Seleccionar página

Asier Karreraren gradu erregresioa salatzeko manifestazioa deitu dute Otsailaren 24rako etxarrin

Asier Karreraren gradu erregresioa salatzeko manifestazioa deitu dute Otsailaren 24rako etxarrin

Pasa den ostiralean jakin genuen moduan, Asier Karrera, Boltio, Etxarriko presoa espetxera itzularazi dute, ezarritako hirugarren gradua atzera bota diotelako. Beste behin ere, horretarako ardura eta beharrezko informazioa duten Espetxe Tratamenduetako Batzordeen erabakiaren aurka egin du Audientzia Nazionalak, Asierrek garatu beharreko espetxe ibilbidea eta hortaz, etxerako bidea oztopatuz.

Asierrek ia 23 urte daramatza espetxean, urte gehienak baldintzarik gogorrenetan eta urrundua urte luzez, Madrilen, Andaluzian, Galizian edo eta Palentzian, besteak beste.
Urriaren 6tik zegoen erdi-askatasunean, 3.graduan, inongo arazorik gabe eta legeak dion bideari jarraituz, birgizarteratze fasean aurrera eginez. Astelehenetik ostegunera espetxean lo eginez, eta asteburuak etxean. Legea eskuan hartuta, Asierrek baldintza guztiak betetzen ditu 3.graduan egoteko: zigorraren erdia baino gehiago beteak ditu, zigorraren ¾ aurtengo maiatzean beteko ditu, hortaz baldintzapeko askatasunerako eskubidea izango luke, astelehenetik ostiralera egunero 8 orduko lanaldi bat dauka, … Baina, hori hala izan arren, Audientzia Nazionalak, beste behin ere, bere mendekurako gosea erakutsi nahi digu.

Tamalez, eta oso ondo dakigu, Asierren kasua ez dela kasu isolatu bakarra, duela hilabete batzuk ere salaketa ezberdinak egin behar izan ditugu Xabier Atristainen, Mikel San Argimiro, Aitor Esnaolaren, Joseba Arregi edota duela gutxi Asier Rodrigezen egoera berbera salatzeko. 6 preso hauez gain ere beste hamarna preso daude fiskalaren errekurtsoa dela eta, epaiaren zain.

Espetxe politikaren baitan aldaketak eman eta urruntze politikarekin amaitzeko urratsak ematen ari garen honetan, Fiskaltzak, Audientzia Nazionalaren laguntzaz, legedia arruntaren ezarpenaren aurrean eta etxeratze prozesuaren aurrean oztopoak jartzen jarraitzen du, eta berriz ere, herri honek behar dituen konponbiderako eta elkarbizitzarako bide horretan oztopoak jartzen ditu.

 

Gaur hemen batu gara egoera hau eta Fiskaltzaren eta Audientzia Nazionalaren jarrera salatzeko. Baita, Asierrek etxean behar lukeela argi adierazteko. Legeak ezarritako bideari oztopoak jartzeko jarrera hau, iraganeko egoerara itzultzeko nahiarekin baino ezin dugu lotu, halakorik ezin baita bestelakoan ulertu. Izugarria da 2023. urtean oraindik mendekuan eta gorrotoan oinarritutako jarrerekin jarraitzea.

Baina guk argi dugu. Guk elkarbizitza eraiki nahi dugu, eta horretarako konponbidean jarri behar ditugu, oraindik orain, mantentzen diren sufrimendu egoerak. Horrek euskal presoak etxerako bidean jarri behar ditugula esan nahi du, eta hori guztion artean egin behar dugu. Horrelako gertakarien aurrean, salbuespenezko espetxe politika behin betikoz amaitzea nahi dugunok elkarlanean aritu behar dugu, hori delako erantzunik eraginkorrena. Horregatik datorren ostiralean, otsailaren 24ean, arratsaldeko 19:30etan Etxarri Aranatzen “Gradu erregresiorik ez! Asier Etxera!” leloarekin ospatuko den eskualde mailako manifestaziora deitu nahi ditugu sakandarrak.