Larunbatean Euskal Jaurlaritzak, azken asteetan Covid-19aren eragina handiagotu izanagatik, hartutako neurri murriztaile berriak direla eta, Sare Herritarrak larunbat honetarako, hilak 24, Donostian deitua zuen manifestazio eta mosaiko jendetsua egoerara egokitzea erabaki du; kanpo ekitaldietarako ezarritako kopuruak errespetatuz, urriaren 24an 600 pertsona batuko dituen mosaiko sinbolikoa osatuko dugu Donostiako Kontxako hondartzan. Erabaki hau hartu izanaren arrazoi nagusiak bi dira:

• Arduraz jokatzea dagokigu. Azken asteetan Covid-19 kasuen igoera esanguratsua dela eta Gipuzkoan bertan egun dagoen egoeraren larritasunaz jabedun izanda, Sarek ere egoera horrekiko arduraz jokatu nahi du. Gure ekimen eta mobilizazioetan parte hartuko duten kideen segurtasun eta osasuna bermatzeaz gain, balizko foku baten aurrean honen rastreorako zailtasunak sor ditzaken egoera masifikatu bat ekidinez. Gainera, oraindik orain, Jaurlaritzatik proposatutako neurriak indarrean jarri ez diren arren, Sarek, eskaria jaso du, aipatu argumentuengatik, larunbateko manifestazioa bestelako egoera kontrolatuago eta seguruago batean egitekoa, milaka eta milaka lagun eremu beraren baitan batzeak ekar ditzaken zailtasunak ekiditeko bestelako bide batzuk planteatuz.

• Arduraz jokatzea dagokigu, baina baita espetxeetan bizi den egoerari dagokionean ere. Horregatik, mobilizazioarekin aurrera egitea dago hartutako erabakiaren oinarrian, berau era sinbolikoagoan eta murritzagoan egitera behartuak sentitu arren. Izan ere, aurreko astean ekimen honetara batzeko deia egin genuenean azaldu moduan, oraindik orain; maila politikoan, instituzionalean, sindikalean eta sozialean adostasunak lortu arren, ETA jada existitzen ez den arren, alde anitzetako biktimek ahanzturarik gabe elkarbizitzaren aldeko apustua egin arren eta bi estatuetako gobernuak ere espetxe politika aldatzearen aldeko borondatea agertu duten arren, salbuespeneko espetxe politikak indarrean darrai, bai presoei eta baita euren senideei zigorrak bikoiztuz. Honi, pandemia hau hasi zenetik hainbatetan adierazi dugun moduan, Covid-19ak ekarritako zailtasun eta oztopoen zerrenda luzea batzen zaio, espetxeetako egoera eta senideena nabarmen kaltetuz. Ezinbestekoa deritzogu beraz salbuespenezko espetxe politika amaitzearen aldarria, hala nola, behingoz konponbide oso eta erreala ematearen eskaria kalean, sarean, hedabideetan presente egotea, eta ez, pandemia honen atzean ezkutuan geratzea, egoera honetan gaiaren larritasuna baretu beharrean areagotu egin baita.

Hala, datorren larunbatean, Resolution! Etxera! aldarria presenten izango da Donostiako Kontxako hondartzan. Horretarako, eta egin nahi genuen manifestazio eta mosaiko erraldoia modu errepresentagarrienean ordezkatu asmoz, Hego Euskal Herriko herri eta auzo gehienetako herritarrekin osatutako 600 laguneko ordezkaritza batuko gara Donostian, moisakoko “Resolution” letrak marrazteko elkartuko ginen txoko guztietako milaka lagunen izenean. Hau modu ordenatu eta kontrolatuan egin ahal izateko, herri eta auzoetaraino iristen den gure sarea baliatuko dugu, deialdi zabala ekidinez. Guztioi dei egiten dizuegu ordea, egun horretan sareen bitartez egingo dugun jarraipenarekin bat egitera eta zuen mezu eta aldarriekin ekimena hauspotzera. Aurreko astean adierazi genuen moduan; duen urgentziagatik, emaniko urratsek eta adostasunek sortu duten aukera probestu behar dugulako eta jendarte gisa egoera hau behingoz konpondu eta elkarbizitzan eta bakean sakontzeko nahia dugulako, gure konpromiso eta jardunean jarraituko dugu, pandemia egoerarekiko arduraz, baina presoen, iheslarien eta senideen egoeraz ahaztu gabe.