- Data bat: urtarrilaren 10a. Lelo bat: EZIN DA GEHIAGO LUZATU
Eta helburu bat: inori mesede egiten ez dion egoera bati amaiera ematea. Urtarrilaren 10ean, milaka euskal herritar kalera aterako gara berriro, askatasunik gabeko pertsonen eskubideak defendatzeko eta, batez ere, konponbidearen, bakearen eta bizikidetzaren alde egiteko.
Azken urtetan gertatu diren aurrerapenak garrantzitsuak izan dira, eta hala aitortzen ditugu. Uste dugu orain asko luzatu den eta sufrimendu handia eragin duen prozesuaren azken zatia bideratzea dagokigula. Azken txanpa!
Eta bidearen zati hau egiteko, urtarrilaren 10ean, euskal gizarteari dei egiten diogu, helburu partekatua izan behar duelako.
Arrazoi asko daude urtarrilaren 10ean orain arte lortutakoari balioa emateko eta salbuespenik gabeko espetxe-politika arrunta defendatzeko konpromisoa hartzeko. Salbuespen horiek oraindik ere indarrean daude legegintza, justizia eta espetxe-eremuetan. Egoera hau ezin da gehiago luzatu.
Eta euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen defentsaren aldarrikapen horrekin batera, indarkeria ezberdinak jasandako guztien eskubideak eta sentimenduak aitortu behar dira. Guztiek merezi dute beren mina aitortzea eta konpontzea.
Aurrera egiteko garaia da, eta lehenengo urratsetako bat legedia aplikatzea izan behar du, salbuespenik gabe. Preso edo erbestean jarraitzen dutenentzako irtenbide justu eta aurrerakoia. Eta hau berehala egin behar da, berandu gabiltzalako.
Ezin da gehiago luzatu. Konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren alde urtarrilaren 10ean hitzordu garrantzitsu bat daukagu Bilbon. Bertan elkar ikusiko dugulakoan, eskerrik asko eta animo guztiei!
Lortuko dugu! Preso, iheslari eta deportatuak etxera!
Kulturgileen adierazpena
EGOERA EZIN DA GEHIAGO LUZATU
Hotzaren latzetik salbu zuritutako teilatupeko supazter-txoko goxoan, amak semeari.
Euriak blaitutako ikastolako patioko putzuetan aurpegiak islaturik, umearen aitak irakasleari.
Ospitaleko pasabideetako epeltasun aseptikoan zeladoreak ohatilan daraman gaixoari.
Tximinietako kedarrak zikinduriko buzoaz jantzirik langileak nagusiari, edo beirateak eskaintzen dion ilunabarren zoragarriari bizkarra ematen dion nagusiak langileari, edo semeak amari, edo irakasleak umearen aitari, edo gaixoak zeladoareari esango diezaiokeen esaldia da… edo presoak familiari, edo familiak epaileari, edo epaileak gartzelazainari, edo denok denoi esan diezaiokegun esaldia da:
LUZAMENDUTAN IBILTZEAK KALTEA BESTERIK EZ DAKAR
Salbuespenezko neurrien luzamendutan
Salbuespenezko espetxe politiken luzamendutan
Salbuespenezko justiziaren luzamendutan ibiltzeak…
KALTEA BESTERIK EZ DAKAR.
Eskubideak urratzen dituelako
Konponbidea atzeratzen duelako
Bakearen ifrentzuan idazten jarraitzea delako
Elkarbizitzaren kaltetan delako
LUZAMENDUTAN IBILTZEAK KALTEA BESTERIK EZ DAKARRELAKO, EGOERA EZIN DA GEHIAGO LUZATU:
Minaren sorrera ezin da gehiago luzatu.
Zaurien sendaketa ezin da gehiago luzatu.
Enpatiaren garapena ezin da gehiago luzatu.
Jarreren hurbilketa ezin da gehiago luzatu.
Indarkerien ondorioak jasan dituztenen eskubideen errespetua eta aitortza ezin da gehiago luzatu.
Eta EUSKAL PRESO, ERBESTERATU ETA DEPORTATUEN EGOERA EZIN DA GEHIAGO LUZATU.
Datorren urtarrilaren 10ean Bilbon dugu zita.
Ezin da gehiago luzatu. Konponbidea, bakea, elkarbizitza.







