Select Page

Durango | Gita Vicario Setienen egoeraren harira:

Durango | Gita Vicario Setienen egoeraren harira:

Gaur Gita Vicario Setieni Leongo ospitalean ebakuntza egingo diotela jakin dugu Durangarrok. SAREtik gure kezka eta ardura adierazi nahi dugu Gitaren egoera dela eta.

Burgoseko espetxean preso zegoela, Leongo ospitalera eraman dute bypass koronario bat egiteko ebakuntza behar duelako. Preso durangarrak denbora luzea darama osasun arazoekin. 2020ko maiatzaz geroztik, bere gaitzarekin lotutako zenbait pasarte izan ditu. Azkena, igaro den azaroaren 3an. Kateterismo bat egin eta stent bat jarri zioten ospitalean, hedadura handiko iskemia larria diagnostikatu ondoren.

Horrez gain, preso durangarrak eskuineko begiko erdiko zainean daukan oklusio bat dela eta, bertako ikusmena ia galduta duela aipatzekoa da. Egoera itzulezina da.

Gitak 20 urte daramatza preso Frantziar eta Espainiako espetxeetan. Hala ere, 30 urte baino gehiago egin ditu Durangotik kanpo. Urte hauetan zehar hainbat aldiz eskatu du Euskal Herrira hurbiltzea, baina behin eta berriz ukatu diote eskera. Azkenekoz, Burgosko espetxearen iritziaren aurka, Euskal Herriratzeko eskaera ukatu zion Estatuko Espetxe Zuzendaritzako Idazkaritza Nagusiak. Bere osasun egoeraren larritasunaren ondorioz, hurrengo Tratamendu Batzordea aurreratzeko eskatu dio espetxeari, Euskal Herriratzea gauzatzeko asmotan.

64 urteko preso durangarrak espetxean 20 urte badaramatza ere, Frantzian egindako urteak ez dizkiote aintzat hartzen. Beraz, oraindik 22 urteko espetxealdia dauka aurretik.Kondena bikoitza betetzen dute delitu beragatik euskal presoek eta bada garaia horrekin bukatzeko.

Durangoko SAREtik espetxe-administrazioari eskatzen diogu berehalako irtenbide humanitarioak har ditzala, Gita espetxetik ateratzeko edo espetxeratze arindua egiteko.

Aldi berean, Durangarrei deia luzatu nahi diegu datorren ostegunean, azaroaren 18an arratsaldeko 19:30etan Andramariko elizpean egingo dugun kontzentraziora hurbiltzeko.