Urtero Martutenen egin ohi dugun mobilizazioa aurten Donostiako erdigunera ekarri dugu, gure aldarriak, hiri guztian zehar ikus daitezen
Urtearen amaierarekin batera iritsi zaizkigu gabonak, egun bereziak, lagun eta familia giroan urtean pasatakoak gogoratu eta jai giroan ospatzeko erabiltzen ditugunak. Gabonetan badira hala ere momentu tristeak, ondoan falta ditugunak gogoratzeko momentuak ere badira eta, biolentzia ezberdinen eraginez gure ondotik joanak, edo espetxean lau hormen artean edo erbestean daudenez gogoratzeko egunak.
Urtero Martutenen egin ohi dugun mobilizazioa aurten Donostiako erdigunera ekarri dugu, gure aldarriak, euskal preso iheslari eta deportatuen auziari aterabide integral bat eskatzen dugula hiri guztian zehar ikus dezaten. Etorkizunera begira jarriak gaude jada, eta espetxeetan euskal presorik egongo ez den etorkizuna da amesten duguna.
ETAk bere jarduera amaitutzat eman zuela 13 urtetara oraindik ere, 133 euskal preso daude espetxean, 19 euskal herritar inguru iheslari eta deportatu artean. 13 urte ondoren salbuespen legeek indarrean jarraitzen dute, estrategia antiterroristapean bideratutako legeak, orduan ere euskal presoak modu bidegabean zigortu bazituen ere, are ageriago ikusten da lege horiek egun suposatzen duten salbuespena.
Horregatik eragile sozial eta politikoen, sindikatuen, alderdien eta gizartearen ardura da oro har, etorkizunera begira jarri eta salbuespenekin amaitzea, sufrimenduarekin amaitzea, gatazkaren konponbideari aterabide integral bat eskaintzeko lanean aritzea. Hori guztiagatik elkartuko gara Urtarrilaren 11an Bilbon La Casillatik hasiko dugun manifestazioan, aterabide integral bat eskatzeko, euskal preso, iheslari eta deportatuek etxerako bidea urratu dezaten, biolentzia ezberdinen biktimek egia jakin dezaten, aitortuak izan daitezen. Finean, Euskal Herriak horrenbeste behar eta merezi duen etorkizunari, elkarbizitzari begira jarri gaitezen.
Behin betiko bakea, konponbidea, elkarbizitza. Euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera!