Mobilizazio hauek “oinarrizko aldarriak zabaldu” eta “salbuespeneko espetxe politika, behin betikoz” bertan behera geratzeko unea dela adierazteko bidea izango dira. Gaixo larrien etxeratzea, urrunketa politikaren amaiera, motxiladun haurren eskubideak aldarrikatuko dute eta euskal emakume presoek bizi duten egoera salatuko dute abenduaren 21, 27 eta 28an Gasteiz, Iruñea, Bilbo eta Donostian.

Gaurko agerraldi hau, abenduko bigarren hamabostaldian, gabonen testuinguruan, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako hiriburuetan antolatu ditugun mobilizazioen berri emateko deitu dugu, eta noski, herritarrei parte hartzeko deia luzatzeko.

Dakizuen moduan, datorren urtarrilaren 11n, Atera Bidera Orain Presoak lelopean, Bilboko kaleak salbuespeneko espetxe politika honekin amaitzeko ordua dela adierazten duten aldarrikapenez betetzeko asmoa dugu. Urtero egin ohi dugun moduan, urtarrileko manifestaziorako lanketaren baitan, Gabonak une garrantzitsutzat ditugu, sendiarekin eta lagunekin batzeko egunak izaten diren hauek, ehunka eta milaka kilometrotara dauden presoen hutsunea areagotzea baitakarte. Hutsune honi, gainera, ondorengo salbuespeneko errealitatea aintzat hartuta egin behar izango diete aurre 200dik gora euskal presoen senide eta lagunek:

Urrunketa politika, zeinaren ondorioz, oraindik ere 142 diren 600 eta 1.100 km. urrunduak daude presoak eta beste 42, 590-400 km artean. Ahaztu gabe 16 direla jada politika honen ondorioz istripuetan hil diren senideak.
Emakumeen kasuan, urrunketaz gain, bakartze egoerari ere aurre egin behar diote. Espainiar estatuan dauden 25 euskal emakume presoetatik, 12 bakartuta daude, kiderik gabe.

Horietatik bost euren seme-alabarekin daude espetxean. Lau Picassenten (Valentzian) eta bat, Beatriz Etxeberria, Aranjuezen haurrarekin bakartua.

Nabarmentzekoa ere Xuaren kasua. Xua bere ama Olatzekin dago espetxean, baina urtarrilaren 19an hiru urte beteko ditu eta, ondorioz, ama eta aitagandik bereizia izango da.

Xua moduan, beste 103 (guztira 104) motxiladun haur daude ama, aita edo biak espetxean dituztela igaro beharko dituztela beste behin ere gabonak.

Azkenik, ezin aipatu gabe utzi, larriki gaixo diren 21 presoak. 21 familia, bihotza uzkurtuta, ospakizunen erdian, gaixo eta urrun duten senidea ondo egongo ote den euren buruei galdezka.

Egoera honen aurrean, aurten, Gabonen testuinguruan, lau hiriburuetan mobilizazioak antolatzea erabaki dugu; motxiladun haurrek gurasoekin hazteko duten eskubidea aldarrikatu eta Xua ama eta aitarekin etxeratzeko eskatzeko, larriki gaixo diren presoak jasaten ari diren heriotza zigorra salatzeko; espetxean bakartuak diren emakume presoak batzeko deia egiteko, eta ezohikoa den espetxe politika honekin behin betikoz amaitu behar dela exijitzeko.

Aldarri hauek oinarri, espetxe politika aldatzeko beharra da mobilizazio hauetan islatu asmo duguna eta, horretarako, ezinbestekoa dela uste dugu azken urteetan lortu dugun aniztasuna eta jendarte zein instituzio mailako adostasunak bidera atera eta aktibatzea. Datozen urteetan espainiar estatuaren nondik norakoak zuzenduko dituen Gobernu berria osatze lanetan ari den honetan, behar beharrezkoa da euskal jendartearen gehiengoak babesten dituen aldarriak kalean, era aktiboan erakustea. Elkarbizitzarako eta bakerako hain beharrezko ditugun aldaketa hauek aintzat hartu eta gauza daitezen. Presoak, dagozkien urratsak emanaz, etxera bidea egin dezaten, atera gaitezen bidera!

MOBILIZAZIOAK: 

📆Abenduaren 21ean,

1️⃣Gasteizen · 11:30ean · Ruta Europa hoteletik (N-1, 341.km) – Zaballara
2️⃣Iruñean · 18:00 · Autobus geltoki zaharretik

📆Abenduaren 27an, Bilbon · 19:00 · Bizikidetza Plazan (Isozaki dorreak)

📆Abenduaren 28an, Donostian · 12:00 · bulebarretik #AteraBideraPresoakEtxera