Lehenik eta behin, atzo Madrilgo Auzitegi Nazionalean 47 euskal herritarren aurkako makro epaiketaren inguruan egiten dugun irakurketa helarazi nahi dugu. Presoen eskubideen alde eta konponbidearen alde lan aktiboa egin duten, eta egiten duten, herritarrak zigortzeko mendekuzko ahalegin horren aurrean sentimendu eta iritzi kontrajarriak sortzen dizkigula esan beharra dugu. Alde batetik, epaiketa honek injustizia berri baten aurrean kokatzeko gintuelako eta iraganeko garaietan iltzatu nahi gaituzten horien mendeku gosea zegoelako; eta hori oso larria dela uste dugu. Injustizia zen hasieratik eta akordioa erdietsita ere injustizia baten aurrean gaudela argi eta garbi esan beharra dugu.

Bestetik, atzoko epaiketan lortutako akordioaren inguruan gure poztasuna ere adierazi nahi dugu. 47 euskal herritar gehiago, estatuek, egun, mantentzen duten salbuespenezko espetxe politikaren hatzaparretan ez egoteak ematen digun poza hain zuzen ere. Nahiz eta bi herritarrek 5 hilabetez espetxera joan beharko duten. Momentua da etorkizunari begira jartzeko eta konponbidean urratsak emateko.

Norabide horretan herritarroi mobilizatzen jarraitzea dagokigu; guztioi dagokigu euskal presoen eskubideen aldeko lanean jarraitzea eta urtetako sufrimendua atzean utziz konponbidean urratsak biderkatzea. Hori da Sareko kideoi ere dagokiguna, eta norabide horretan dator gaur hemen aurkeztu nahi dugun “Zubiak presoak etxeratzeko” ekimena.

Urriaren 5ean Iruñeko bi zubi esanguratsu lotuko dituen Giza Kate Herritar baterako deia egin nahi dugu. Ekimen honekin, presoak etxeratzeko ezberdinen arteko zubi-lanaren garrantzia azpimarratu nahi dugu, adierazi nahi baitugu nafar jendartea izan behar dela presoen etxeratzea gauzatzeko eta konponbidean urratsak biderkatzeko zubiak eraiki behar dituena: nik, zuk, guk… denok leku beretik bultzatu behar dugula!

Azken batean, herritarrok izan behar dugu presoak etxeratzeko zubi, konponbidearen zein elkarbizitzaren alde zubiak eraikitzeko prest gauden herritar aktibo. Presorik gabeko herri baketsu eta justuago batean amesten dugun herritarrak izan behar gara bide horretan aktibo. Kalean, instituzioetan, lantegietan, ikastetxetan… biderkatu egin behar ditugu aktibo horiek, bai gehiago izateko asmoz eta bai gure helburuetara azkarrago iristeko asmoz ere.

Hortaz, bi dei nafar jendarteari:

  • Batetik, urriaren 5ean, eguerdiko hamabietan, Iruñeko Oblatas eta Santa Engraziko zubiak lotuko dituen Giza Katean parte hartzera deitu nahi ditugu herritarrak.
  • Bestetik, deialdi honi oihartzuna emateko asmoz, herri eta auzoetan herritarrei aktibatzeko deia egin nahi diegu, presoak etxeratzeko eta konponbidean urratsak emateko zubi izan behar garela ikusarazteko.

Presoen korapiloa askatu egin behar dugu… Denon artean presoak etxeratu egin behar ditugu. Bide horretan, urriaren 5ean gure eskuak elkar lotuko ditugu, konponbidearen, elkarbizitzaren eta presorik gabeko herri baten alde!