Urriaren 24an, Donostiako Kontxa hondartzan egin genuen ekitaldian, urtarrilaren 9an berriro ere Euskal Herriko kaleetara aterako ginela iragarri genuen.

Oraingo pandemia-egoerak eta osasun-krisiaren ondorioz, ezin dugu aurreko urteetakoaren antzeko manifestazio bat egin, baina, azalduko dizuegun moduan, berriro aldarrikatuko dugu presoen eta erbesteratuen etxeratzea.

Eta Sarek konponbidearen, bizikidetzaren eta bakearen aldeko lanean parte aktiboa izateko hartua duen konpromisoa berretsiko du.

Urtarrilaren 9ko deialdiaren zehetasunak eman baino lehen, ezinbestekotzat jotzen dugu oraingo egoerari buruzko hausnarketa laburra egitea, eta mobilizazio honen garrantzia zuekin partekatzea.

Lehenik behin, gure kezka adierazi nahi dugu eta gure babesa eta konpromisoa helarazi nahi diegu presoen senideei, pandemiak presoei bisitak egiteko murrizketa, muga eta oztopo gehiago ekarri dituen une honetan. Egoera hori are txarragoa da euskal presoei aplikatzen zaien urruntze-politikaren ondorioz, dagoeneko existitzen ez den erakunde bateko kide izandako presoak diren arren.

Horrekin batera, ezinbestean aipatu behar ditugu motxiladun umeak, ia ehun gaur egun. Sei hilabete baino gehiago bete dituzte ama, aita edo biak besarkatzeko aukerarik gabe, gurasoak preso dituztelako.

Egia da, eta beste batzuetan ere esan dugu, aldaketa batzuk eman direla preso batzuen egoeran. Espetxe batzuetan isolatzea kendu dute. Baina beste askotan ez da lortu, eta hori lortzeko ari gara lanean.

Halaber, urrats batzuk eman dira gaixotasun larriak dituzten preso batzuei tratamendua modu duinagoan jasotzeko aukera eman zaiela. Baina, oraindik ere, gaixotasun larriak dituzten presoak espetxean daude, aspaldi etxean egon behar zutenean. Eta aldarrikapen horri eutsiko diogu.

Hurbiltze batzuk izan dira, baina presoen % 80 Andaluziako, Valentzia aldeko edo Galiziako espetxeetan daude. Beraz, bide luzea dugu egiteko, eta gu ez gaude prest normala ez dena normalizatzeko. Espetxe-politika euskal preso guztiak Euskal Herrian daudenean normalizatuko da. Bitartean, urratsak dira. Urrats txikiak. Ez dira Gobernuko presidenteak 2018an hartutako konpromisoan adierazitakoak. Baina gizartearen aktibazioari eta urteetan egindako lanari esker ematen ari diren urratsak dira. Horregatik uste dugu lanean jarraitu behar dugula urrats isolatu horiek errealitate bihurtu daitezen preso guztientzat.

Konponbide justu bakarra dago: presoei aplikatzen zaien salbuespeneko araubideari amaiera ematea eta estatuko kartzeletan gainerako presoei aplikatzen zaizkien lege arruntak aplikatzea.

Eta bereziki, gradu-progresioa aipatu nahi dugu. Kasuren batean aplikatu da; adibidez, duela gutxi, Olatz Lasagabaster eta Patxi Urangari aplikatu zaie; baina presoen % 80 lehenengo espetxe-graduan dago oraindik.

Ildo horretan, legeen babesik ez duen eta mina eta sufrimendua baino sortzen ez dituen egoera hau gainditzeak duen garrantzia nabarmendu nahi dugu. Guretzat gradu-progresioa gure dinamikaren barruko lanaren ardatz garrantzitsuenetako bat da, presoak etxeratzeko bidearen hasiera baita, espetxe-araudia huts-hutsean aplikatuta.

Saren lanean jarraituko dugu egoera hau aldatzeko aukera duten instantzietan bitartekaritza jorratzeko, baina gizartearen aktibazioarekin batera egingo dugu. Euskal gizartea da protagonismo berezia izan behar duena, estatuak eta gobernuak mugiarazi behar dituen motorra baita.

Aurreko guztia esanda, urtarrilaren 9an berriro mobilizatuko gara.

Ezin izango dugu egin Bilbon aurrekoetan bezala, hasieran azaldu ditugun arrazoiengatik.

Baina dei egiten diegu urtero deialdi honetan parte hartu duten pertsonei aurten ere parte har dezaten. Beste era batean, baina aurten ere.

Aurten, mobilizazioa Euskal Herriko herri guztietan egingo da. Bakoitza bere herrian mobilizatuko da. Aurreko urteetako ordu berean. 17:30ean. Osasun-segurtasunerako neurri guztiak errespetatuta. Leku zabaletan, non guztiok izango dugun aukera bakea, konponbidea eta bizikidetza aldarrikatzeko.

Horrez gainera, pandemiaren ondorioz, osasun-arazoak direla eta, mugikortasun-arazoak direla eta edo beste arrazoi batzuk direla eta, mobilizazioan zuzenean parte hartu ezin dutenei jakinarazi nahi diegu Sareak beharrezkoak diren mekanismoak prestatuko dituela guztiok aukera izan dezagun gure ekarpena egiteko eta bidearen parte izateko.

Urtarrilaren 9a. Gure agenda apuntatu behar dugun data bat.

Urtarrileko mobilizazioa hau betidanik izan delako data esanguratsua, garrantzitsua, mobilizazio berezia. Erakunde politiko edo sozial batek ere ez du lortu Sarek urterik urte bildu dituen milaka eta milaka pertsona biltzea.

Kopuru bera edo handiagoa lortuko dugu. Herririk herri. Eta espetxe-politikaren ondorioak jasaten ari direnak gogoratuko ditu bereziki. Gure seme-alabentzat etorkizun hobea, gorrototik, gatazkatik eta mendekutik aldendutako etorkizuna, bizikidetzan eta bakean oinarritutako etorkizuna eraiki nahi dugun guztion artean egingo dugu.

Ez da gauza bera izango, baina urtero bere babesa eta elkartasuna erakusten duen gehiengo batek partekatzen duen aldarrikapen hau kaltean egongo da berriro. Eta ez ditugu beteko soilik Bilboko kaleak, Euskal Herriko herri guztietako kaleak baizik.

Berriro elkartuko gara Bilbon, Biasterin, Oiartzunen, Burlatan, Agurainen, Legazpin edo Lekeition…, eta IZAN BIDEA dinamikaren barruan egingo dugu, “bidea gara” lelopean. Euskal presoen eta erbesteratuak etxeratzeko bidea. Bizikidetzarako eta bakerako bidea.

Eta bide hori bere helmugara iristea nahi badugu, elkarrekin batera egin behar dugu. Inor ez dago sobera, eskubideez ari garelako. Giza eskubideez ari garelako.

Egin dezagun bidea elkarrekin. Izan gaitezen bidea. IZAN BIDEA.