APIRILAK 7 | OSASUNAREN NAZIOARTEKO EGUNA
Gaur, urrats batzuk ematen ari diren honetan, urteetan luzatu den salbuespenezko espetxe-politikak oraindik berean darrai. Apirilaren 7an, Osasunaren Nazioarteko Egunean, Sare Herritarrak espetxean larriki gaixo diren pertsonak gogora ekarri nahi ditu. COVID-19aren ondorioz bizi dugun egoera berezi honek osasunak eta honen artatzeak duen garrantzia erakusten digu eguna joan eta eguna etorri. Zentzu honetan, eta inoiz baino gehiago, preso daudenen osasuna ere lehenetsi behar dela adierazi nahi dugu, eta osasunean bereziki eragiten duten funtsezko bi faktore nabarmendu:
• Euskal presoei ezartzen zaien salbuespenezko espetxe-politika: bakardadeak, zigorraren luzapenak eta urruntze-politikak eragin zuzena dute preso dagoen pertsonaren osasunean, eta ezegonkortasuna, arazo psikologikoak, antsietatea, harremanak garatzeko arazoak… sortzen dituzte. Gaixo diren presoen kasuan, gainera, gaixotasunari aurre egiteko aukerak murrizten ditu, gertukoen babesa, bizi-baldintza duinak edota konfiantzazko medikuen jarraipena ez izateak eragin zuzena baitu.
• Espetxeetako osasun-baldintza kaxkarrak: espetxeak berak instituzio gisa, hala nola zentroak, medikuen jarrerak eta baliabide faltak osasunean eragin negatiboa izaten dute. Espetxeek ez dute behar bezalako osasun-zerbitzua emateko aukerarik eskaintzen, eta are gutxiago COVID-19ak eragindako egoerak eskatzen dituen neurriak errespetatzeko aukera. Osasuna pertsona guztiei dagokien eskubidea da, baita preso diren pertsonei ere. Ezin dugu onartu segurtasun-politiken aitzakiaren pean presoen oinarrizko eskubideak zapaltzen dituen politikarik. Preso orok konfiantzazko mediku edo psikologo baten laguntza jasotzeko eskubidea du.
Nahiz eta azkenaldian, larriki gaixo dauden preso batzuekin pauso garrantzitsuak eman diren, politika honen ondorio larri eta dramatikoenaren lekukoak gara espetxean bizia galdu duten euskal presoen zerrendak gora egin baitu azken urteetan. Preso hauek gaixotasuna sendatzeko askatu beharrean, gaixotasunak atzera bueltarik ez duenean eta heriotza ate joka denean askatzen dituztela argi erakutsi ziguten duela aste batzuk. Egun 17 dira larriki gaixo diren presoak. Sarek argi du salbuespen-politika hau desagertzen ez den bitartean ondorio lazgarri hauek bizitzen jarraitu beharko dugula.
Horregatik, eragile sozial, sindikal eta politiko guztien inplikazioa eta laguntza behar dugu, denok izan behar gara salbuespenezko espetxe politika amaitzeko bidearen parte, behin betikoz presoen eskubideak errespeta ditzaten eskatzeko, espetxea ere gure gizartearen zati bat baita. Denon artean, konponbidearen eta bakearen bidean, lortuko baitugu euskal presoen oinarrizko eskubideak betetzea, eta gaixo larriek bizi duten sufrikarioarekin amaitzea.