Azaroaren 20an adingabeen eskubideen nazioarteko eguna da. Hori dela eta, gogorarazi nahi dugu Giza Eskubideen Europako Auzitegiak berresten duela guraso espetxeratuak dituzten haurrek gainerako seme-alabek dituzten eskubide berberak dituztela, gurasoen konpainiaz gozatzea funtsezko elementua baita familia-bizitzan, eta, horregatik, espetxe-agintariek presoei hurbileko familiarekin harremanetan egoteko erraztasunak ematea familia- bizitzarekiko errespeturako eskubidea bermatzeko funtsezkoa da. Gainera, ezin dugu ahaztu edozein Estatuk adingabeekiko duen betebeharra haien eskubideak babestea dela; horretarako beharrezkoak diren bitarteko praktiko eta eraginkorrak erabiliz, giza eskubideen izaera integrala kontuan hartuta.

Estatu Espainiarrean, ordea, errealitatea bestelakoa da. Motxiladun umeen eskubideak behin eta berriz urratuak izaten dira. Urrunketaren eraginez, gurasoak espetxean dituzten haurrek ez dute bermatuta gurasoekin harreman pertsonalak eta kontaktu zuzena izateko eskubidea, hilabetean behin ikusten baitituzte haien guraso presoak eta honek eragin izugarria du haurrarengan. Gainera aita, ama edo biak, hain urruti dagoen espetxean egoteak esan nahi du haur hauek bidai amaigabeak egin beharko dituztela bisita bat gauzatu ahal izateko eta horrek izugarrizko zama fisikoa eta psikikoa suposatzen du haientzat; haien lagunak asteburutan jolasten dauden bitartean beraiek errepidean daudelako.

Errealitate gordin honi gaur egun bizi dugun egoera gogorra gehitu behar zaio. Pandemia honek presoak gehiago isolatzea eragin du eta ondorioz, senideen sufrimendua areagotu egin da, bereziki adingabeena. Badaude martxoaz geroztik haien gurasoak besarkatzen ez dituzten haurrak, beste batzuk aldiren batean aita edo ama ikusteko aukera izan dute 9 hilabete luze hauetan baina oraintxe bertan aurrez aurreko guztiak etenda daude Estatu Espainiarrean; Frantsesean, aldiz, espetxe batzuetan pertsona bakarra sartu daiteke bisitara, beraz, haurrak ezin dira joan ezin daitezkeelako bakarrik sartu; beste batzuetan pertsona bat baino gehiago sartu daiteke baina ezin dute musukoa kendu eta haurrak haien gurasotik metro eta erdira egon beharko dira. Haien ahotsa entzun dezakete dei baten bitartez baina ezin dituzte ikusi, ezin dituzte ukitu, ezin dute haiekin jolastu eta ezin diete muxurik eman; guzti honek haur baten garapenean izan ditzakeen ondorio guztiekin. Motxiladun umeak umezurtz uzten ari diren neurri eta politikak aplikatzen ari dira, gurasorik gabe bizitzera kondenatzen ari baitira.

COVID19aren pandemiaren ondorioz Ametsek martxotik darama aita besarkatu gabe, Haizek eta beste askok bezalaxe. Hizek urte bat beteko du ostiralean eta 4 bider ikusi du aita jaio zenetik. Lukenek 4 urte ditu eta 3 alditan besterik ez da egon aurten aitarekin. Harri, otsailetik hona behin, ordu eta erdiz. Xuhar hiru alditan, Axel eta beste zenbait bezalaxe. Arhanek otsailetik hasita ez dio aitari muxurik ematen. Eta horrela jarraitu dezaket luzeegia den zerrenda batekin.

Gainera, ezin ditugu ahaztu espetxean bizi diren motxiladun umeak, haien egoera bereziki larria baita. Aranjuezeko espetxean daude Izadi eta Irati eta 9 hilabete daramate haien senideak eta gertukoak aurrez aurre ikusi gabe. 9 hilabete daramate kalera irten gabe, lehendik lortutako egokitzapenean atzera pausu bat suposatzen duelarik. Eta gogorrena dena, udaz geroztik ez dute haien aitatxo ikusi, ondoko moduluan dagoen arren.

Nola da posible hau gertatzea? Nor arduratuko da haur hauen osasun fisiko eta emozionalean egoera honek sortzen dituen ondorioez?

Egoera hau onartezina da, haurrek haien gurasoekin egoteko eskubidea dute. Lehen mailako eskubidea da hori, eta pandemia egoeraren kudeaketak eta hartzen diren neurriek ezin diote horri bizkar eman.
Gaur, hemen, jendarteari errealitate honen berri eman eta urgentziaz aldatzeko eskumena duten horiei zerbait egin dezatela eskatu nahi dugu. ORAIN!

Gehiago luzatu gabe, presoak beren jaioterritik gertu egon behar dute. Probintzia berdineko espetxeetan. Hori da orain urgentea.

Hori aldarrikatzeko, irudi bat ekarri nahi dugu gaurkoan. Patinete bat. Trenak, kotxeak edo eta hegazkinak ordezkatuko dituen patinetea. Motxiladun umeak haien aita, ama edo biak bixitazera joateko bidaia patinetez egiteko eskubidea dutelako. Hori izango delako etxetik gertu daudenaren seinale. Urte luzez eginiko kilometroak behingoz bukatuko direnaren seinale.Alde batera utzitako jolasak, partiduak, lagunarteko momentuak gozatu ahal izateko; garai berri bat badela beraiek ere sentitzeko.
Preso eta iheslarien auzia konpontzea jendarte osoarentzat da onuragarria. Zeini egiten dio mesede egoera hau luzatzeak?

Ezin dugu egoera gordin hau gehiago luzatu, adingabeen eskubideak errespetatu beharko dira eta urraketa krudel honekin lehenbailehen amaitzea premiazkoa da.

ETXEAN BEHAR DITUGU.