jarduera eten zuela 15 urte beteko direnean, hainbat surimendu eta ondoriok indarrean jarraitzen dutela oraindik orain.

Ondorioez ari garenean horrenbeste urtetan horrenbeste sufrimendu eragin zuen gatazkak utzi dizkigun ondorioez ari gara, noski. Biktimek egia jakiteko, instituzioen partetik aitortuak izateko eta erreparaziorako eskubidea dute, eta bide horretan, hurratsak ematen jarraitzeko beharra daukagu. Ezin ahaztu dezakegu ordea, elkarbizitza agertokietara jauzi egiteko ezinbestekoa izango dela sufrimendu eta ondorio guztiekin amaitzea eta honek, euskal preso, iheslari eta deportatuen auziari behin betiko konponbidea ematea dakar.

Behin betiko konponbidea, salbuespen lege eta politiken deuseztearekin etorriko da. Iraganera iltzatzen gaituzten lege eta politikekin amaitu behar dugu etorkizunera, elkarbizitzara jauzi egin nahi bagugu. Bilbotarrok eta Bizkaitarrok argi dugu: Konponbidea, bakea eta Elkarbizitza.

EUSKAL PRESO, IHESLARI ETA DEPORTATUAK ETXERA!