Seleccionar página

Durangoko lau euskal presok 20 urte baino gehiago daramatzate kartzelan

Durangoko lau euskal presok 20 urte baino gehiago daramatzate kartzelan

Euskal Herritarrok nahi baino gehiagotan izan dugu kartzelaren berri. Espetxea gertutik ezaguna bazaigu ere, ulertezina izan da, eta ulerkaitza izaten jarraitzen du presoen sailkapenaren funtzionamenduak.

Durangoko Euskal Preso denek kondenaren 1/4a beteta daukate, eta bigarren graduan daudenez, irteera baimenak eskuratzeko eskubidea daukate. Hala ere, orain arte preso bakarrari eman diote irteera baimena.

Euskal Presoen Euskal Herriratzearekin fase berri baten aurrean bagaude ere, legedia aplikatzen ez dela jakin badakigu. Ez behintzat modu sistematikoan. Preso batzuk (Durangon 8tik 2) Euskal Herrira ekartzea lortu badugu ere, orain presoak etxeratzeko bideari ekin behar diogu. Herritarrok Iurdan, Gorka, Gita, Itziar, Josu, Gorka, Giller eta Lolaren etxeratzearen parte aktibo izan behar gara.

Etxeratzeko bidean, zenbait oztoporekin egiten dugu topo: lehenik eta behin, Euskal Preso guztiak Euskal Herrian bizitzea bermatuta egon beharko litzateke, eta Durango, Euskal Herriko egoeraren ispilu da: 8 presotik 2 bakarrik daude hemengo espetxeetan kondena betetzen: Giller Merino Bilbao (Basaurin) eta Iurdan Martitegi Lizaso (Martutenen). Horrez gain, urteen zenbaketa egiterako orduan, zenbait presok Frantzian bete duten kondena aintzat hartu beharko litzateke. Durangon Lola Lopez Resinak 17 urte egin zituen Frantzian, Gita Vicario Setienek 15, Iurdan Martitegi Lizasok 11 eta Gorka Palacios Aldaik 15.

Hau gutxi balitz, Zigor Kodearen 2003ko moldaketaren ondorioz, preso egoteko gehiengo legala 40 urteetara luzatu zen. Bizitza guztirako kartzela zigorra suposatzen du horrek.

Salbuespeneko legedi hau salbuespen egoera bati erantzuteko sortu zen, eta ondorioz, gaur egun, ETA desegin eta 10 urtetara, bertan behera gelditu beharko litzateke.

Iurdan Martitegi da Durangon 40 urteko kartzela zigorra duen presoa. Frantzian (Nanterre, Fleury, Moulins, Mont De Marsan) betetako 11 urteak aintzat hartuko balira, 7 urte barru, kondenaren erdia beteta edukiko luke, eta honela, hirugarren gradua eskuratzeko aukera lortuko luke. Hau honela izanik, bere seme-alabek ez lukete Martutenera joan beharrik izango aitarekin egoteko, eta adinekoak diren gurasoek beraien semearekin egoteko bidaia aurreztu ahalko lukete, besteak beste. Hala ere, egun indarrean dagoen legediak Iurdanen kaleratzea 2049.urtea dela adierazten du. Hau da, bizi osoko zigorra ezartzea baimentzen duen legea aplikatu diote.

Iurdan ez da Motxiladun Umeak dituen preso durangar bakarra. Gorka Palacios Aldaik adin txikikoa den alaba bat dauka, eta jaio zenetik, aita kartzelan ezagutu du. Urte hauetan zehar, Frantziar eta Espainiar estatuetan kokatutako zenbait kartzela ezagutu dituzte Gorkak eta bere familiak: Fleury-Merogis, Saint Maur, Soto del Real, Ocaña, Valdemoro, Murcia II eta Estremera, hain zuzen. 18 urte daramatza espetxean, 15 Frantzian eta hiru Espainian. Bigarren graduan badago ere, ia 500 kilometro egin behar dituzte bere senitartekoek Gorka bisitatu ahal izateko. 1000 kilometro inguru, astebururo aita, semea, bikotekidea, edo laguna bisitatzeko. Frantziako urteak kontatuko balizkiote, Gorkak kondenaren ia erdia beteta edukiko luke iadanik. Beraz, hirugarren gradua eskuratzeko aukera izango luke. Hirugarren graduan egonda, alabaren bizitzan presente egoteko bermea edukiko luke, besteak beste.

Giller Merino Bilbao, Gita Vicario Setien eta Lola Lopez Resinak 20 urtetik gora daramate espetxean. Gillerrek, kondenaren 3/4ak beteta, kalean egon beharko luke, baldintzapeko askatasunean. Gaur egun, 2. graduan Basauriko espetxean badago ere (2021eko abuztuan ekarri zuten), 20 urte luze hauetan zehar, Soto, Aranjuez, Picassent, Valdemoro, Zuera eta Zaballako espetxeetan egon da.

Gita eta Lola dira herrian adinez nagusiak diren Euskal Presoak. Gitak 64 urte ditu, eta 30 urtetik gora darama etxetik kanpo. Hogei urte daramatza espetxean, 15 Frantzian eta 5 Espainian (Soto, Estremera, Topas eta Burgos). Frantziako urteak aintzat hartuko balizkiote, kondenaren erdia beteta edukiko luke, beraz, baimenak eskuratzeko aukera izango luke. Gaur egun, 2.graduan badago ere, urte asko eman ditu bizi baldintza gogorretan. Duela hilabete ebakuntza egin zioten Leongo ospitalean, lau bypass jarri zizkioten. Gita larriki gaixo dauden euskal presoen zerrendan dago, eta bere egoera zen den aintzat harturik, berehalako neurri humanitarioak hartzea exijitzen dugu: baldintzapeko askatasuna eman diezaiotela.

Lolak aurten bete ditu 70 urte. Bizitza erdia darama etxetik kanpo; espetxean 20 urte bete ditu aurten. 17 urte egin zituen Frantziako estatuan preso (Paris-Rennes), eta 2018tik Soto, Brieva, Alcalá-Meco eta Logroñoko kartzelak ezagutu ditu. Frantziako urteak aintzat hartuko balizkiote, kalean izateko aukera izango luke.

Itziar Alberdi Uranga eta Josu Narvaez Goñiren kasuak ere aipatzekoak direla iruditzen zaigu. Itziar eta Josu Mexikon atxilotu zituzten duela 7 urte. Herritik alde egin zutela 30 urte baino gehiago igaro zirenean, ETA desegin eta 3 urte beranduago. Atxilotu zituztenetik espetxealdi gogorra bizi izan dute. Isolamenduan eta bikote bezala zegozkien eskubideak behin eta berriz urratuz. Orain, Logroñoko espetxean bigarren graduan badaude ere, pandemiaren ondorioz apenas eduki dute aukerarik elkarrekin egoteko.

Hau gutxi balitz, durangoko preso emakumeak*, Lola eta Itziar preso bezala jasaten ari den eskubide urraketak kezkatzen gaitu. Jakin badakigu espetxea gizonentzat pentsatuta eta prestatuta dagoen instituzioa dela. Momentu honetan Logroñoko emakume* presoek oso ekintza gutxitan har dezakete parte. Kartzela barruko aktibitateetan parte hartzea, ezinbestekoa da etxerako bidean pausuak eman ahal izateko. Izan ere, baimenak ematerako orduan, aintzat hartzen da presoak espetxe barruan daukan inplikazioa. Hau gutxi balitz, Logroñoko espetxean emakumeak erabat baztertuta daude fisikoki. Ez daude modulu batean, espetxe barruko izkina batean baizik, toki txiki eta estu batean, ezertarako espaziorik gabe.

Gorka Lupiañez Mintegi presoak 14 urteko espetxealdia beteta, datorren urtean beteko du zigorraren 3/4a. Urte luze hauetan zehar Valdemoro, Cáceres, Soto, Teixeiro, Salamanca eta Logroñoko espetxeak ezagutu ditu.

Guzti hau gutxi balitz, esan beharra dago, arazo batekin aurkitzen garela: Momentu honetan indarrean dagoen 5/2003 Lege Organikoak euskal preso politikoen espetxe baldintzak Espetxe-zaintzako epaitegi zentrala eta Audientzia Nazionalaren esku uzten ditu. Horrek esan nahi du, ohiko epaileak epaitu beharrean, salbuespenezko epaileak diren Audientzia Nazional eta Espetxe-zaintzako Epaitegi Zentralek erabakitzen dutela. Beraz, ezinbestekoa da Legea derogatzea.

Hau honela izanik, Euskal Presoekin legedia orain betetzea exijitzen dugu. Dagozkien eskubideak bermatzea, berandu baino lehen. SAREtik argi eta ozen diogu: denak etxeratu arte, lanean jarraituko dugu. Horregatik, abenduaren 18an espetxeetara egingo diren martxetan parte hartzera eta abundaren 31n Durangon egingo dugun gizakatera etortzea animatu nahi zaituztegu. Gainera, urtarrilaren 8an Bilbon egingo den manifestaziora gonbidatzen dugu herritar oro, bakearen eta konponbidearen bidean, guztiok daukagulako zer esan eta zer egin.

AZKEN BIDEOAK #IZANBIDEA

Datozen ekimenak