Seleccionar página

#M8 | emakume presoak etxera

#M8 | emakume presoak etxera

Euskal Herriko Mugimendu Feministaren aldarriarekin bat eginez eta martxoaren 8an urtero legez Euskal Emakume Presoen egoera plazaratu nahiko genuke. Izan ere, emakume presoak izateagatik urte luzeetan are bakartuago eta are urrunduago egon izan dira, sistema patriarkalaren adierazle garbienetakoa den kartzela sisteman zigor krudelago bat jasanez. Salbuespeneko espetxe politikaren pean preso egoteak espetxealdia gogorrago egiten badu, emakumeen kasuan gizonentzako soilik pentsatua den eremu batean zigorra bete behar izatea gehitzen zaio. “Ez-leku” batean aurkitzen dira, sistema patriarkal honetan onartezina baita emakumea delitugilea izatea. “Emakume onak” birsortzeko fabrikak bilakatzen dira espetxeak, emakume presoak “ber-hezteko” erabiltzen dituzte. Emakumea sistema patriarkalaren arabera dagokion tokian jartzeko erabiltzen dituzte lan-eremuak, tailerrak, janzkera araudiak, sexualitatea bizitzeko mugak .. kartzelan.

Emakumeek, zigor hirukoitza pairatzen dute preso egoteagatik:

• Zigor soziala: patriarkatuak emakumeari ezartzen dion rol pasiboa apurtzen duelako.
• Zigor pertsonala: ”emakume txarra”-ren edota ama direnen kasuan “ama txarra”-ren epaia gehitzen baitzaio ezarritako zigorrari.
• Zigor penala: aurrez adierazi moduan, emakumeentzako prestatuak ez dagoen sistema penalaren pean bete behar baitute kondena.

Esan bezala, honetaz gain, Euskal emakume presoak ere, zigor gehigarria dute; salbuespeneko espetxe politika. Honen ondorioz, eta emakumeentzako izendatuta dauden espetxeen eskasia dela eta, euskal emakume presoen egunerokoa gizonezkoena baino zailagoa da.
Emakumeen ahalduntzeak eta sistema patriarkalaren desegiteak lotzen gaituzten mobilizazio-egun hauetan, espetxeak landu beharreko eremutzat ere hartu behar ditugu.

Espetxe-errealitate gordina behin betiko amaitzea gizarte osoari dagokigu, eta, horretarako, eta etxeratze-prozesua garatu ahal izateko, konponbiderako giltza izaten jarraitu behar dugu, kaleetan, esparru politikoan, sindikalean eta sozialean… hainbeste urtetako konfrontazioaren ondoren gizarte gisa nahi dugun etorkizunari ateak irekitzeko.